Ugalde Orradre, Martin
Euskal idazle, kazetari eta euskaltzale gipuzkoarra (Andoain, 1921). Gerra Zibila zela eta, Ipar Euskal Herrira jo behar izan zuen. 1940an Alemaniak Frantzia inbaditu zuelarik, Andoainera itzuli zen. 1947an Venezuelara joan zen. Caracasen Euzko Gaztediren sortzaile eta lehendakaria, EAJko erbesteko batzordeko lehendakaria, Eusko Gaztedi eta Euzkadi aldizkarietako zuzendaria eta, 1954tik aurrera, petrolio-konpainia bateko aldizkariko zuzendaria izan zen; 1969an Euskal Herrira itzuli zen. EAJren Alderdi aldizkari klandestinoaren zuzendari eta erbesteko Euzko Jaurlaritzako kontseilari hautatu zuten (1971). Espainiako poliziak deportatu egin zuen eta Donibane-Lohizunen finkatu zen (1973-76). Hego Euskal Herrira itzulita, Deia egunkariko euskarazko taldearen erredaktoreburu (1978) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko Euskarazko Arazoetarako zuzendari jardun zuen (1982-85). Euskaldunon Egunkariako sortzaileetakoa eta administrazio-kontseiluko lehendakaria da 1990az geroztik. Kazetari-lanez gain liburuak ere idatzi ditu euskaraz zein gaztelaniaz; ipuinak idazten hasi zen (Un real de sueño sobre un andamio, 1955; Iltzailleak, 1961); baina gerora, nobelak (Las brujas de Sorjín, 1975; Pedrotxo, 1993), saiakerak (Unamuno y el vascuence, 1966), antzerkiak (Ama gaxo dago, 1964) eta bestelako obrak ere egin ditu (Historia de Euskadi, 1981; Lezo Urreiztieta biografia, 1989). 1993az geroztik euskaltzain ohorezkoa da.