literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

JOSEBA IRAZU «BERNARDO ATXAGA» (1951- )

Literaturaren trena haurrentzat

 

        Joseba Irazu idazle gaztea, euskal letretan Bernardo Atxaga izenordeaz ezagunagoa, helduentzako literaturan ondo merezitako entzutea dauka eta haur eta gazte literaturan gaur egun dagoen idazlerik onenetakoa dela esan behar. Literatur mota bietan beti narrazio formula berrien bila ibiltzeak beti banguardiako idazleen artean egotea ekarri dio, hain zuzen ere, aurrekoengandik ikasitakoari uko egin barik gure literatura berriztatzeko bide berriak zabaltzen ari direnen artean.

        Bernardo Atxaga Asteasun jaio zen 1951n. Bilboko Unibertsitatean Ekonomian lizentziatu eta gero Bartzelonan Filosofia ikasi zuen. Ikasle garaian lan asko egin zituen hainbat aldizkaritarako: Anaitasuna, Pott, Panpina, Ustela, Jakin, Euskadi Sioux, Punto y Hora... Literaturari buruz zer uste duen gordin eta garratz ageri den hainbat artikulutan ikus daiteke. Bere kexarik handiena euskal literaturak duen geldotasuna, beti bat izatea.

        Noizbehinka antzerkia ere egin arren, Atxagak guren duen generoa elaberria da. Kritiko askoren ustez, haren Ziutateaz I, II eta Etiopia eleberriek sendotu egin dute lehenago hasitako euskal nobelaren berriztatzea, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (1959) eta Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eleberriek besteak beste hasitako bidea. Idazle honen hurrengo lanek, Bi anai eta Camilo Lizardiren erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena, aurrekoetan egileak hasitako bideari eusten diote.

        Literatura handian bezala haur literaturan ere, Atxagaren lanak irakaskuntzaren menpe egotetik euskal haur-literatura fantasia eta imaginazio mundu zabalago eta erakargarriago batera jauzi egin duela erakusten duten mugarria dira. Pertsonaiek ez diote haurrari inolako moral edo jokabiderik irakasten, ez zuzenean edo beren-beregi behintzat, bai ostera, eguneroko bizitzan suertatzen diren egoera barregarri guztiekin ondo pasatzen.

        Haurrentzat egin zituen lehenengo liburuak Nikolasaren abenturak eta kalenturak, Ramuntxo detektibe, Chuck Aranberri dentista baten etxean eta Antonino Apreta izan ziren, Juan Carlos Egileorren irudiekin. 1983an Xabier Lizardi Literatur Saria irabazi zuen Sugeak txoriari begiratzen dionean lanarekin, lehenengo Zarauzko Udalak eta gero Erein argitaletxeak argitaratua.

        Baina gazteentzat egin duen lanik onena Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian da ziur asko. Normalean haur literatura berez helduentzat idatzitako liburuez hornitzen bada ere, kasu honetan kontrakoa gertatu da, «Auskalo» gazteentzako sailean argitaratuta egon arren helduek eurengandu egin baitute. Gogoratu bakarrik EGA azterketa prestatzen ari direnentzako irakurgai egokien zerrenda guztietan dagoela. Liburuan, aspaldian Ameriketara joandako euskaldun batek Europatik heldu diren eskutitz bi hartu ditu. Aitzakia horrekin Atxagak, gizon honek Euskal Herrian bizi izandako gazte denborako kontuak eta oroimenak kontatzen dizkigu. Liburuan zehar etengabe azaltzen dira kultura ezberdin bi —amerikarra eta Euskal Herrikoa—, hizkuntza bi —euskara eta ingelesa, protagonistaren berbakeran guztiz nahastuta (nire gardena, school hartan...)—, eta pentsakera ezberdin bi, —agurearena bertakotu nahi ez duela eta familiarena guztiz amerkikartuta—. Honek guztiak liburuari originaltasun berezia ematen dio.

        Aurrekoa bezain originalak edo gehiago dira «Siberia treneko ipuin eta kantak» sorta osatzen duten hiru liburuak: Txitoen istorioa, Asto bat Hypodromoan eta Jimmy Potxolo. Siberia zeharkatzen duen tren batean herrialde ezberdinetako bidaiariak elkartu dira. Aldizkariak begiratu eta hainbeste elur ikusteaz nazkatuta ipuinak kontatzen hasiko dira denbora emateko. Horrela sortuko dira hiru ipuinak.

        Beraz, umearentzat, gaztearentzat eta baita helduarentzat ere, Atxagaren liburuak atseginak, eta ulerterrazak dira, ikutu surrealistak gora-behera. Bernardo Atxagaren lanetan abenturaren narrazioa bezain atsegina da narrazioaren abentura.

 

Bilaketa