AGUSTIN PASCUAL ITURRIAGA (1778-1851)
Alegilari eta pedagogoa
Hernaniar ospetsu hau 1778ko urtarrilaren 31n jaio zen, eta otsailaren 1ean bateatu zuten Agustin Ignacio Maria izenak jarriaz. Andres Pascual eta Maria Antonia Ugalderen semea, Pascual lehenengo deitura zuen, gerora Iturriaga hirugarren deituraz ezagun egin bazen ere. Familia errioxar jatorrikoa zen, antza.
Andoaineko Seminarioan eta Oñatiko Unibertsitatean ikasi ondoren (Iruñekoan ere beharbada, Juan San Martinek Literaturaren inguruan liburuko 166. orrialdean dioenez) abade egin eta bere jaioterrira bialdu zuten.
Baina gazte-gaztetatik erakutsi zuen irakaskuntzarako zaletasuna, eta horrek eraginda, 1817an Gipuzkoako Batzar Nagusiei Hernanin ikastetxe bat zabaltzeko baimena eskatu zien. Hurrengo urtean, Cayetano bere anaia eta Manuel Larrarte musikaria lagun hartuta, Hernaniko Ikastetxea sortu zuen. Bete-betean eta gogo handiz ekin zion heziketa lanari bere garaiko beste ikastetxeetan baino sistema aurrerakoiagoa eta jokabide zabalagoa erabiliz. Urte gutxitan entzute handia irabazi zuen ikastetxeak, eta bai Gipuzkoa bai Nafarroako herri askotatik ikasle ugari hurreratu zen bertara. Irakasleen lanaz aparte, irakaskuntza eredua zen eskolaren ezaugarririk garrantzitsuena, orduan ohizkoak ziren zigorrak eta ikasleak jo edo min emateko ohitura guztiz baztertu zituelako. Beraz, erratzeko beldurrik gabe esan daiteke, Iturriaga euskal pedagogiaren arloan aintzindari dugula.
Pascual Iturriaga gizon ikasia zen, baita goragoko mailetako katedrak bete ahal izateko bestean ere, baina berak nahiago izan zuen hain maite zuen bere jaioterrian aritu eta gazteen heziketaz arduratzea.
Pedagogia arloan egin zituen hasierako pausoetan Iturriaga ez zen euskaraz asko arduratu. Horretan Iztueta folklorezalearekin izan zituen harremanek, karta truke ugari bitarteko, eragin handia egin zioten. Iztuetaren aholkuak alde batetik, eta berak eguneroko lanean ikusitakoak bestetik, argi erakutsi zioten euskal hizkuntza noraino zegoen baztertuta irakaskuntza osoan. Garai hartako maisu eta irakasle guztiek, jatorriz euskaldunak ziren haurrak gazteleraz alfabetatzeko egiten zuten ahalegin guztia. Baina Iturriagak berak euskara galduta zeukan hutsune horretaz konturatu zenean, Iztuetari euskaraz idatzi zizkion lehenengo eskutitzak hizkuntz ariketa izan ziren Iturriagarentzat beste ezer baino gehiago, galdutako erraztasun eta jarioa berriro eskuratu nahian.
Juan San Martinek dioenez [1], 1838 inguruan Lapurdira joan aurretik, Iturriagak bazekien alfabetatugabea zena eta euskaraz erraztasun gutxi zeukana, eta berreskuratzeko prest ageri zen:
«Nola guc ez degun icasi eusquera gueren gaste demboran, icasi izan genezaquean [...] lan andiari narraizquio, esagutsen det ceren itz bacoitcian diccionarioa escuan artu bear, baña uste det irtengo naicela nolarebait sasitic, eta bear bada gure ondorenguac, gure lana bitarte, euscaldun edo [...] ateraco dira. Ala guertatuco dalaco esperanzarequin [...] errastuco da, eta oraindic postuco naiz. Ona nere saria, eta ez det besteric nai».
Hau eta honen antzeko burutazioak izango zituen gogoan Iturriagak bere lanak egiterakoan: Jolasak eta Arte de aprender á hablar la lengua castellana.
Baina ez litzateke zuzena izango esatea Iturriagaren pentsakera eta ideiak ezerezetik sortuak zirela eta bera zela irakaskuntzaz arduratu zen bakarra. Izan ere, bazen beste maisu bat, Luis Astigarraga, Iturriagak Arte de aprender á hablar la lengua castellana idatzi baino 16 urte lehenago Diccionario manual bascongado y castellano y elementos de gramática idatzi eta 1825ean Tolosan argitaratuta zeukana. Hiztegi horren hitzaurrean aipatzen da ona litzatekeela umeei erderaren gramatikarekin batera euskararena ere irakastea. Baina hitzaurre horretan bertan beste zati esanguratsu bat ere badago:
«Hizkuntza bietan landuta dauzkadan alegi, eskutitz eredu eta autuak ere argitaratu daitezke, euskaldunei oso lagungarri izango zaizkienak gaztelera, latin eta beste ezein hizkuntza arrotz ikasteko, denak daudelako gramatika orokorraren arau finkoei lotuta».
Hala ere, lanok ez ziren inoiz argitaratu.
Jolasak liburuaren hitzaurrean Iturriagak ideia bera erabiliko du:
«Harritzekoa da guztiz erromantzea gure Gobernuaren hizkuntza izanik, eta, euskaldun batzurentzat beharrezko eta derrigorrezko, beste batzurentzat erabilgarri eta beste batzurentzat lagungarri izateagatik, oinarrizko heziketarako maisuek euren ikasleei irakasteko ardura izanik, irakaskuntza errezteko bitartekook jarri ez izana. Ordea, bitartekook guztiz beharrezkoak dira erromantzearen izatea erromantzearen guztiz ezberdina delako. Horregatik, beharrizan honi erantzun nahian liburutxo bi egin dira: Arte de aprender a hablar la lengua castellana, para uso de las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa eta bestea Diálogos Basco-Castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa. Lehenengoa esaldiz osatutako gramatika bat da, zazpirehun bat esaldi dituena, eta bigarrena euskara-gaztelerazko elkarrizketa atsegin eta didaktikoen bilduma. Egunero irakurriaz gazteek laster ikasiko dituzte buruz, eta halan gazteleraz hitz egiteko gai izango dira euren buruak barregarri jarri gabe eta hizkuntza bietako joskera bereiztuz».
Gaur egun egiten denaren kontra, Iturriagak haur euskaldunek gaztelera ikas zezaten egin zituen liburutxo biok. Ez dugu ahaztu behar XIX. mendearen erdialdean Hernaniko biztanle gehienak euskaldunak zirela, eta beraz, arazorik handiena gazteleraz hitz egiten eta idazten irakastea zela. Baina Iturriagaren liburuek beste helburu bat ere betetzen zuten, bestea bezain garrantzitsua, gehiago ez bada: liburuok erabiliko zituzten haurrak euren ama hizkuntzan alfabetatzea.
Iturriagak ez zituen oso gogoko euskararen apologia egin izan zutenak, Garibai, Larramendi, Poza, esaterako. Haren ustez, idazleok euskararen aldeko berba handiak eta esaldi dotoreak esan baino ez zuten egin, euskara salbatzeko benetan baliagarri zen ezer egin barik. Berak nahiago zuen hitzak alde batera utzi eta beste zerbaiti ekin, hain ikusgarria ez bazen ere garrantzitsuagoa zen zerbaiti, haur euskaldunentzat testuak sortzeari, esate baterako.
Berak ez zuen bere burua pedagogiari buruzko jakituntzat hartzen, baina hala eta guztiz ere, 1830ean industria, merkataritza eta euskararen aldeko talde bateko kide gisa Gipuzkoako Batzar Nagusiei [2] Arrasaten aurkeztu zien txostena, euskara oinarrizko heziketa mailetan sartzeko XIX. mende osoan egin zen ahaleginik handiena izan zela esan daiteke.
Txosten horretan esaten du hitzak eta borondate ona erakusteak ez dutela ezertarako balio hizkuntza apurka-apurka hiltzen doan bitartean. Horrekin batera salatu egiten du oinarrizko heziketako eskoletan haurrek ez dutela ezer ikasten behin eta berriro jasaten dituzten zigorren beldurrez daudelako aipatu egiten du hitzen bat euskaraz esaten zuten haurrak lotsarazteko zigor gisa jartzen zieten eraztuna. Iturriaga, jokabide horiek baztertu, eta, ikasleen errespetua eta askatasuna oinarritzat izango zituen irakaskuntzaren aldeko agertu zen. Bide honetatik, jakina, gorputz zigorrak behin betiko baztertu beharrekoak ziren. Hizkuntzari buruzko irizpideei dagokienez, gaztelerari bidea eman behar zitzaiolako ustea zuen, eta euskararen bitartez eskola guztietan irakatsi. Hau da, hizkuntza biek elkarrekin bizi ahal eta behar zuten, gaurkoen esanetan, bilinguismo egoerarik onenean.
Gauzak diren bezala ikusteko jarrera honekin lotuta, berezko euskara arrunt eta errazaren alde ageri zen, jente arruntak erabiltzen duenaren antzekoaren aldeko.
1830ean Arrasateko kongresuan azaldu zituen gaiak ziren Iturriagaren pedagogiaren ardatzak. Urte batzuk geroago Jolasak eta Arte de aprender a hablar la lengua castellana idaztean ardatz horiek zabaldu egin zituen, lehenengoan bizitzako gauza guztien zergatia ikasteko, eta bigarrenean hitz egiten ikasteko.
Orain arte esandakoagatik Iturriaga euskarari buruzko lehenengo pedagogotzat jo daiteke. Bere bizitzako zatirik handiena irakaskuntzari eman zion, eta euskara oinarrizko heziketan sartzeko ordura arte beste inork hartu ez zuen ardura hartu zuen berak.
Bera hil aurretik argitaratu ziren haren haurrentzako hiru lanak, gerora hainbeste aldiz berrargitaratu direnak.
1841: Hernanin argitaratu zuen Arte de aprender a hablar la lengua castellana para el uso de las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa (85 or.).
1842: Hernanin argitaratu zuen Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa, hizkuntza biak zutabe banatan jarrita (85 or.).
1842: Fábulas y otras composiciones en verso bascongado, dialecto guipuzcoano, con un diccionario basco-castellano de las voces que son diferentes en los diversos dialectos (199 or.).
[1] Juan San Martin, «Agustin Pascual Iturriaga, euskararen eraikitzailea», Literaturaren Inguruan, Hordago, Donostia, 1980, 165-185, orr.
[2] Memoria relativa a la conservación de la lengua vasca, Arrasaten Gipuzkoako Batzar Nagusiei 1830ean aurkeztutakoa, izengoitia erabiliz.