Lizardi, Xabier
(j.i. Jose Maria Agirre)
Euskal idazle gipuzkoarra (Zarautz, 1896 - Tolosa, 1933). Hamabi urterekin Tolosan finkatu zen familiarekin. Zuzenbide-ikasketak egin zituen Madrilen eta han hasi zen atzendua zeukan euskara ikasten. Ikasketak amaitu eta lantegi batean hasi zen gerente-lanetan. Primo de Riveraren diktadura-aldian sorturiko Euskaltzaleak elkarteko kide eta bultzatzaile izan zen. Urtez urte landuriko poemekin bilduma osatu eta Biotz-begietan (1932) argitaratu zuen, euskal lirikaren gailurra izango zen liburua. Euskara landu, kultu eta praktikoa zuen helburu; poesia diskurtsibotik poesia metaforiko eta sinbolikora pasatzean, hizkuntza poetikoa itxuratu zuen lehen euskal poeta izan zen. Natura, bizitza eta heriotza zituen gai nagusi. Hogeita hamasei urte zituela hil zen, eta ondotik Umezurtz olerkiak (1934) olerki-bildumak, Ezkondu ezin zitekeen mutila antzerkia eta Izar eta laino saiakera argitaratu ziren. Bere prosaren originaltasuna ere azpimarratzekoa da: trinkoa baina, poemak baino ulerterrazagoa da, ironia finez jantzia. Idatzitako artikuluetan, ehundik gora, euskal kazetaritza moderno eta sakon baten eredua utzi zuen.