Casenave-Harigile, Junes
Pastoralgile eta idazle zuberotarra (Santa-Grazi, 1924). Hizkuntza klasikoko irakasle, Donapaleuko Etxekopar eskolako buru, maisuen heziketa iraunkorreko arduradun eta pedagogi aholkularia izan da. Santa Grazi (1976), Ibañeta (1978), Pette basabürü (1982), Maitena Basabürü (1982), Zumalakarregi (1989), Santa Kruz (1992), Agota (1992) eta San Mixel Garikoitz, 1994 pastoralak egin eta zuzendu ditu. Bestelako lanak ere egin ditu (Egün oroetako irakurgeiak, 1986, Bibliako testuen itzulpena; Ximun Gimon-Zetegiet, 1991, hagiografia; Amikuze, 1983, saiakera; Altzaiko Herensügea, ipuina; Euskara-Frantsesa eta Frantsesa-Euskara hiztegiak). Euskaltzaindiaren Toribio Alzaga antzerti saria irabazi zuen 1980an eta 1992an. Euskaltzain urgazlea da 1982az geroztik.