Lafitte Ithurralde, Piarres
Euskal idazle eta euskaltzale lapurtarra (Luhuso, 1901- Baiona, 1985). Beloke eta Baionan ikasi, apaiztu eta Filosofia eta Letretan lizentziatu zen (1928). Uztaritzeko apaizgaitegiko irakaslea izan zen eta hainbat aldizkaritako kolaboratzailea izateaz gain, emakumearen eskubideak aldarrikatu eta babesteko, Le Carillon aldizkaria sortu zuen. Aintzina hilabetekaria (1934) eta Herria astekaria (1944) ere sortu eta zuzendu zituen. Euskal nazionalismoarekin harreman estuak izan zituen Aitzolen eskutik. Baionako ohorezko kalonje izendatu zuten (1961). Euskaltzale sutsua eta idazle oparoa izan zen; aldizkarietako kazetari-lanez gain, ipuin, saiakera, antzerki eta poesiak idatzi zituen: Egiazko argia (1927), Julien Heguy Apheza (1930), Eskualdunen Loretegia (1545-1800) (1931), Les études basques à travers les siècles (1932), Ithurralden Kantuak (1932), Euskal Herriaren Alde (1933), Murthuts eta bertze (1945), Orratza komedia (1955), Mende huntako Euskaldun idazleen pentsabideak (1974), bere obra nagusia den Grammaire basque gramatika-liburua (1944). Iparraldeko Atlas Linguistikoa lantzen ari zela hil zen. Euskaltzain osoa egin zuten 1949an eta EHUko honoris causa doktore 1982an.