Kanpion, Arturo
Idazle eta historialari nafarra (Iruñea, 1854 - Donostia, 1937). Bere obra ia guztia gaztelaniaz eman zuen, baina euskararekiko atxikimendu handia izan zuen beti. Nafarroaren historia izan zuen ikerkuntzen eta idatzien gai nagusia. Iruñean hainbat euskal aldizkari eta egunkari sortu zituen. Garrantzi handia eman zion euskara lantzeari eta hedatzeari, izan ere, Nafarroan euskara jasaten ari zen atzerakadak biziki kezkatzen zuen eta hala adierazi zuen bere lanetan. Nobelak (Blancos y Negros, 1898 eta La bella Easo, 1909), ipuin eta kontakizunak (Gastón de Belzunce, 1879; Pedro Mari, 1895; El último tamborilero de Erraondo, 1917; El rosario de las lavanderas, 1924) idatzi zituen. Ikertzaile joria izaki, historiako lan ugari idatzi zuen Euskal Herria eta euskararen alde: El genio de Nabarra (1884-88) eta Los orígenes del pueblo euskaldun. Iberos, keltas y baskos. Halaber, euskalki eta azpi-euskalki desberdinetan moldatutako Orreaga balada (1877); Ensayo acerca de las leyes fonéticas de la lengua vasca (1883) eta Gramática acerca de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara (1884) argitaratu zituen. Garbizalekeriaren kontrako artikuluak eta pieza ironikoak idatzi zituen. Politikoki eskuindarra zen; Iruñeko zinegotzia (1881), Nafarroan Espainiako Gorteetarako diputatua (1893) eta Bizkaian senadorea izan zen. Euskaltzaindiko fundatzaileetakoa eta euskaltzain osoa izan zen (1918-37).