literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

XABIER MENDIGUREN (1945- )

Literatura unibertsala haurrei itzuliz

 

        Xabier Mendiguren Ezkion (Gipuzkoa) jaio zen 1945eko uztailaren 13an. Filosofia eta Teologia ikasketak egin ditu, baina horrez gainera bere kontura ikasi ditu pedagogia, hizkuntzak, linguistika...

        Xabier Mendiguren kulturaz orokorrean, eta euskal hizkuntza eta kulturaren geroaz zehatzago ardura handia izan du beti. Bere ustez negarrak jotzen egotea alperrekoa da; irtenbidea eguneroko lana da, eta onena, berak egiten duen moduan, norbera eredu jarri besteei erakusteko. Ikastolen sorrerako urte latzetan irakasle izan zen, Iker talde pedagogikoan partaide, Euskal Kontseilu Nagusia eta Bizkaiko Ikastolen Elkartearen aholkulari, euskara eta irakaskuntzari buruzko gaietan, eta gainera irakaskuntzarako liburu pilo bat itzuli eta sortu zituen. Hori gutxi balitz, Eskoriatzako Irakasle Eskolan ere euskal hizkuntza eta literatura irakatsi ditu eta bostehun hitzalditik gora eman. Honengatik guztiagatik Xabier Mendiguren gaurko euskal kulturako factotum dela esan daiteke.

        Baina Xabier Mendigurenen karreratik guri gehien axola digun arloa berak sortu eta orain presidente den Itzultzaile Eskola da. Elebitasunaren Dekretua (1979) eta Euskararen Erabilerarako Normalizazio Legea (1982) zirela-eta, itzultzaile askoren beharra egongo zela konturatu zen, eta eskaera horri erantzuteko ondo prestatutako jendea beharko zela. Diru arazo larriekin eta Erakunde Publikoetako laguntza eskasa dutela, Xabier Mendiguren eta bere laguntzaileak teoriaz ondo jantzitako itzultzaileak ateratzea lortzen ari dira. Izan ere, Xabier Mendiguren beste ezer baino gehiago itzultzaile da, bi, hiru hizkuntza ikasteari gutxi deritzan itzultzaile handia, eta euskararen mesederako itzulpengintzaren teoria oinarriak ikasi eta ikertzen ari dena.

        Literaturan duen garrantzia ere itzulpenengatik datorkio. Sortzaile lana ez du gutxiestekoa, eta hala erakutsi du kasurako lan hauetan: Euskal Historian zehar (ikastoletako lan aipagarrienei buruzko atalean zabal aztertu dugun liburua), eta Iparragirre (euskal koblakari ezagunaren biografia gazteentzat, Elkar argitaletxearen «Sor» sailean argitaratua). Baina hala ere Xabier Mendigurenen ekarririk handiena itzulpen arlokoa da.

        Hona haren itzulpenik ezagunenak:

        Eskola materiala (Eskolaurrea/Hasiera zikloa):

                —Kolasin 1, 2, 3.

                —Pepi.

                —Nire zopa.

                —Miau.

                —Lehoia.

                —Eguneroko gauzak I, II.

                —Eguzki ibiltaria.

        Erlijioa:

                —Biblia neska-mutikoei esana.

        Hiztegi eta entziklopediak:

                —Lehen irudiak, lehen hitzak.

                —Hiztegi irudiztatua (Gaztelera-Euskara-Ingeles) (4 ale).

                —Eskolarako entziklopedia (6 ale).

        Gazteentzako elaberriak:

                —Heidi (J. Spyri).

                —Morgan I, II (E. Salgari).

                —Letagin zuri (Jack London).

                —Bertoldo eta Bertoldino (B. Croce).

                —Robin Hood (R. Ausonako).

        Estiloari dagokionez, Xabier Mendigurenek beti jatorrizko testuari jarraituz euskararen baliabide adierazgarri guztiak erabili nahi ditu bien arteko oreka bilatu nahian. Bere kezkarik handiena euskara beste hizkuntzen mailara eramatea da, hau da, euskara kultura alor guztietarako hizkuntza izan dadin, Euskal Herria berriz ere kultur ghetto itxi batean gera ez dadin. Bere meriturik handiena beharbada haurrentzako itzulpenari duintasuna eman eta moderno bihurtu izana izan daiteke.

 

Bilaketa