Eleizalde Breñosa, Luis
Euskal idazle eta hizkuntzalari gipuzkoarra (Bergara, 1878 - Bilbo, 1923). Zientzi ikasketak egin zituen eta Bizkaiko Aldundiko irakaskuntza-ikuskaria izan zen. Sabino Aranaren jarraitzailea eta EAJko kidea izan zen. Aldizkari askotan kolaboratu zuen, «Iturrain», «Azkain» eta «Axe» izengoitiak erabiliz, eta Euzkadiko zuzendaria izan zen (1912). Oñatin izandako Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresuan parte hartu zuen (1918). Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat eta 1918az geroztik euskaltzain osoa izan zen. Razas, lengua y nación vascas, 1911; Morfología de la conjugación vasca sintéctica, 1913; Metodología para la restauración del euzkera, 1918 eta Euskal-zenbakistia eta Euskeraz irakurtzeko irakaspidea liburuak idatzi zituen. Bestalde, Landibar nobela gaztelaniaz, olerkiak (Uda Berriyaren Agertzean, 1894) eta euskarazko itzulpenak (Gurutze deunaren bidea; Halidon Murua) ere ondu zituen.