literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

MARIASUN LANDA (1949- )

Ikasleentzat idazten duen irakaslea

 

        Mariasun Landa euskal haur-literaturaren ardatzetako bat dugu, argitaratutako zazpi liburuek eta literatur lehiaketetan irabazitako sariek erakusten dutenez.

        Errenterian jaio zen 1949ko ekainaren 5ean. Gizarte Laguntzarako ikasketak egin ondoren lau urtez bizi izan zen Parisen eta han egin zuen Filosofiako lizentziatura.

        Parisetik etorritakoan euskara ikasteari ekin zion oso ondo menperatu arte. Andereño egon zen lehenengo Zarauzko ikastolan eta Lasartekoan gero. Gaur egun IRALE, irakasleak euskalduntzeko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuan ari da euskara irakasten.

        1979 eta 1981 bitartean gai ezberdinak jorratuz artikuluak idatzi zituen Argia, Egin, Punto y Hora eta Anaitasuna aldizkarietan batez ere.

        1982an lehenengo ipuin liburua argitaratu zuen, Amets uhinak. Literatur sariak direla-eta, asko irabazi ditu, baina Zarauzko Udalak eratutako Lizardi Sarian 1982an lehenengo saria aipatuko dugu. Hau da izan ere haur literaturaren arloan egiten den saririk garrantzitsuena. Ipuina Txan fantasmaren etengabeko istorioa zen, gero Elkarrek Txan fantasma izenburuaz argitaratu zuena. Ipuin hori itzuli eta La Galera argitaletxe kantalanaren «La Gaviota» bilduman argitaratu zuten. 1984an hirugarren saria irabazi zuen Donostia Hiria Sarian Nire eskua zurean lanagatik, eta 1986an sari horretan bertan berriro ere hirugarren gelditu zen Etorri behar duena lanarekin.

        Mariasun Landarena, berriro ere, ikasleen beharrizanez konturatuta haur literatura idazten hasi den andereñoaren kasua da. Baina hala ere Mariasunek txikitatik izan du literaturarako joera, eskolarako idazlanak egiten zituen garaitik, orduan ere eskuetara heltzen zitzaion edozer irakurtzen baitzuen.

        Mariasun Landa Zarauzko ikastolara joan eta ikusi zuen haurrentzat ez zegoela ia ezer euskaraz idatzita. 1974 zen, eta orduko haur literaturaren egoera basamortua lakoa, dena egiteko zegoen. Orduan hasi zen Mariasun Landa ipuinak idazten klasean erabiltzeko, Amets uhinak liburuan bilduta argitaratu ziren ipuinak eurak, ia. Handik lasterrera Rodariren berri izan zuen, eta, ordurarte txikikeritzat hartzen zen genero honek zabaltzen zuen bideak txundituta, haur literatura idazteari ekin zion.

        Mariasun idazlea da baina baita emakumea ere, eta ikuspegi horretatik haurrentzako liburuetan neskek protagonista izateko duten eskubidearen alde egingo du. Ez da, ordea, mutilen aurka egin nahi duelako. Berak dinoskunez, neska protagonistak hurbilagokoak ditu bera ere neskatoa izan zelako. Beste arrazoi bat ere badu Mariasun Landak neskak protagonista jartzeko: txikitan irakurtzen zituen liburuetako neskak —Mark Twainen Becky Thatcher, esate baterako— hain ziren memelak ze, Tom Sawyer edo Huck Finnen antzeko pertsonaia abenturazale eta dibertigarriak sortu nahi izan ditu neskentzat. Mariasun Landaren ustez, arazoa ez da protagonista neskato ala mutikoa den, bakoitzari ematen zaion tratamentua baino. Mariasun Landaren lanak:

                —Amets uhinak («Sor»).

                —Kaskarintxo («Perkax»).

                —Partxela («Perkax»).

                —Elizabete lehoi domatzailea («Perkax»).

                —Txan fantasma («Perkax / La Gaviota»).

                —Josefi dendaria («Txalupa», koedizioan).

                —Izar berdea («Txalupa», koedizioan).

        Estilo zehatza, erraza eta lirikoa du. Bere ezaugarririk bereziena pertsonaien sentimentuak eta bizi dituzten egoerak adieraztean erakusten duen sentsibilitatea da.

 

Bilaketa