literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Izarbeibarreko eskola

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1999-11-5

 

        Euskal letretan eskolaren batek famazkoa izan bada, horixe Sarako eskola izan da, Hegoaldean eta Larramendiren bultzadarekin jazo euskal letren XVIII. mendeko errenazimendua baino mende bat lehenagokoa, eta Axular nafar-lapurtar eskola-kide guztien buruzagi nabarmen. Zinez kurios agitzen zait, ordea, bestelako eskola garaikiderik Hegoaldean ez topatzea, bereziki, Trentokoa izan zenetik, eta banago aldikal aipatu ohi diren dotrina eta gisa horretako liburu solteak, bere unean ongisko bilbaturiko sare baten barruan kokatuak ziren, edo bederik ere, ezin dela aparteko lan isolatutzat eman, eta garaiko giroan txertaturik, berebiziko esanahi propioa bazutela.

        Diodanaren adibidea Izarbeibarreko Eskola deitu dudana izan daiteke, hau da, isolaturik ezagutzen diren Juan Beriainen lanak gerizpetu zituen giro kultoko Izarbeibar aldeko apezen bilkura. Ezagun da nahikoa berandu arte Erreniagatiko hegoaldera euskaraz mardo eta naroki hitz egin dela. Bonaparteren karta zein jasoriko langaiak honen lekuko, baita noizbehinka agertzen diren datu bakanak: Adiosko Martin Azterainek eta Utergako Mariak 1547.ean elkarri emaniko ezkontzeko hitza, Satrustegik Muruzabalen atxemandako XVIII. mendeko predikuen bilduma, edota Anselmo Legardak Utergako Baztan etxean topatu XVIII. mendeko dotrina, egile ezagunik gabekoa.

        Alta, badira lekukotasunik XVII. mendean Izarbeibarrean gai erlijiosoak bereziki lantzeko bilkura kulto bat izan zela baieztatzeko, eta hortaz, horren barruan ulertu eta kokatu behar da Beriainen bi liburuak, bai 1621.eko Tratado de cómo se ha de oir misa, eta bai 1626.eko Doctrina cristiana en romance y bascuence.

        Eskola honetako beste kideen artean Beriainen laguna zen Juan Undiano aipatu beharra dago lehenik —1615.eko abenduan Etxaguen izan zen Berianen sendikoa zen Altzorriztar baten ezkontzan—; izen ezaguna euskal letretan, Estornesek 1970.eko FLV-n ezagutzera eman zigunetik, alabaina bere euskal kantutegia, ez bere euskal bertsoak, ez zaizkigu iritsi, agidanean, eta Arnotegin eman zituen urteetako gora-behera kalapitatsuekin konformatu behar dugu gaur geroz.

        Euskaraz idatzi ez bazuten ere, euskaldunak zirelako, eta bereziki izarbeibartarrak zirelako eta Izarbeibarren bete zutelako beren apez-lana, adiostar eta garestar biren lekukotasun idatzia dugu eskola honen nondik-norakoak zehazten hasteko. Adiosko semea zen Juan Lezaun sorterriko abadea ere izan zen, bertan 1699 zendu zelarik. Urte batzuk lehentxeago, 1692.ean hain zuzen, eta Iruñetik ekarrarazi zuen Domingo Berdalak moldakaturik, izenburu luzeko eliz liburua atera zuen Adiosen bertan ere: Thesoro Evangélico para los curas de almas en que se trata de siete artículos de la divinidad y de los primeros de la santa humanidad de nuestro señor Jesuchristo, del aprecio del alma, obligación de los curas, de la fe, de la infabilidad de la sagrada escritura, de la creación de los ángeles y de la providencia divina, de los siete vicios capitales y virtudes contrarias a ellos, de las excelencias de María Nuestra Señora, de la circuncisión del niño Jesús, de la adoración de los reyes magos, de la fuga a Egipto y crueldad de Herodes, de los cinco últimos artículos de la Santa Humanidad de Christo Señor Nuestro, de la soledad de María Santísima, de la Iglesia y su tesoro, de la comunión de los fieles, de los cuatro infiernos,de las indulgencias y sufragios de almas, del purgatorio, de la muerte, de la poca seguridad de la presente vida, de la venida del Espíritu Santo, de sus siete dones y doce frutos, de la venida del anticristo y señales que precederán el juicio final y los rigores y circunstancias de él. Honako lana Iruñean orduan gotzai zegoen Juan Grande Santos de San Pedrori eskeini zion, eta Joseph Burdeus mertzedario eta Manuel Sorkundekoa trinitarioak idatzi zizkioten onarpenak. Liburuan bertan dioskunez, Juan Lezaun ez zen, ia bizitza osoan, sorterritik atera, eta Adiosen eman zituen abade-garaian anaia baten laguntza izan zuen, apeza ere bertako benefiziadu.

        Lezaunen liburua moldakatu zuen liburuegile berak, hau da, Iruñeko Zapateria karrikan moldetegia zuen Domingo Berdalak, Adioskoarena bukatu eta segituan, heldu zen 1693.ean hain zuzen ere, Garesko Joan Joakin Berdun Gendulainen lana prestatu zuen argitara emateko: Libro de las milagrosas vidas y gloriosos triunfos de las dos apostólicas columnas de el augusto reino reino de Navarra San saturnino y San Fermín trismegistos admirables ilustres en la nobleza, heroicos en la dignidad y en el martirio grandes. Garesen bertan moldakatu zen honako lanak ez zuen egiantzik, eta karrikan adi zitezkeen kontu zaharretan oinarrituago zirudien artxibotako datuetan baino; Iruñeari eskeinia, «vena feliz de purezas y gloriosas azañas», San Ferminen eta San Zerninen bizitzak zein Bideko Donamariaren eta Aralarko Aingeruaren agerpenen gora-beherak jaso zituen, Pérez Goienaren aburuz inolako kriteriorik gabe ez eta zentzu historikorik, halaz ere, Berdun teologian doktorea genuen, eta Garesko abadea izateaz gain, bertako Izpiritu Santuko moja agustindarren bikarioa izan zen, eta liburuan jaostzen denez, ez zuen eragozpen haundirik Lorentzo Gartzia Beruete domingotarraren eta Domingo Pérez Atotxa artzedianoaren oniritziak eskuratzeko.

 

Bilaketa