Bilintx
(j.i. Indalezio Bizkarrondo Ureña)
Bertsolari eta euskal idazle gipuzkoarra (Donostia, 1831-76). Bigarren Karlistadan, liberalen Donostiako batailoietako batekin joan zen boluntario. Donostian bere gelan zegoela karlistek jaurtikitako granada batek harrapatu eta hankak xehakatu zizkion; zauri haietatik hil zen. XIX. m.aren erdialdean Donostian, euskal literaturaren inguruan sortutako mugimenduko olerkari garrantzitsuenetakoa izan zen. Barne-sentimenduak ondo azaltzen jakin zuen; amodiozko poesia erromantiko eta ezkorra landu zuen, batik bat. Herri-poesiako oinarri sendoak zituen eta umorea eta ironia nahasten zituen. Olerkirik ezagunenak: Juana Bixenta Olabe; Ja-Jai; Loriak; Maita nazazu arren; Kontzezirentzat; Juramentuba.