literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

XABIER ETXANIZ (1961-        )

Haur folklore ikertzailea

 

        Xabier Etxaniz Erle Oñatin jaio zen 1961ean, baina 9 urte zituela gurasoak Gasteizera aldatu ziren eta han bizi da harrezkero. Euskal Filologia ikasi zuen bertako Unibertsitatean.

        Lanari dagokionez, Xabier Etxanizek euskararen irakaskuntzaren inguruan lan egin du beti. Hasieran AEKko euskaltegi batean euskarazko eskolak ematen ibili zen eta beste leku batzuetan gero. Gaur egun Gasteizko Irakasle Eskolako irakaslea da. Egin egunkariaren «Egunon» gehigarrian eta Argia astekarian kolaboratzaile izan zen lau urtez. «Kandela» taldearen sortzaileetako bat da eta aldizkarian parte hartzen du. Talde honek 1985ean euskal literaturari buruzko azterketa sakon bat egin zuen gero Hordagok argitaratu zuena. Bertan Xabier Etxanizek idatzitako atal interesgarri bat dago haur literaturaten garapenari buruz.

        1982an Gasteiz Hiria saria irabazi zuen ipuin arloan. Ipuin irabazlea, eratzailea izan zen Gasteizko Aurrezki Kutxak argitaratu zuen hurrengo urtean.

        1984an Elkar argitaletxearen «Perkax» sailean argitaratu zuen lehenengo lana, Nire belarriak. 1985ean bigarrena agertu zuen, Patxiki. Itzulpen saio batzuk ere egin ditu. Urte berean itzuli zuen Altxorraren uhartea R.L. Stevensonen nobela ezaguna. Haren lanik zabalena eta garrantzitsuena Igarkizunak da. Liburu honetan leku askotatik hartutako igarkizunak egokituta ematen ditu: Azkue, Cerquand, Jose Luis Garfer, Bravo Villasante... Euskarazko igarkizunak haurrei ezagutarazi eta beste hizkuntza batzuetakoak (katalan, galego, gaztelera, etabar) egokitu egiten ditu. Igarkizunak Xabier Etxanizek aspalditik haur folklorearen gainean egiten ari den ikerketaren emaitza dugu. Haur literaturaren beste arlo batzuk baztertu barik, lan handi bat prestatzen ari da euskal folkloreak joku, esakera, ahokorapilo eta horrelakoetan duen aberastasuna biltzeko asmoz.

        Beste alde batetik laster agertzekoa da Ilun gazteentzako elaberria Elkar argitaletxearen «Sor» liburu sortan. Baina Xabierren lana ez da haurrentzako kontakizunak egin eta folklorea egokitzea bakarrik, eta literatura haur, guraso eta irakasleen artean zabaltzeko aukera duen guztietan hala egiten du. Mahai inguru, jardunaldi eta topaketa askotan parte hartu du. Oraintsurengoak aipatzearren, Gasteizen Haurraren Astea dela-eta, eta Donostiako II Literatur Jardunaldiak.

 

Bilaketa