Jean Robin idazle-kopiatzaile lapurtarra
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1999-11-19
Euskal letretan Haranederren Testamentu Berria kopiatzeagatik gutxiz gehien ezaguna izan da Donibane-Lohitzuneko Jean Robin apeza (1738-1821); horrezaz landara, arras urria da egile honen gainean iritsi zaigun berria, ez beti baikor izateko modukoa gainera, izan ere, eta Lafitterri jarraikiz bereziki, garrantzi haundiagorik ez zuen kopiatzaile hutsa baino ez zatekeelako. Esan bezala eta Lafitteren aburuz, ohikoan Robini eratxiki izan zaion Birjinia itzulketa ez litzateke Robinek berak egina, ezagun ez zaigun beste egileren batek burutua baizik, Robinena kopiatzaile lan soila izan zela. Hala izan ala ez izan, garbi dago testua Robini esker iritsi zaigula, eta beste ezer ez dakiguno, Robin aipatzen jarraitu beharko dugu. Birjinia edo donzeil kristaba lau liburukiko idazki luzea dugu zinez, 2200 orrialde ingurukoa, Migel Angel Marin (Marsella, 1697-Avignon, 1767) frantxikotarraren Virginie ou la vierge chrétienne, histoire sicilienne pour servir aux jeunes filles qui aspirent à la perfection Paris, 1752 gai erlijiosoko elaberritik lapurterara 1783-1784. urteetan eginiko itzulpen-egokitzapena. Nahiz 1891.eko bilduma bibliografikoan Vinsonek egile honezaz mikorik aipatu ere egin ez zigun arren, Robinen eskuizkribu honen berri bazigun ekarri jada 1898.eko Essai famatuaren gehigarri eta zuzenketetan: «Un ms. en quatre volumes reliés en veau, format pet. in 8º, avec les tranches rouges et sur le dos l'inscription donceilla christaua. Sur les titres est la signature Jne. Marie Robin, et sur les feuillets de garde la note ex libris Larralde presbyteri, 1820. Le titre varie un peu à chaque volume. Il se résume cependant généralement ainsi: Birjinia edo donceil christaba lempizte siciliarra osotasunerat heldu nahi diren nescatcha gazteei moldetzat baliatcezotçat aita begirungarri Migel-Aingeru Marin chikien chikien donepilaco fraideac egina eta Lapurdico eliza gizon batec berriro escuararat itzulia».
Nahiz iparraldeko egilea den, Robinen testuan aski argi hazta daiteke Larramendiren eragina, 1745.eko hiztegi hirukoitzatik harturiko hitz berri ugaritan bereziki, izenburuko bereko begirungarri horrek argikiro salatzen digun bezala; hona hemen Aintcineco solasa-ren hasmenta hitzak lagin gisara: «Donceil christabei eskeintcen diotegun moldea ezta hambat bapildetan hertsiac daudenentzat nola bere burrhasoen etchean edo bere gain bizi direnentzat. Lehenci ere balia dakieke, egia da; ordean baitute hejec biciaraudeac, hec leyalki begira betzate, eta hortaz dakete bere deia», non Larramendik sortu lempizte (historia), donepila (orden relijiosoa) eta bapilde (komentua) neologismoak baititugu.
Ber gauza agitu zaigu Dassanceren liburutegian zeutzan honako bi eskuizkribu luze hauekin, Lehenbizico liburua: Arima penitent baten sentimenduac, erregue prophetaren berrogoi eta hamargarren psalmoaren gainean, eta Bigarren liburua: Jaincoaren ganat itçultcen den arima baten sentimenduac erregue prophetaren ehun eta bigarren psalmoaren gainean. Bai Francisque Michelek eta bai Julien Vinsonek, biek aipatu zituzten itzulpen hauek, alabaina, Michel izan zen Robinen egiletasuna aipatu zuen bakarra, eta hortaz, hagitz gutxi izan dira uste honetan segitu izan diotenak, areago horren iritzi erabatekoa Lafittek jaulki zuenetik. Osotara 130 orrialde inguruko idazkia dugu, bi zatien artean berrogeita bat kapitulukoa, non lapurtera nagusi den, eta aurrekoan gertatzen zenaren kontrara, Larramendiren hatzik ez dago: «O Jaincoa, bekhatuec damuztatcen eta penitenciac facegatcen çaituena, errecibi çatçu fagorezqui çure populuac humilqui eguiten dauzquitçun othoitçac, eta urruntçatçu gure ganic gure bekhatuen nombre handiac mereci-araci dauzquigun cigorradac. Gracia hori galdetcen dautçugu Jesus Christo gure jaunaz, halabiz».
Bada Robin olerkaria ere, Onaindiak Mila euskal olerki eder bilduma mardulean ekarri ziguna nahiz nondik hartu zuen zehaztu ez zigun: «Errobin apezak baditu bertso jagiak be, orduko barri-zalekeriaren aurkakoak geien bat. 1802ko urrillaren 26an, Getarin komentu barri bat jaso ebenean, gai aretzaz egiñak, esaterako, guztiz zorrotz eta irrikoiak dira». «Zer egin zare?» olerkia da Onaindiak eskeini zigun Robinen lana, Auñamendikoek ere euskal literaturari buruzko entziklopediaren lehenbiziko alekian kopiatu zuten bera: «Zer egin zare, koplari zaharra / Gure anjeren xaxari zuhurra / Zure antzearen / Eta doñuaren / Emen gaude eske / Behar handi ginduke / Hel, bada arren». Azkenik, eta arras gauza iluna baden arren, D. Garatek berak 1783.eko martxoko Le Mercure de France aldizkarian Robin apezak sinatu bi libururen berri eman zuen, bata Ameriketara 1781.ean eginiko bidaztiaren eta Rochambeau kontearen gora-behera militarren berri ekartzen zituena, eta bestea aintzinitatearen gaineko sekretuei buruzkoa. Tamalez, bi hauei buruz Garaten aipamen labur hau baizik ez dugu.