Enbeita, Balendin
(Muxika, 1906-86), Keparen semea. Bizkaiko Bertsolari-txapelketa irabazi zuen Mungian (1929), Getxon (1930) eta Bilbon (1958 eta 1959, Gerra Zibilaren ondoren egindako lehenengo bietan). Garaiko euskal aldizkarietan parte hartu zuen bere olerkiekin. Bertso-paper ugari idatzi zituen eta Jesu Kristoren bizitza kontatzen duen antzerki-obra musikal bat prestatu, zuzendu eta bertan parte hartu zuen. Gerra Zibilaren ondorengo bertsolaritzaren suspertzailea eta bertsolari-eskolen lehenengoetariko bultzatzailea izan zen; Euskal Herriko lehenengo eskola sortu zuen (1959).