literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

GEXAN ALFARO «LANTZIRI» (1941- )

Iparraldeko haur literaturaren ordezkaria

 

        Gexan Alfaro, haurrentzako literaturan Iparraldeko idazlerik nabarmenenetakoa, Nafarroa Behereko Urepelen jaioa da 1941eko uztailaren 21ean. Hamar urte euki arte frantses eskola estatalean ikasi zuen «neure hizkuntzaren kontrako zapalkuntza jasanez», berak dioenez. Urte batzuk geroago Hazparneko Seminarioan sartu zen, eta gero Ustaritz, Auch, Akize eta Baionakoetan ere egon zen. Hamabost urte teologia ikasketak egiten eman eta gero 1967an Seminarioa utzi eta lanean hasi zen.

        Eraikuntzarako enpresa batean sei hilabete egin zituen, eta beste sei transporte konpainia batean. Gero, behin-behineko lan hauek utzi eta kazetaritzan hasi zen. Bayonne Eclair egunkarian kolaboratu zuen bost urtetan, harik eta egunkaria itxi arte. Orduan Echo du Sud-Ouest-en hasi zen eta beste urte bi egin zituen bertan. 1975ean Iparraldeko beste euskalzale batzuekin batera Zabal liburudenda zabaldu zuen Baionan, eta gaur egun ere bertan ari da lanean. Kazetaritzarako duen zaletasunak eraginda, euskal aldizkari askotan parte hartu du: Herria, Zeruko Argia, Anaitasuna, Zabal, Ateka,...

        Bestalde, Lantziri, Seaska Iparraldeko ikastolen elkartea sortzeko eragileetariko bat izan zen. Sorrera orduan, eraketa, zabalkunde eta gainontzeko arlo askotan lan egin du, hagatik elkarteko presidente izendatu dute oraintsu. Haurrentzako literatura zaletasuna Seaskarekin duen hartu-emanetik etorriko zaio ziur asko.

        Elkarren sorreran parte hartu zuen Baionan hasierako garaian, eta haurrentzat egin dituen lan guztiak argitaletxe horretan atera ditu. Seaska osatzen duten ikastoletako irakasle eta zuzendariak behin eta berriro egiten zuten kexu bera, mugaz hemendiko aldean idatzitako liburuak ulergaitzak zirela euren ikasleentzat. Orduan Gexan Alfarok haurrentzako sorta bat sortzea erabaki zuen, bertako hizkuntza berezitasunak gordez baina euskara batuaren oinarrizko arauak beteaz. Erabaki honen emaitza Elkar argitaletxeak argitaratutako «Alfer» sortako hamabost liburuak dira. Gexan Alfarok idatzi eta J.B. Iribarnek irudiak egin, hona hemen sortako liburu guztien zerrenda:

                —Kapitan Piloturen airontzian.

                —Kapitan Pilotu, ttikittin eta gorritto.

                —Txintxinboi eta txantxanbai.

                —Xoxolo, Moxolo eta Txotxolo.

                —Manuel artzainaren zazpi ardiak.

                —Mirua eta xitoak.

                —Patxin eta Patxo.

                —Hiru txerrikumeak.

                —Ez, ez nuklearrik ez.!

                —Goiburu eta Kapitan Pilotu.

                —Otsoño eta Xuriko.

                —Eusko artzaina.

                —Oxpin eta Lapatin.

                —Piarres baratzezaina eta bi amerikanoak I.

                —Piarres baratzezaina eta bi amerikanoak II.

        Ipuin errazak dira, 16-20 orrialdekoak, eta gehienetan protagonista Kapitan Pilotu da, haurrak, animaliak eta natura maite dituen itsasgizon zaharra. Idazleak kapitainaren untzia erabili du Kapitan Pilotu bizi den herriko haurrak —eta bide batez haur irakurleak— urruneko lur eta planetetara eramateko. Han abentura kilikagarriak izango dituzte. Beste batzuetan Kapitan Pilotuk ipuin itxuran arazo politikoak eta gizartekoak salatuko ditu. Adibidez: «Alfer» saileko 9. liburua Ez ez!! Nuklearrik ez!! indar nuklearraren aurka eta eguzki indarraren aldeko agiri bat da.

 

Bilaketa