literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Klasiko nafar baten 250. urteurrenean

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1999-10-29

 

        Milurtekoa ahitzera doan honetan, XVIII. mendean hegoaldean garatu euskal letren errenazimenduan berebiziko garrantzia izan zuen egile nafar batek idatziriko lanak 250. urteurrena betetzen du, eta bere garaian hainbat edizio izanik benetako best-seller izan bazen ere, egun ezezagun bezain eskuraezin darraikigu. Gutxi izan dira Mikelestorenaz arduratu diren euskalariak, halaz guztiz, eta Altzola Gerediagak harturiko ardurari esker bereziki, nahikoa dateke euskal idazle honen gainean dugun berri andana Mikelestorena nor zen eta bere lana zein muntakoa genuen jakiteko. Jose Antonio Mikelestorena Endara bortziritarra genuen sahiets guzietarik ere, Pedro Maria aita Etxalarkoa eta Josefa ama Lesakakoa baitzituen, berau 1710. urteko azaroaren 7an sortu eta 1785. urteko urriaren 27an zendu zelarik amaren ber herrian. Gazte zeneko Migel Obiria erretoreak eragindua edo, eliz ikasketak Iruñean hasi zituen, 1729.eko abuztuaren 28an lehenbiziko tontsura egin zioten, 1730.eko ekainaren 2an gradu txikerrak jaso zituen, 1733.eko irailaren 2an epistolakoan ordenatu zen, eta, azkenik, 1734.eko martxoaren 10ean ebangeliokoan, segituan Irungo kapelau joateko. Geroxeago, eta Donostiako moja oinutsien bikari eta kapelau aritu ostean, Lesakako erretoretza erdietsi zuen, baita bertako moja agustindarren zuzendaritza izpirituala 1768.ez geroz.

        Garaikoan garaiko, Mikelestorena ez zen misiolari apostololiko eleder horiengandik hain urruti, ez ekintzetan ez muinean ere. Hegoaldeko euskal literaturak XVIII. mendean pairatu zuen piztearen egile nagusienetakoak ziren Larramendi eta Mendiburu lagunak zituen Mikelestorenak, eta dantzen gaia zela eta bien artean zegoen lehian ere sartua zegoen hala edo nola gure egile nafarra, Mendibururen herstura ideologikora lerratzen zelarik. Oiartzuarrak bere Christau dotrin edo catecismo lucea 1764.ean bukatu zuenean, orden buruek Larramendiri eskatu zioten liburuaz zuen iritzia atera zezan; Andoaingoak zentsura ezezkorra egin zuen, eta honi erantzuteko Mendiburuk deskarguzko gutuna igorri zion probintziako nagusiari 1765.eko abenduaren 10an. Eskutitzean Mikelestorenaren testigantza jasotzen zuen Mendiburuk, bere buruaren defentsarako, dantzen inguruan lesakarrak zuen aburua argikiro utzirik: «No son mejor tratadas por los curas las danzas en muchos lugares de Navarra (...) Aunque hay tamboril que convide todos los días de fiesta en Lesaca, se puede decir que no ha habido allí danzas estos 28 años por la oposición que les hace don Joseph Antonio Miquelestorena bien conocido del censor, siendo así que Lesaca es pueblo desparramado, y de cosa de dos mil almas de comunión, y al mismo tiempo es pueblo, donde hay tanta piedad, devoción y frecuencia de sacramentos, como en el lugar mejor arreglado de todo el vascuence».

        Guri interesatzen zaigun lanaz aparte, Mikelestorenak Hernaniko mojek argitara eman zuten bere erregelaren edizioaren sarrera idatzi zigun 1768.ean. Langintza honetan, hau da, mojen bizimoduaren erreformatzaile lanetan, Larramendi bera ibili zitzaigun, eta ez da dudarik honen karietara biak elkarren ondoan izan zirela. Hernaniko moja agustindarren etxean Larramendik bi lehengusina eta bi iloba bazituen, eta harakotu zen batean barruko ohiturek asaldaturik, erregelaren erreforma egiteko proposamena luzatu zien, baita argitara eman 1750.ean. Honen ostean, Larramendiri beste tokietako mojen erregelak gaurkotzeko eskaerak iritsi zitzaizkion, hala nola, Donostiako, Mendaroko, Motrikuko eta Soraluzeko moja agustindarrengandik, eta Zumaiako moja karmeldarrengandik.

        Atxek gakizkien orain Mikelestorenaren liburuaren gainekoei. Zerura nai duenak ar dezakean bide erraza eskuliburuak bost edizio izan zuen, bostak Iruñean agertu zirelarik. Lehendabizikoa, Martínez liburugilearen ondorengoen etxean ageri zen 1749. urtean, marrazki ugariz hornitu 114 orrialdeko ale txikerra; bertan Jesusen bihotzaren bederatziurrena dakar, baita zenbait eliz kantu ere: «Gure gusto, gure atseguin, gure Jesus Maytea, cere biotceco suan, erre zazu gurea». Altzolak ezagutzen zuen ale bakarra Aranako Kontrastako abatea zen Eusebio Larramendiri erosi zion Astigarragako apeza genuen Felix Agirrek 1933. urtean, eta azken honi Jesus Zilbeti Azparren botikari iruñarrak bererosi zion 5.000 peztatan.

        Bigarren edizioa 1751. urtekoa dugu, eta Gerónimo Anchuela librugillearenean atera zen; honen berri Vinsonek eman zigun: «Très pet. in 8, 104 p. Titre encadré de petits fleurons. Titre, p. 1-2; prières du matin, du soir, du jour, du mois, 3-13; de la confession et de la communion, 13-36; manière d'entendre la messe, 37-60; chemin de la croix, 61-79; neuvaine au coeur de J´sesus, 80-102; table, 103-104. Je n'ai jamais vu d'autre exemplaire que celui, très médiocre, que je possède», alabaina egun ez omen da honen arrastorik ere geratzen. Hirugarren edizioa Joseph Radaren etxean inprimatu zen 1754. urtean; Altzolak ezagutzen zuen ale osagabe bakarra Zildozko Perutxenan agertu zen, Mendizabalen desamortizazioa zela eta Ezkabarteko herrian apez ziharduen Isidoro Díez de Ultzurrun anai kaputxinotarrak erabiltzen zuena alegia. Azkenik, Altzolak datarik gabeko beste edizio biren berri eman zigun; bata José Radaren irarkolan moldetutakoa dugu, eta bestea, berriz, Longas etxean. Azken hau Pérez Goienak deskribatu ziguna da, eta aurreko edizioekin erkaturik, zertxobait laburragoa dugu.

 

Bilaketa