Iparragirre Balerdi, Jose Maria
Olerkari eta konpositore gipuzkoarra (Urretxu, 1820 - Ezkio-Itsaso, 1881). Txikitan aitak Zerainera bidali zuen, osabarekin erdara eta gramatika ikastera; ondoren Madrilera joan zen eta San Isidro del Real jesuiten ikastetxean sartu zuten (1833). Lehen Karlistada piztu zenean karlisten alde parte hartu zuen foruak defendatzearren. Bergarako hitzarmena sinatu zenean, ez zuen onetsi eta atzerriratu egin zen (1839). Frantzian finkatu zen eta 1848ko iraultzan parte hartu zuen; Napoleon III.ak Frantziatik egotzi egin zuen subertsibo izatea leporatuta. Bere gitarra besapean harturik Suitza, Italia eta Alemanian barrena ibili ondoren, Florentziako antzerki-talde batekin elkartu eta Londresera jo zuen (1851). Indultu bati esker Euskal Herrira itzultzeko baimena lortu zuen 1853an eta herriz herri ibili zen kantuan. Orduan konposatu zuen Gernikako Arbola kanta famatua. Abesti honek foruen alde zeuden karlista, liberal eta nazionalistak batu zituen; hori arriskutsutzat hartu zuten agintariek eta Euskal Herritik egotzi egin zuten (1855). Ameriketara joan eta Buenos Airesen finkatu zen; ezkondu eta urte batzuk eman zituen bertan. Euskal foruak galdu zirenean (1876) Argentinan zen Iparragirre; Uruguaira joan eta handik Euskal Herrira itzuli zen. Madrilgo Teatro Real delakoan omenaldi beroa eskaini zioten 1879an. Euskal Herri osoarentzat sinbolo bilakatu zen; Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako aldundien eta Nafarroako zenbait euskaltzaleren dirulaguntzari esker bizi izan zen azken urteetan. Euskal Herrian eta bere bizitzaren gorabeheretan oinarritutako hainbat eta hainbat kanta konposatu zuen: Ume eder bat; Zibillak esan naute; Agur Euskalerri-ari; Gitarra zartxo bat da; Nere Maitearentzat; Biba Euskera; Ara, nun diran; etab.