literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

JULENE AZPEITIA (1888-1980)

Ikastolatik eta ikastolarako idazlea

 

        Julene Azpeitia Zumaian jaio zen 1888ko urtarrilaren 8an. 1903-1904 bitartean oinarrizko mailetako irakasle ikasketak egin zituen Donostiako eskolan. Ikasle zela hasi zen idazten, Bilbo eta Donostiako zenbait aldizkaritarako artikulu laburrak eginez. Irakaskuntza eta euskal haur-literaturari buruzkoen artean aipagarrienak Euzkadi aldizkariaren «Euzkotar umien aldez» atalekoak dira. Julene Azpeitiak lanotan behin eta berriro eskatu zuen euskal eskola erakunde moduan eta haurrentzat egokitutako literatura sortu beharra.

        1906an Goi Mailako Irakasle Agiria atera zuen Bilboko Eskolan. 1911 an Valladolideko oposaketetan lehenengo geratu zen eta Eara (Bizkaia) joan zen bere lana betetzera. 1916an Enrique Eskauriatzarekin Mexikora ezkondu zen, eta ez zen 1920ra arte berriro Euskal Herrira itzuli. Urte horretan Bizkaiko Foru Aldundiko Auzo-eskoletarako oposaketak irabazi eta emakume langileen zuzendari egin zuten. Hurrengo urtean bulego-lan hori utzi eta irakasle soil jarri zen, Zornotzako eskolan lehenengo, eta Abadiñokoan gero 1936ra arte.

        1925etik aurrera haurrentzako narrazioak sortzeari ekin zion buru belarri. 1925ean bertan Bizkaiko Foru Aldundiak eratutako gizarte-pedagogi lehiaketan lehen saria irabazi zuen. 1926an Cacereseko Gizarte Prebisiorako kutxak «Diru aurrezkiak eta haurrak» gaiari buruz antolatutako lehiaketan irabazlea izan zen Osasuna, merketza eta janaritza lanarekin.

        Lehenengo liburua 1932an argitaratu zuen. Julene Azpeitia irakasle bizia, eta Euzko Ikastola Batza elkartearen eragilea izan zen. Horretara, eta eskola horietako ikasleak gogoan hartuta, Julenek irakur liburu bat idatzi zuen, Irakurri, matte. Liburu hau, haurren irakurtzeko gaitasuna sendotzeko helburua zuten hiru liburuko serie baten lehenengoa zen, errazenetik zailenera pentsatuta zegoen. Baina Gerra Zibilak Euzko Ikastola Batzaren lana eten egin zuen eta Julenek ezin argitaratu izan zituen beste liburu biak. Irakurri, matte liburuko irakurgaiak arinak eta errazak dira, haurren hizkuntza mailara egokituak. Irakurgai bakoitzaren ostean galdera sorta bat jarri zuen ulermena landu eta buruz ikasteko ariketa gisa. Testuen gaiak desberdinak dira: gorputz garbiketa, haurren nortasuna, inurrien bizitza, otoitzak, etab. Mutiko aldakorra, Mutiko arrua eta Mutiko egitiya irakurgaietan esaterako, haur on eta gaiztoen alde onak eta txarrak aurrez aurre jartzen ditu, umeen izakera moldatu ahal izateko. Irakurri, matte liburua gainetik ikusiaz bakarrik, berehala konturatuko gara Lopez-Mendizabalen Xabiertxorekin duen antzaz. Hala ere, Irakurri, matte-ko irakurgaiak laburragoak dira, eta liburuan ez dago irakurgai guztiak bateratzen dituen pertsonaiarik ere, liburu honetako pertsonaiek ez dute izenik. Dena den, liburu biak zeharo bat datoz erlijioari ematen dioten tratamenduan.

        1959an Eusko Kulturaren Alde elkarteak eratutako lehiaketan bigarren saria irabazi zuen Goizeko izarra ipuinarekin. Lan hau Euzko Gogoa-n argitaatu zuten urte bereko I-II zenbakietan.

        1961ean haurrei irakurtzen eta idazten irakasteko liburu bat argitaratu zuen: Umien adizkidea. Jakina denez, Sabino Aranak XIX. mendearen amaieran antzeko izena zuen kartila atera zuen: Umiaren lelengo aizkidia. Baliteke kasualitate hutsa izatea, baina Julene Sabino Aranaren ideia politikoen jarraitzailea zela kontutan hartuta, baliteke hari egindako omena izan nahi izatea. Baina, Irakurri, matte-rekin gertatu zen bezala, ez zuen kartila honen bigarren zatia argitaratu.

        Julenek bazekien haurrei herri ipuinetako kultur altxorra irakasteak garrantzi handia zuela, 1933an Eusko Ikaskuntza elkarteak egindako Udako Kurtsoetan «Irakasleak nola lagun dezakeen euskal folklorearen ikerketan» gaiaz egindako hitzaldian erakutsi zuenez. Horrez gainera, 1959an Amandrearen altzoan liburuak, Felix Bilbao frantziskotarraren Ipuin barrekarekin batera, Euskaltzaindiak haurrentzako liburuak ugaritzeko eratu zuen saria jaso zuen. Tradizioko ipuin bilduma hau 1961ean argitaratu zen Itxaropena argitaletxean. Juan San Martinek liburuari egin zion sarreran honela azaltzen du Amandriaren altzoan eta herri ipuinen garrantzia:

 

        «Urri dira euskeraz Amandriaren altzoan bezin liburu onak aurrentzat. Geiago esango nuke: oraindik zentzunera sartzeke dauden umeentzat ere euskera trakets eta baldarrean egindako liburuak ikusten ditugula, pedagojiaren funtsik gabe. Nagusiak ere iruntsi eziñiko liburuak dituzte gure aurrak... Ehun ipuinetako bilduma bat da, handik eta hemendik ikasitako eta irakurritako ipuinez osatua, baina umeen hizkuntz mallara ederki moldatuak».

 

        1958an irakaskuntza utzi zuen, baina ikastoletako ikasleentzat idazten jarraitu zuen. Zuentzat da beste irakurgai liburu eder bat. Julene Azpeitia irakaskuntza eta ikasleentzako liburugintza batera landu zituzten andereño belaunaldi oso baten aintzindari eta eredua izan zela esan daiteke.

 

Bilaketa