Jesus Antonio Etxezarraga
(1953-....)
Bilbon Gordoniz kalean jaio ta babeatu izan arren, 1953-1-3'an, Zeanuri'ko Altzusta auzunekoa da Etxazarraga jatorriz. Deustu'n eta osotu dauskuz bere ikasketak.
Barne-griñari erantzunik, olerki-irakurle da, eta kopla idazle. 1977'ko urrillaren 21'an sariketa bat ipiñi eben Laukiz'ko gazteak, bertako seme Esteban Urkiaga, «Lauaxeta» zanaren omenez. Zeanuristar gaze onek jaso eban olerki-batzaldi artako lenengo saria.
DOMU SANTUZ
Zuek
fusilen suzko herio tantaz
gure joanean eroriak,
zuek
gure gau gorri ongarri
egiten duzuen odol hariok,
zuek
gure ezinbestezko bideetako
harrilosa ta kantugai,
zuek
gugan bizi zaretenok
gu ausartu ez ginen pausuok,
zuek
gure aitzin-gibeleko harrikadok
gure ukabilen hatzamar hautsiok,
zuek
fusilen suzko herio tantaz
gure aitzin-gibeleko harrikadok
zuek, gureok.
TOLOÑO
Toloño,
gure Toloño,
Europa beheko
mendiño.
Euzkadi gureko,
kopeta
ta killa.
Lepo atze
zabala,
Errioxa, Trebiño
ta Araba,
eremuko errexala,
gure Toloño.
Arabako beleen
haizea
gure Alostorrea,
Ebrupe sugoiaren
gerizpea.
Orratz galdua,
dorretxe
mila aldiz errea.
Zerupeko gailur
bakarra,
ihesbide gudukatuen
negarra,
gaztelu zahar
gogorra,
gari harri
gorra.
Gorbei saihetsak
eta Gipuzkoak
bildutako sua:
berbea,
testigu bakar
mutua,
euskera labratua.
Zazpi errosario
lau misterio,
bi berio
ta txakur pinto
mozkortua,
gure bihotz
ihartua.
Toloño, ai oi!
gure Toloño!