literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

XABIER GEREÑO (1924- )

Euskaldunberrientzako literatura praktikoa

 

        Xabier Gereño Larrarte Bilbon jaio zen 1924an. Euskal literaturan langile nekaezina. Beste euskaldun askok bezala, hark ere haurtzaroan ezagutu zuen euskarazko liburu bakarra mezaliburua izan zen. Baina bera abertzalea izan eta, horrek bultzatu zuen bere burua alfabetatzera orduan hain eskasak ziren gramatikak erabiliz. Harrezkero buru belarri ekin dio euskal kultura zabaltzeari.

        60ko hamarkada nahastetsuan anaia eta beste bizkaitar sutsu batzuen artean, Cinsa disko zigilua sortu zuten. 40 disko baino gehiago kaleratu zituzten, eta Iker eta antzeko pedagogi mintegiek haurrentzako lanak atera ahal izan zituzten. 1974tik aurrera, gainera, munduko abenturazko liburu klasikoen itzulpena bultzatu zuten. 1968an hasi zen Gereño nobelagintzan, eta honezkero berrogei lanetik gora idatzi ditu. Anabitarteri buruz hitz egitean esan dugu ez zegoela gazteentzako lan askorik, baina Gereño euskal literaturan sartu zenetik hutsune hori nahiko bete da haren etengabeko sormen lanari esker. Hiru arrazoi nagusi ikusten dugu Xabier Gereñoren nobelak literatura direla esateko:

        1. Aurretik gazteentzako nobelarik ez egoteak bereak hala izateko bidea erraztu egin du.

        2. Estilo eta egitura zuzenak erabiltzeak nobela erraz eta arin irakurtzekoak bihurtzen ditu.

        3. Lan guztietan euskara maila egokituta egoteagatik euskaltegi, instituto eta abarretan euskalduntzen edo alfabetatzen ari diren gazte askorentzat irakurgai egoki eta lagungarriak dira.

        Idazle honen lanik aipagarrienak sailkatuta ekarriko ditugu orain:

        Idazle lanean hasi zenean, Xabier Gereñok lehenengo bere liburuak argitaletxe komertzialetan atera zituen, Kriselu edo Lur adibidez. Hona garai hartako batzuk:

                —Argi bat iluntasunean (Kriselu, 1970).

                —Nora naramazue? (Lur, 1972).

                —Hiltzaile baten bila (Kriselu, 1975).

                —Andereño (Kriselu, 1975).

                —Gudari bat (Kriselu, 1977).

                —Espioitza (Haranburu, 1977).

                —Iruneako asasinatzea (Kriselu, 1978).

        Geroago Xabier Gereñok berak egingo du editore lana, ia-ia artisau lana eginez. Sarritan banatzeaz ere bera arduratzen da, eta liburu baten irabaziak hurrengoaren edizioa ordaintzeko erabiliko ditu.

        Gereñoren nobelen sailkapena honela egin dugu:

        Mailaka sailkatutako irakurgaiak:

                —12 nobela labur.

                —9 nobela labur.

                —10 nobela labur.

                —Txisteak, teatro eta narrazioak.

                —8 teatro lan.

        Nobela poliziakoak:

                —Jurgi Kapitaina Bretainian.

                —Osaba Gabrielen asasinatzea.

                —Xantaia kontesari.

                —Mitxino katua pozoiez hila.

                —Jurgi kapitaina Hong-Kong-en.

                —Faro madarikatua.

                —Ametsetan galduta.

        Nobela biografikoak:

                —Napoleon, Frantziako enperadore.

                —Mahoma, Islam-en sortzaile.

                —Zumalakarregi, euskal buruzagi.

        Umorezko nobelak:

                —Antonello Euskal Herrian.

                —Andre Catalina eta Arabiako emir-a.

                —Zeledonio sastrea.

        Nobela historikoak:

                —Gerra ezkutua.

                —Milia eta bere tenientea.

                —Setiatuak.

                —Sabotaia.

                —Iheslariak.

                —Simon Goldmayer-en bahiketa.

        1985ean Irun Hiria Saria irabazi zuen Konspiratzaileak nobelarekin, Renon ingelesera itzuli duten lana, hain zuzen ere.

        Gereñoren nobela poliziakoetan munduko best-seller nobelagilerik handienen eragina handia da: Frederick Forsyth, Dominique Lapierre, Irving Wallace,... Eragin hau gaietan eta nobelei emandako tratamenduan nabarmentzen da gehien. Izan ere, Gereñok nahiago du nobelagile ugari eta best-seller egile izan, lan gutxi baina oso onak egitea baino, bere helburua, azken batean, zera baita: gazte eta euskaldunberrien artean literatura ahalik eta gehien zabaltzea. Eta berak esana da: «Nik nahiago izan dut nire lanak kalitatea galtzea funtzionaltasunaren alde».

 

Bilaketa