literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

AGUSTIN ANABITARTE (1891-1981)

Dickensen estiloko Poli gazteentzako nobelaren egilea

 

        Agustin Anabitarte Irazu nobelagilea Donostian 1891an jaio zen eta 1983an hil. Merkataritza ikasketak egin zituen eta Euskaltzaindiko euskaltzain osoa izan zen. Haurrentzat egin zuen lehenengo lana 34 urte zituela argitaratu zuen, Neska-mutilleri dirua aurreratzen erakusteko izeneko saio laburra, gazteak dirua aurreratzeko beharra eta garrantziaz jabe daitezen.

        1929an argitaratu zen Euskaltzaindiak lehenago saritutako Usauri nobela, eta geroago Donosti idatzi zuen. Baina guretzat haren nobela guztien artean interesgarriena Poli da («Kuliska» sorta, Itxaropena Zarautz, 1958) gazteentzako liburua delako.

        Poli, umezurtz dohakabe zoritxarreko baten gora-beherak dira. Umezurtza, kalean hazitakoa eta egoerak behartuta herritik zori hobeagoaren bila alde egingo duena. Heltzen den leku guztietan nahastetan sartzen da, baina beti ondo irtetea lortzen du. Herritik irtendako ume koskorra, gazte helduta berriro ere herrira itzuliko da eta umetan ezagututako neskarekin ezkonduko, honelako nobeletan gertatu ohi denez. Egia esan, ez da erraz jakiten Poli ohiturazko nobela den, edo pikareska edo abentura nobela, hiruren ezaugarriren bat daukalako. Egituraketagatik, hau da, zoritxarreko protagonista, gainditu beharreko gora-behera asko eta amaiera zoriontsua, Dickensen nobelak dakarzkigu gogora. Bestalde, euskal nobelen artean Yolanda, Josecho eta holakoekin konpara daiteke.

        Anabitartek beste nobela garrantzitsu bat ere badu, Afrika'ko basamortuan. 1954an Afrikako basamortuan zehar idazleak berak egin zuen bidaia egia antzaz eta estilo moderno batez kontatzen du, paisaia, jendea, ohiturak, etab. deskribapen zehatzez erakutsiz. Idazleak ez zituen ziur asko gazte irakurleak gogoan izango nobela idaztean, baina irakurlego gazteak bereganatu zuen batez ere lan hau, askotan gertatu denez. Anabitarteren lan honek meritu bikoitza du, ze, aipatutakoaz gainera, euskal literaturan hain bidai liburu gutxi egonda, Afrika'ko basamortuan-ek meritu handiagoa hartuko du, eta hain zuzen ere, hori eskertu zioten idazleari nobela hau gustura irakurri zuten hainbeste gazte eta ez hain gaztek.

        Amaitzeko esango dugu, Anabitarte euskal literaturan izan diren gazteentzako nobela egile bakanetako bat dugula, nahiz eta gaurko gazte gutxik ezagutu eta irakurri duen haren lanik. Ez litzateke ideia txarra izango argitaletxeren batek bereziki gazteentzako den liburu sanen batean hain interesgarria den Poli argitaratzea, Anabitarteren lan guztiak oraintsu argitaratu diren arren.

 

Bilaketa