Karlos Santisteban
(1960-...... )
Ona gaurko euskal idazle itxaropentsu bat. Karrantza'n, Enkartaldean, jaio zan 1960'ko otsailaren 29'an. Antxe bertan burutu zituan bere leenengo ikastak geroago goi-maillako batxilergoa egiteko Bilbora joanez ain zuzen be Migel Unamuno'ren institutuan osotzeko.
Euskera gure izkuntzaz maite mindurik, aspaldi dala diardu gogo beroz euskal barrutiko lanetan. Euskaltzaindiaren «D» eta «B» tituluen jabe egin zan; euskal Filologia ikasketak burutu zitun; Euskal Idazleen Elkarteko partaide da; udako euskal Unibertsitateko ikastaro ezbardiñetan esku artu izan dau.
Lanbidezko jarduerak ugari egin ditu; 1977-78-79 urteetan, esaterako, euskera irakasten aritua dogu Bilboko zenbait euskaltegitan. 1980 urtean, urte betez, Eusko Kontseiluak kontratatua, Karrantza'ko eskoletako maisu-maistrei euskera irakasteko; 1981'an, Araba'ko ikastolen Alkarteak kontrataturik, Gipuzkoa'ko Urrestilla errian maisu-maistra talde bati urtebeteko euskera-ikastaro trinko batean irakasteko; 1983'an, Arrigorriaga'ko Udaletxean lan egiten dau itzultzaille lez; 1984-az geroztik Bizkaiko Foru Aldundian lan egiten dau itzultzaille. Lanean jardun dauan urte oneitan anbat ariotan ibilli da, milaka itzulpen egiñez. Bere lanaz aparte be amaika itzulpen egin dau, jarraian datozen itzulpenetatik ikusi daikegunez.
Literatur itzulpenok be jakingarri dira: 1) Rosa Fria'ren «Ilargiko Patinatzailea» (Haranburu, 1985); 2) Euripides-en «Bakanteak», teatru-lana (Kriselu, 1986); 3) Voltaire-ren «Mikromega» (Kriselu, 1987); 4) Flaubert-en «Bihotz apala» (Kriselu, 1987); 5) PU Sung-Ling-en «Itsasoko mamuak» (Kriselu, 1987); 6) J.M. Gisbert-en «Esmirna'ko Magoa» (Anaya, 1987); 7) Angela C. Ionescu-ren «Ez omen da inor egon bertan» (Anaya, 1987); 8) «Munduko Legendak (Sua, 1988); 9) «Stop Txango bat egitera doa» (Mondadori, 1988); 10) «Stop Eritetxea bisitatzen» (Eric Hill) (Mondadori, 1988); 11) A.M. Pacheco-ren «Bi Jakintsuak» (Mondadori, 1989); 12) A.M. Pacheco'ren «Txirrita eta Inurria» (Mondadori, 1989); 13) A.M. Pacheco'ren «Kometa» (Mondadori, 1989).
Onez gaiñera jatorrizko lanak asko ditu ornidu. Urrengo aldizkari ta egunkarietan azaldu ditu lanok: «Anaitasuna», «Argia», «Jakin», «Olertii», «Zehatz», «Oh! Euzkadi», «Aizu», «Ttu-Ttua», «Literatur Gazeta», «Habe», «Punto y Hora», «Egin», «Deia».
Eta azkenen bereak ditu liburu oneik: 1) Egun batez, nobela (Haranburu, 1983); 2) Hitzak, poesia (Haranburu, 1983); 3) Izan bainintzen soldadu, ipuinak (Haranburu, 1983); 4) Amodioz eta gorrotoz, poesia (Haranburu, 1986); 5) Uda baten amodio zoroa, ipuinak (Haranburu, 1986); 6) Terrorista, nobela (Haranburu, 1966); 7) Mikel Zabalza edo Izuaren tunela, nobela (Kriselu, 1987); 8) Bizi aparra, poesia (Kriselu, 1987).
Ba daukaz beste lan batzuk argitara emon bakoak: «Etimologiak Azkue'ren iztegian» eta «Txori izenak Azkue'ren iztegian», esate baterako.
Lanon artean, atseden billa ameneko Maitagarriekin izan dau artu-emona; au da, zenbait olerki-lan jostagarri be arildu dauskuz. Or iru poesi-liburu, Hitzak, Amodioz eta gorotoz eta Bizi aparra.
Irakur bi oneik, bata Amodioaren bularretan («Amodioz eta Gorrotoz» liburutik artua) eta bestea Paranoia («Bizi aparra» deritxonetik jasoa).
PARANOIA
«Haur ilhortu baten ezurtxoak
neska-lehen-odolez nahasiz,
egiten du sorgin den atsoak
maithagailu bat, on dena guziz».
Jon Mirande
Kaleko izkinetan
orotan,
agian edifizio barnetan
pareta arteko solasaldietan
eta gaupean babes izanik
iluntasun beltza goizartzen duten
farolen argizpietan,
apika kotxe arinetan
nesken gonalabur motzetan
irri infantiletan
begirada ñoñoetan
eta
zergatik ez?
ordu berandukorretan
beharbada
tik-takdun erlojuetan
beraun etengabekeria erotuan
kariketako kantari
tapust-tapastarren
gitarra xiliabatuetan
ipuinetako xirulari sorgintzaileengan
maitagarri onutsengan
akaso
neure amonaren esanetan
ene maitalearen besoetan
haren hitzetan
promesetan
amodioan
txinurrimeta New Yorktuetan
eta
ziur
neu neugan
datza
pertsegitzen nauen eldarnioa.
Txillida euskal artista da, artista errimea. Eta lengoan, aste bi dirala, artista onek Gernika'n ipiñi dauan oroigaillua ikusten eroan ninduan adiskide batek. Arriz eta zementoz osoturiko monumentu orren aurrean lagunak niri: «Ez dot tautik be ulertzen». Eta gaur-eguneko barne-arnasaz jantzitako erti orren zeresan naia, pizkat beintzat adierazo nairik nekatu nintzan; alan be, ez eustan askorik artu. Poema au irakurriaz, beste ainbeste ez ete jasoko?
Poesia, lirikua bera; adibidez, bereizi oi dute leengo literatur idatziak. Au zeiñetan jarriko? Nik sozial-saillean sartuko. Olerkaria gizartean ez al da bizi; gizaseme ta emakume artean, norbera buru dala, gizarteko bat, bizi, lan, lo, alikatu, ibilli, garrazi gizartean dagiala. Dei bat, intziri bat dozu olerkia, eta leenera biurtu guraz ei gabiltz, barne daroagun kezka bat bota naiez bizi gara. Picasso'k, bere margo-lauki bitxien bitartez barruan eroan kezka bat, buruauste bat kendu nai ei eban beragandik.
Irakur ostera be poesi biok eta itzegin.