literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

JOXAN ORMAZABAL (1948- )

Haur literatura lanbidetzat

 

        Joxan Ormazabal Berasategi haurrentzako idazle ezaguna Zegaman jaio zen 1948ko uztailaren 21ean. Hamabi urte baino ez zituela Saturrarango Seminarioan sartu zuten eta geroago Donostiakoan egon zen. Filosofiako bigarren maila amaitzean «mundura» itzuli zen, berak ironiaz esan digunez.

        Seminarioko ikasketak konbalidatu ondoren Irakasle Eskolan hasi zen geroko lanbidearekin hain lotuta zeuden ikasketak egiten.

        Soldadutza amaitu orduan, 23 urte zituela, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan hasi zen lanean, eta han parte hartu zuen Saioka metodoaren hizkuntza arloko 2, 3, eta 4garren mailetarako liburuak prestatzen. Orduan hain zuzen ere, irakasletzako lehenengo urteetan, hasi zen haur ipuinak idazten, eskoletarako material osagarri moduan egiten baitzuen. Garai honetakoak dira zenbait abesti ere, Joxan Ormazabalek letra egin eta Imanol Urbietak musika jarri zieten dozena bat abesti: Astoa ikusi nuen, Txori nintzela, Tximeleta mendian, etab.

        Bost urte egin zituen Zarauzko ikastolan bigarren mailako haurrekin lanean. Handik Beasaingo ikastolara joan zen, eta beste bost urte eman zituen 5, 7 eta 8. mailetako irakasle.

        Geroago Donostiako Elkar argitaletxeak kontratatu zuen haurrentzako liburuez arduratzeko hauei dagozkien arlo guztietan: egitasmoak, sormena, itzulpena, egokitzapena, zuzenketak, aholkularitza, egile eta editoreekin harremanak, etab. Gaur egun lan horretan dihardu Iñaki Zubeldia, Imanol Tapia eta Elkarreko taldearen laguntzaz, haurrentzat interesgarri izan daitekeen edozeri heltzeko prest beti. Joxan Ormazabal eta haren laguntzaileek liburu sorta eta bilduma asko sortu eta zuzendu dituzte, baina denak aipatzea ezinezkoa dugunez batzuk gogoratuko ditugu: «Itzul», gazteentzako munduko narratiban klasikoak diren berrogeita hamar itzulpenetik gora dituen bilduma; «Sor», bertako idazleen lanak osatua; «Sorgin» eta «Axut», Azkuek eta Barandiaranek jasotako herri ipuin bildumak baina haurrentzat egokituta.

        Aldi berean ikastoletarako testu liburugintzan zuzenean parte hartu izan du, Zipristin metodoaren hizkuntzako zortzi liburuak erakusten dutenez.

        Gure ustez, Joxan Ormazabal itzultzaile eta egokitzaile hobea da eskola liburugile baino. Euskara oso ondo menperatzen du, eta horregatik oso itzulpen onak egiten ditu, begi zorrotz finez begiratu ezik itzulpenak direnik igarri ezin izateko bestean. Testua euskaratu ez ezik euskaldundu egiten du, eta hori frogatzeko ez dago Ketxusen Zooa, Norena da basoa? Jolas egiteko ipuinak edo Teo, Ibai eta Txalupa serietakoen itzulpenak ikustea besterik.

        Elkar argitaletxean bertan egokitze lanak egin izan ditu sarritan, eta ondo egin ere. Joxan Ormazabalek euskalki ezberdinetan idatzitako liburuak euskara batuan jarri ditu, horregatik batere jatortasun eta aberastasunik galdu gabe. Ormazabalek egindako egokitzapenagatik ezagutzen dituzte gazte askok Pernando Amezketarra edo Esaera zabarrak eta txiste berriak.

        Orain arte esandakoagatik pentsa daiteke Joxan Ormazabalek inoren lanak itzuli eta egokitu baino ez duela egin, eta hori ez da egia osoa. Idazlan ugari ditu berak eginak eta kalitate onekoak gainera. «Perkax» bildumakoak baino ez ditugu aipatuko: Kaskarintxo (Mariasun Landarekin), Margolin, Kotti, Patxibusa, etab.

        Estiloari begiratzen badiogu, haren liburu guztietan oso nabarmen igarriko dugu idazlea ikastolan egondakoa dela. Joxan Ormazabalek badaki ze hizkuntza maila duten bere irakurleek eta horren arabera idazten du. Honek ez du esan nahi estilo kaxkarra edo pobrea duenik, alderantziz baino, idazleak euskara batua herri esakera eta esamolde aberatsez hornitu baititu bere lanak haurren hizkuntza biziari lotzeko ahaleginetan.

        Bestalde, Europako haur literaturak gaur egun daraman bideari jarraitzen dio estilo honek, hau da, argumentuak garapen zuzena du, eta mezua ulertu edo jarraitzeko oztopo izan daitekeen guztia kendu egiten da. Fantasia eta umorea dira nagusi haren liburuetan, beti amaiera zoriontsua dutelarik.

        Euskal haur-literatura gauzatu dutenetako bat dugu Joxan Ormazabal. Lehenengo ikastolan, eta editorialean gero, egindako lanak liburuaren gora-behera guztien berri zehatza izatea ekarri dio, ideia botatzeko unean hasi eta saldu arterako pauso guztiak. Esperientzia honekin batera Joxanek benetako bokazioa du irakaskuntza eta literaturarako: «8-10 urteko haurrentzat idazten dut nik errazen, adin horretako haurrekin lan asko egin dudalako agian».

 

Bilaketa