literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Harluxet hiztegi entziklopedikoa»

Harluxet, 1995

 

Larramendi, aita Manuel
(j.i. Manuel Garagorri Larramendi)

 

Euskal idazle, suspertzaile eta apologista gipuzkoarra (Andoain, 1690 - Loiolako jesuiten komentua, 1766). Hamazazpi urterekin jesuitetan sartu zen. Filosofia Medina del Campon eta teologia Salamancako Unibertsitatean ikasi zituen. Sermolari trebea eta entzute handiko hizlaria izanik, itzal handia lortu zuen. Baionan Maria Ana Neuburg alargunaren aitor-entzulea izan ondoren (1730-33), Loiolako komentura bildu zen (1734). Loiolan egindako urte haietan euskarari buruzko lanak idazteaz gain, Gipuzkoa osoan zehar sermolari ibili zen. Jenioz bizia eta alaia, borrokatzaile eta zirikatzaile abila zen eta euskararen etsaiak isilarazi nahi zituztenen hitzarekin jolas egitea atsegin zuen. Kultura handi eta zabalekoa zela erakutsi zuen euskararen eta euskaldunen jatorriari buruz edo euskal foruen defentsan eskainitako liburuetan. Jesuitetan halako giro literarioaren suspertzailea izan zen. Jakintsu eta zorrotza, hainbat euskaldun kultu euskara defendatzera eta euskaraz idaztera bultzatu zituen. Jarraitzaile ugari izan zituen: Kardaberaz, Mendiburu, Ubillos, Lizarraga Elkanokoa, etab. Euskal apologista gartsua izan zen, baina oso gutxi idatzi zuen euskaraz: Mendibururen Jesusen Biotzaren Devocioa liburuaren hitzaurrea, eskutitzak eta berak erdaraz idatzitakoetan barreiaturiko euskarazko olerki eta hainbat pasarte. Lan politikoak ere prestatu zituen: De la antigüedad y universalidad del Bascuence en España, 1728; Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria, 1736; Sobre los Fueros de Guipúzcoa eta oso ezaguna den Corografía o descripción general de la muy noble y muy leal Provincia de Guipúzcoa (~1756). Euskarari buruzko lanetan, lehen euskal gramatikatzat hartu izan den El Imposible vencido (»Ezina egina» izenez ezaguna, 1729an Salamancan argitaratua) eta Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín (1745) dira lan aipagarrienak. Azken honetan berak asmaturiko hitz eta neologismo ugari dago.

 

Bilaketa