literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

Resurrección Mª Azkue (1864-1951)

 

        Resurrección Mª Azkue lekeitiar abadeak Euskal Herri osoa zeharkatu zuen Zuberoatik hasi eta Arabaraino urte askotan helburu bakartzat euskal folklorea batzea zuela, izan ere euskara bera galtzen ari zen lekuetan folklorea ere galtzeko zorian zegoen-eta. Sarritan baserri galduetara joaten zen soinu zehatzen bat edo hain ipuin kontatzen entzuteko beren-beregi, eta beste askotan zahar etxeetara joaten zen. Bertan aurkitzen zituen adinez gora egindako lekukoak, normalean herri jakintza garbiago eta jatorrago gordetzen zutenak gaztelera edo frantsesaren kutsadura izandako euskaldunek baino. Herri kulturaren arlo guztiak harrapatu zituen: kantuak, ohiturak, siniskerak, esaera zaharrak, errefrauak, ahokorapiloak, sendabideak, eguraldia, ume joko eta kantuak, ipuin eta esaundak. Batzuetan, hizkuntzaren garbitasuna edo bere garaiko moralaren aurkako hitz eta esaldiak aldatzeko zuen joera kritikatu zaio, baina hala ere Euskalerriaren Yakintza euskal folklorearen lan nagusitzat hartu behar da.

        J.A. Arana Martija, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako liburuzain eta Azkueren biografoari utziko diogu hitza. Lekeitiar apaizaren bizitza eta lanari buruzko lan elebidun batean Euskalerriaren Yakintzari buruz zera dio [14]:

 

        «Euskalerriaren Yakintza.

        Musikazko fitxekin batera, ohitura ta sineskeriak, herri olerkiak, haur jolasak, atsotitzak, esakerak, ahokorapiloak, goitizenak, igarkizunak, ipuin eta irakurgaiak, eta beste, biltzen zituen Azkuek. Hizkuntzaritzako lanak burutu zituenean 1932an, gai guzti hauek taiutzen hasi zen 68 urte zituelarik eta Espasa Calpe argitaratzaileari agindu zion Euskalerriaren Yakintza lau tomoetako lan itzela argitara ematea.

        Lehen argitalpena 1935 eta 1947 bitartean kaleratu zen. Argitalpen hau prestatzeko hainbat argazki eta Inazio Zuloaga, Balentin Zubiaurre, Ginea, Tillac, Goiko, Garabila, Txiki, Molto, Garmendia, Ajubita, Arostegi, Urreta etabar irudigileen marrazkiekin baliatu zen.

        Idazlan elebidun hau laster agortu zen bere mami baliotsu eta itxura ederrari esker. Egilea hil ondoren bigarren argitalpen bat kaleratu beharrean aurkitu zen argitaratzailea 1959 eta 1971 bitartean. Bigarren argitalpen hau ere agortua da eta dirudienez laster izango da kalean hirugarrena, euskal etnologiako gaiak gero eta eskari gehiago baitute.

        Kantategia eta Euskalerriaren Yakintza burutu zituenean, amets bat bete zuen Azkuek: gerorako bildu eta inprimatu galtzen zegoen ondare bat eta berari eta beste folklorista batzuei esker betirako gorde genezakeena».

 

        Jose Antonio Arana Martijaren hitzei helduz, «beste folklorezale» horietako bat Don José Miguel de Barandiaran dugula esan behar.

 

        [14] José Antonio Arana Martija, R. Mª Azkue, [«Colección Temas Vizcaínos», 103-104 z.], Bizkaiko Aurrezki Kutxa, Bilbao, 1983.

 

Bilaketa