Etxeita Luzarraga, Jose Manuel
Euskal idazle eta nabigatzaile bizkaitarra (Mundaka, 1842-1915). Itsas armadan zebilela, erantzukizun handiko karguak hartu zituen bere gain; besteak beste Filipinetako administrazio-kontseilari, Merkataritza Ganbarako lehendakari eta Manilako alkate izan zen. Mundakara itzuli eta itsas astronomia, musika eta euskara lantzeari gogotsu ekin zion. Mari-Jesus ta Iru artzañak ipuina (1908); Josecho (1909), Jayoterri maitia (1910) eta Oroitzapenak nobelak; Ziñistuten dot Jaungoikoa'gan itzulpena (1914); Urikoa (1914) komedia eta Itsasoa (1912) eta Au, ori ta bestia (1914) olerkiak idatzi zituen. Euskal aldizkarietako kolaboratzaile izan zen. Astarloa, Kanpion, Azkue, Arana Goiri eta beste hainbat euskaltzaleren ikerketa linguistikoak ezagutzen zituen; batasun ortografikorik ezaren arazoa saihesteko sistema eklektiko bat erabili zuen, oro har herriko bizkaiera erabili bazuen ere.