literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Bizkaiko euskal olerkariak»
Santi Onaindia

Egilea editore, 1990

 

Jabier Amuriza Zarraonaindia

(1941-....)

 

        Birritan Euskalerriko bertsolari txapeldun izana. Etxano eleizateko Torreburu basetxean jaio zan 1941-5-3'an, Gaztetxotan eleiz-deia entzun edo-ta entzun-erasorik, eleiz-ikasketak burutu zituan Derio'ko Seminarioan. Eres-zalea izanik, gaur eleizetan abesten diran ainbat doiñu ta letra, beronek asmautakoak dira. Etxano'n emon eban meza barria, ospetsuki, gero Gizaburuaga, Amoroto eta abar, arima-zaintza egiñik. Gorabera batzuk zirala-ta Zamora'n apaiz-kartzelan egon ziranen artekoa.

        Geroztik bertsolaritzara emona dogu. Abots zoli ederra dau, eta bertsotarako erreztasun eragin oparokoa. Bertsolari jardunez gertaturiko jazokun asko daukaz gogoangarri; ona bat gaur li buru bat irakurriz, aurrera datorkidana. Ormaiztegi'n ziarduan bein bertsotan, eta amaitzera joiala, or trena zarata utsean; gogoan eukan agurra itxi ta beste au abestu eban:

 

                «Hau da sustoa hartu dudana,

                agurra bota behar-ta,

                pentsatzea ere nola liteken

                hainbesteko zalaparta!

                Bizkai aldean kontatuko dut:

                Hura milagro aparta!

                Nola bizirik gelditu ginen

                trena gainetik pasata».

 

        Olerkari dogu sortzez eta ikasiz, beti eder-gai artean murgildua. Ingurumari ditugun ederrak jaso ta azaltzen dakiana. Izadiko eder-liburuz zoratzen dana; barne-muiñari dardar eragiñik, ondar-ondarrean ain zuzen, poesi jatorra sortzen alegintzen dana.

        Itz-neurturik asko daukaz or-emenka ereinik. «Olerti» sortu nebanetik asi zan laguntzen. Lenengo zenbakian dakar (1959) gogosamiña erakusten dauan «Zerbait» poematxoa.

 

                Itun-itunik nago.

                Barre baiño gurago

                dot negar eitea.

                Zerbait dodalakoan

                nago aspaldi ontan.

                Galdu dot bakea.

 

                Indarrik ez soiñean:

                natzan lo gerizpean.

                Ez dot adorerik

                ezetarako; guztiz

                asperturik yat bizitz

                au. Zerbait ba-dot nik.

 

                Miñez daukot biotza,

                kemenik barik, otza;

                ez dau ezer maite.

                Onduko al naz albait

                ariñen! Baiña... zerbait

                ba-dot nik. Zer ete?

 

        Norbere burua ezagutzea, bai eder!, jausirik aurkitzean atan be. Andik iru urtera beste au bialdu eustan, beste askoren urrenez-urren:

 

                NIREAK

 

                Oso nireak zarielako

                maite zaituet biotzez.

                Guztiz zuena naz-eta, maite

                zaituet odol txit gaztez.

 

        Urte bi dira Anoeta'ko nor-geiagoko ospatu zala. An nintzan ni ere. Bertan kendu eutsoen lendik buru-egin ekarren txapela. Ekaitz edo truizua urreratzean, beti izan oi zantzu berezia. An be ba-zan olako zerbait: danak ez etozan bat, eta zazpi oalak egiten ebiltzen ortarako: igerten zan. Beraz, punturen baten uts-egin ebala-ta, erauzi eutsoen garai-txapela.

        Euskaltzaindiko urgazle da. Asko idatzi dau, «Anaitasuna», «Zeruko Argia», «Argia» eta abar; gaur «Egin»en irakurri zeinkez bere lanak.

        Ba-ditu liburuak be. Ona sail bat:

                — Bai mundu barria (1971); itzulpena dozu, Aldous Huxley'ren «Brave new world». Eta beste bat.

                — Euskal aurrizkiak (1974).

                — Menditik mundura, bertso liburua (1977).

                — Oinak (1981).

                — Hiztegi errimatua (1982).

                — Zu ere bertsolari (1982).

                — Herri eta irri (1983).

                — Hil ala bizi, elebarria (1983).

                — Oromenderrieta, elebarria (1984).

                Eta abar.

        Azken urteotan, eskola ta ikastoletan, neska-mutikoai bertsolaritza irakasten ibilli jaku. Urduri ta artega, nun-nai ta beti, euskerearen onez.

 

Bilaketa