Manu Erzilla
Anboto'k, Bizkaiko mendi zangarra danak, ba-dau bere lillura bizia andik naiz emendik begiratu. Atsegin aundiko erritxoak, Arrazola, Axpe ta Martzana, daukaz bere oiñetan jainko-aizun gurtzaille iduri. Lenago erri oneitatik bakotxak eukan bere udala; gaur, pozik ez dagozala be, ez daukie udal-etxerik: Apata'ra joan bear euren erri-gauzak atontzeko... Emengoxe zan nire ama, Jazinta Baseta.
Emengoxe da baita Manu Erzilla, urte batzuk Zornotza'ko Udaletxean egin ondoren, Bilbo'ra aldatu zana.
Euskaltzale dogu, eta euskal idazle ez-ezik, olerkari arnas-oneko. Amabi urte dirala argitara emon euskun poesi-liburu bat, «Hitzik ainitz idatzi dut» deritxona (Bilbo, 1977), 116 orrialdekoa.
Ona liburu artatik artutako lantxo bi:
HAIZEA
Haizea
gaua
iluna ta bakardadea
gau ilunpeko haizeak
bakardadea dakarkio
ene bihotzari.
haizea
gaua
iluna
bakardadea eta euria
gau euritsuko bakardadeak
hizozten du ene bihotza.
bakardadea
haizea
euria
gaua eta ni ororen erdian.
GIZONA
Gizona jarri zen
paper zuriaren aintzinean
eta ezin izan zuen
ezer sortu
amabigarren iturria agortu bai zuen,
maindireak destolestatu zituen
eta amets egitea
nahi izan zuen
zoritxarrez
egun hartan
ametsak ere antzu ziran
gogoa hain txiroa eta urrian zeukan.