literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.366 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

JESUS M.ª OLAIZOLA «TXILIKU» (1951-        )

Haurrak irakurtzen zaletuz

 

        «Izenez Txiliku eta paper ofizialetan Jesus Maria Olaizola» berak txantxetan esan ohi duenez, Zarautzen jaio zen 1951ko apirilaren 15ean. Don Bosco ikastetxeko barnetegian kimika ikasi zuen lau urtez, gero unibertsitatean Kimika ikasten jarraitu eta Ingeniari Tekniko Kimiko lizentziatu zen. Txilikuk bere burua zientzia eta letra gizontzat dauka, eta horregatik Ingeniaritza bukatu ondoren irakaslerako ikasi zuen Bergaran.

        Orain bederatzi urte Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan hasi zen lanean eta han jarraitzen du orain ere.

        Txilikuren literatur lana multzo bitan bana daiteke:

        a) Irakaskuntzakoak: Txiliku irakaskuntzan dago, eta beste irakasle asko bezala, eskola materialik ezak horretara eraman zuen. Olaizola D eredurako Erdi eta Goi Zikloetako Euskararen programakuntza prestatu zuen taldeko kidea izan zen. Orain esperientzia arlorako Kuxkuz 3 prestatzen ari den taldearen koordinatzailea da.

        b) Literatur lanak: Baina beste irakasle batzuek bezala, Txilikuk zenbait ipuin sorta idatzi ditu, haur irakurtzen nahia, psikologia eta adina kontutan hartuz, eta dagoen hutsunea bete nahiz.

        Till Eulenspiegel: Jatorri herrikoia duen alemaniar kontakizunaren itzulpena da, eta Elkarren «Itzul» sailean agertu zen. Till Eulenspiegel eta Pernando Amezketarra irakurri dituena laster ohartuko da bien arteko antzekotasunaz.

        Zozoa eta biok: Liburu honen ardatza haur bat eta txori baten arteko adiskidetasuna da. Ardatz horretan oinarrituta ipuin dibertigarriak egingo ditu.

        Kaltzaberde, Tturku eta Gotzon: Izenburua liburuko hiru ipuinetako protagonisten izenek osatuta dago. Liburu honetan Txiliku idazle klasiko moduan ageri da. Abentura da gertaeraren ardatza, eta ez du aurrekoan beste hots-hitz, hitz-joko eta abar betegarri erabiltzen.

        Papartxuri eta Biboteluze: 7 eta 11 urte bitarteko haurrentzako «Perkax» sailean argitaratua.

        Amaitzeko esan dezagun, eskolara hasi berriak diren haurrak irakurtzen ikasteko hiru lantxo prestatzen ari dela.

        Txilikuk estilo zuzen, erraza eta arrunta darabil. Bere asmoa ez da haurra deskribapen luzeekin aspertzea, entretenitzea baino. Haren ustez, haurrak ez dio liburuari ihes egin behar. Haurra irakurtzen zaletu dadin nahi badugu egin behar duguna da literaturara erakarri urrats laburrak baina zehatz eta ziurrak eginez. Eta guk beste esatekorik ez dugu Txilikuk bere helburua beti lortzen duela baino.

 

Bilaketa