literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

IXAKA LOPEZ-MENDIZABAL (1879-1977)

Haurrentzako liburu egile eta editore

 

        1879ko apirilaren 11 an jaio eta 1977ko otsailaren 27an hil zen Tolosan. Euskal liburuak editatzea ogibidetzat zuen familiako semea izanik, Ixaka Lopez-Mendizabalek euskal letren historian aparteko lekua du haurrentzako liburuen edizio eta sormen arloetan egindako lanarengatik.

        Deustuko Unibertsitarean Filosofia eta Letretan lizentziatua, eta Madrilen Zuzenbidean lizentziatua zen Ixaka, beraz, oso erraza zen berarentzat arlo horietako batean ikerlanean aritzea. Baina etxekoen editore tradizioak eta bere euskalzaletasunak gainez egin eta euskarazko liburuak argitaratzeari ekin zion nahiz eta orduan apenas saltzen ziren, eta baita haurrentzako liburuak sortzeari ere euskara irakaskuntzan sartzea oraindik amets hutsa bazen ere. Ixaka Lopez-Mendizabalek euskal didaktikan zegoen hutsunea betetzea bere interesen aurretik jarri zuen.

        Lehenago ere haurrentzako hainbat liburu argitaratu zituen, baina 1921ean Tolosako ikastola zabaldu zenean, orduan bete betean sartu zen eskola hartarako material didaktikogintzan. Tolosako ikastolarako liburuak atera beharra hain gogotsu hartu izanagatik bertako zuzendaritzak omenaldia egin zion, hainbeste lan eta ardura eskertu nahian.

        Haurrentzako gaiak lantzen dituen lehenengo liburua 1907an argitaratutako dotrina txiki bat izan zen: Dotriña laburra... Hurrengo urtean, 1908an, euskara ikasteko metodo bat atera zuen: Manual de conversación castellano-euskara. 1913an aritmetikazko liburu bat kaleratu zuen, Zenbakiztiya, Sabino Aranaren bide garbizaleari lotua. Liburu han zenbait aldiz berrargitaratu eta beste euskalki batzuetara egokitu zuten, bizkaierara kasurako.

        Tolosako ikastolarako egin zuen lehenengo kartila Umearen laguna izan zen irakurtzen irakasteko 64 orriko metodoa, 1920an argitaratua. Handik hamaika urtera 32 orriko beste kartila bat kaleratu zuen aurrekoan oinarrituta: Martin Txilibitu. Nekazaritza ez da bereziki haurrentzako liburua, baina gazteen artean nahiko entzute hartu zuen eta 1929an Euskalerriaren Alde taldeak egindako literatur lehiaketa irabazi zuen. Itzulpena ere ikutu zuen Ixaka Lopez-Mendizabalek, Martinez Sierraren antzerki labur bat euskaratu zuen, Seaska-Abestia, 1932an Tolosan argitaratua. Gerra aurrean egindako azken haur-liburua Erleak, bere bizitza eta ohiturak izan zen, 1933koa, erleen bizitza eta ohiturei buruzko 28 orriko liburutxoa.

        1936an gerra hasteaz batera, Ixaka Lopez-Mendizabalek Ameriketara atzerriratu behar izan zuen bere jokabide politikoa eta euskaltzale amorratua izateagatik. Baina Ameriketan atzerriratuta egotea ez zen nahiko izan haren editore lana bertan behera uzteko, eta 1941ean Buenos Airesen M. Irujok lagunduta, Ekin argitaletxea sortu zuen. Han hainbat liburu argitaratu zuen bai euskaraz idatzita bai gazteleraz baina euskal gaiez. Ameriketan eman zuen aldian Euskal Herriaren historia, politika eta filosofiako gaiak erabili zituen batez ere, ez zuen haurrentzako ezer handik idatzi Otoitzak (Buenos Aires, 1942) euskarazko otoitz liburua eta Xabiertxo-ren berrargitalpena 1943an kenduta. Dena den ez da harritzekoa hutsune hau, mendearen bigarren erdian ikastolak zabaltzeko lan isila frankismoa heltzeaz batera eten egin baitzen.

 

Xabiertxo

 

        Lopez-Mendizabalek ikusi dugunez, eskola liburu asko egin zituen, baina hala ere Xabiertxo apartekoa izan zen. Beste guztiek baino argitalpen, irakurle, fama eta entzute gehiago euki du.

        Luzaroan Xabiertxo izan da ikastoletan ikasi duten zenbait belaunalditako ikasleek gehien erabili duten eskola liburua, eta bakarra askotan. Horregatik azterketa berezia merezi duela uste dugu nola eta zergatik sortu eta horrenbesteko arrakasta zergatik izan zuen azaldu ahal izateko.

        Alessandro Parravicinik (1799-1880) XIX. mendearen erdialdera Giannetto eskola liburua idatzi zuen, eta eskola liburuak bultzatzeko lanean ziharduen Florentziako Elkarteak eratutako lehiaketa irabazi. Herriko familia arrunteko semea zen ereduzko haurra asmatu zuen, amak ez zekien irakurtzen eta aita langile soila zen. Haur ereduzko horrek hiru zati zituen:

                l. Gorputz eta arimadun gizona.

                2. Berezkoa (natura) eta landua.

                3. Familia, gizartea, historia eta herria.

        Liburu honen helburua entziklopedia txiki antzeko eskola liburua egitea zen herri osoaren kultura maila igoteko. Berehala Italiako eskola guztietarako interes handiko liburutzat hartu zuten, hizkuntza askotara itzuli eta Europa osoan egin ziren haren antzekoak. Espainian oinarrizko heziketarako Juanito erabili zen, harako Parraviciniren Giannetto-ren bikia, ontasun guztien jabe zen ereduzko umea.

        Ez dirudi astakeria handia denik Lopez-Mendizabalen Xabiertxok aurreko horiekin zerikusia duela esatea, horretarako arrazoiak badira eta:

        Parraviciniren Giannetto-k bezala, honek ere 1923an Euskalerriaren Aldek irakur liburuak zabaltzeko egin zuen lehiaketa irabazi zuen, eta pertsonaia nagusia, hura bezala, bere garaiko haur euskaldunen eredua da.

        Egiturak ere badu haren antza. Liburua 15 lerrotik beherako irakurgai laburrek osotuta dago. Hasieran idazleak protagonistaren aurkezpena egiten du. Xabiertxo —idazlearen semearen izena— ume sinestuna, zintzoa, garbizalea da, familia, herria maite ditu, eta irakurtzea gustatzen zaio; hau da, ume euskaldun-fededunaren eredua. Aurkezpenaren ostean, giza gorputzaren errepasoa egiten da liburuan, ingurua, natura eta animaliak erakutsi era euskal geografia eta historiaren ikuspegi zabal orokorra eman. Matematika edukia oinarri-oinarrizkoa da, lau erregela nagusien azalpena. Eta horrez gainera, seaska kantak, eta esakerarik ezagunenak ere badaude liburuan.

        Xabiertxo-k, Giannetto eta Juanito-rekin duen antzekotasuna onartuz gero, gazteleraz baina euskal gaiak darabiltzan beste liburu batekin ere lot dezakegu. 1940an Alejandro Manzanares oinarrizko eskolako inspektoreak Juanchín argitaratu zuen. Euskal Herriari buruzko irakurgaiak ditu eta Xabiertxo-ren antzeko egituraketa, baina mezu politikoa du guztiz ezberdina, erregimen berria eta Euskal Herria Espainia dela erakusten duten aipamenez josita baitago.

 

Bilaketa