Azkue Barrundia, Eusebio Maria Dolores
Euskal idazle bizkaitarra (Lekeitio, 1813-73). Bilboko frantziskotarretan bere idazlanen iturri izango ziren erdal idazle klasikoak ezagutu ahal izan zituen. Lehen Karlistadan karlisten alde borrokatu zen eta gerraostean Ferrolera joan zen nautika ikastera. Urtetan itsasoan ibili eta gero nautika-irakaslea izan zen Bermeo, Mundaka eta Lekeition. Haren obra, bere seme Resurreccion Maria Azkuek argitaratu zuen Parnasorako bidea liburuan (1896). Semearen sailkapenaren arabera, mota guztietako olerkien bilduma da: ipuinak, kondairak, barregarriak, pozgarriak, benetakoak, etab. Poesia narratiboa landu zuen; gauzak errealismoz isladatzen zituen. Euskal ohiturak eta herri-tradizioa izan ziren bere olerki eta bertsoetako gaiak.