Erdozainzi-Etxart, Manex
(j.i. Arnaud)
Euskal idazle baxenabartarra (Ibarla, 1934 - Okzitaniako Tolosa, 1984). Filosofia eta teologiako ikasketak egin zituen, baina pixkanaka psikologia sozialean espezializatu zen. Akitaniako frantziskotarren nagusia (1978) eta Tolosako komentuko nagusia izan zen. «Fededunak» kristau-elkartekoa zelarik, kristautasuna eta Euskal Herriaganako konpromezua eta zerbitzua elkartzen saiatu zen biziki. Herriz Herri astekariaren sortzaileetakoa eta zuzendaria izan zen. Hinki-hanka olerki-liburua (1978) eta Gauaren atzekaldean (1982) nobela idatzi zituen. Bere poemetako batzuk biltzen dituen Herri honen erraietan/Bizitza pilpirak/Nafarroari poema irekia poesi bilduma argitaratu zen 1994an. Euskaltzain urgazlea izan zen.