IÑAKI ZUBELDIA (1945- )
Eskola-liburu modernoen egilea
Iñaki Zubeldia Otegi Ikaztegietan jaio zen 1945eko apirilaren 18an. Hamar urte zituela Arantzazuko Seminariora joan eta Teologia ikasketak amaitu arte han egon zen. Joxan Ormazabalek bezala, Seminariotik irten ostean irakasle ikasketak egin eta zortzi urte eman zituen ikastola munduan irakasle lanetan. Aipatutako tituluez gainera, Euskal Herriko Unibertsitatean Filosofiako Lizentziatura egin zuen, «Hizkuntzaren pedagogia»ri buruzko espezializazioarekin. Gai honi buruzko ikasketeei esker hizkuntza irakastea zein zabala den ohartu izan da eta lan asko idatzi ditu arlo honetan. Ikastoletako Irakasleen Elkartea sortzeko eragile izan zen eta luzaroan ibili zen ikastaro, pedagogi ihardunaldi eta antzekoak eratu eta antolatzen. Aldi berean ikastaro askotan hizlari izan da hizkuntzaren irakaskuntzaz.
Gaur egun Elkar argitaletxerako lan egiten du OHOko eskola liburuen edizioen arduradun. Hiru arlotan ibili izan da batez ere:
Irakurtzen eta idazten ikasteko lehen urratsak.
Hizkuntza arloa.
Esperientzia arloa.
Eskola liburuen alorrean egin duen lanaz gainera, aldi berean, ipuin egile dugu Iñaki Zubeldia. Haur eta gazteentzako ipuinak dira, «Perkax» eta «Itzul» bildumetan agertu direnak. Haren lanen zerrenda emango dugu orain talde bitan bananduta, testu liburuak alde batetik eta kontakizunak bestetik:
Eskola liburuak:
Zipristin 1 (J. Ormazabalekin batera).
Zipristin 3.
Zipristin 4.
Zipristin 5.
Hizkuntza 2 (Ikaslearen liburua).
Hizkuntza 2 (Irakaslearen liburua).
Hizkuntza 3.
Haurrentzako ipuinak:
Euskaldun bat Marten.
Josu Azalaren harribenturak.
-Uharte flotatzailea.
Iñaki Zubeldiaren curriculum vitae begiratzen badugu, hizkuntzaren irakaskuntzan egiten diren aurrerakuntzez arduratuta dagoen pedagogoa aurkituko dugu. Elkar argitaletxeak, Unibertsitatean ikasitako teoria praktikara eramateko aukera eman dio. Hain zuzen ere, Zipristin metodoan erabilitako irizpideei esker ikasleek gramatika ikasten dute batere aspertu eta gogaitu gabe. Maila bakoitzerako liburu bi daude: lehenengoan gramatikari buruzko oinarrizko oharrak egiten zaizkio haurrari euskararen morfojoskerazko arauez kontura dadin, eta bigarrenean testu zatieri bilduma egiten du euskaraz idatzitako liburuetatik hartuak, eta egileak berak itzulitako testuak. Zipristin hizkuntza arlorako ikastoletan erabiltzen den metodo ia bakarra da, hizkuntza irakastea joku moduan landu delako alde batetik eta testuen aukera egokiagatik bestetik. Iñaki Zubeldiak haurrek zer duten nahiago eta irakurtzeko zer gustatzen zaien asmatu du eta horren arabera bildu ditu komiki, eleberri, olerki, antzerki, etab., denetarik egon dadin.
Haur literatur idazle ere badela esan dugu, baina ez du lan askorik idatzi. Hala ere, orain arte argitaratu dituenetan narrazioaren estilo baliabideak oso ondo menperatzen dituela argi erakutsi du.
Iñaki Zubeldiaren ekarria euskal haur-literaturara beste arlo batera ere zabal daiteke: bera izan da ipuinetako haur protagonista baserri girotik atera eta beste leku ezezagun batzuetara eraman duena fantasiaz betetako lekuetara (Euskaldun bat Marten).