Jose Agerreren lanak Pregón aldizkarian
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1999-10-15
Iruña deituko zen gerra ondoko zabarkeria faxistak eragotzi izan ez balu, baina geure hiriko izena separatistatzat bazeukatenez, Pregón aukeratu zuen Prentsako Jefaturak 1943.ean, eta izen horrekin iaraunarazi zuten 1972.ean mututu artean. Aurrehistoria laburra ere izan bazuen izan Pregón-ek, bada, 1940. eta 1941. urteetako aste santuetan Marzo izenarekin atera baitzituen Felipe Jaso publizistak argitalpen honen lehenbiziko bi zenbakiak; alabaina, 1943.eko aste santua apirilean egokitu zelako edo, Iruña izen berriarekin arra-bataiatu zuen papera. Euskal izena debekaturik, esan bezala, urte bereko Sanferminetarako atera zen lehenbiziko Pregón, eta izen berria musteaz aparte, baita aldizkakotasun berria ere mustu zuten, orduz geroz urtaroka elki zelarik.
Orduko Nafarroako intelligentsia-k hartu zuen parte Pregón-en proiektuan lehenbizi José Díaz Jácomeren zuzendaritzapean kazetari galiziar hau El Pensamiento Navarro-ren erredaktore-burua izan zenean, eta 1950.ez geroz, FET eta JONS-eko propaganda burua zen Faustino Corella olerkariaren aginduetara. Kolaboratzaile aritu zirenen artean izen entzutetsuak bazeuden: José María Iribarren, Ignacio Baleztena, José Ramón Castro, Manuel Iribarren, Santi de Andía, Angel María Pascual, Florencio Idoate, Jose María Iraburu, Francisco Salinas, José Joaquín Arazuri, Patxi Arraras, Lozano Sotés, Nicolás Ardanaz, eta abar luzea.
Esan izan da euskarari tokia eskeini zitzaiola aldizkari honetan, eta egia da, baina ezin da baieztapen hau besterik gabe egin. Euskal kultura aldizkarian present egon zen gauza badugu, bereziki zenbait egilek aukeratu gai literarioetan baita hainbat artikulu folklore-etnologikoetan ere, alabaina euskaraz eginiko testuak arras gutxi izan ziren, eta guzti-guztiak idazle berak eginak, Jose Agerre Santesteban Gurbindo zenak alegia.
Jose Agerreren gainekoez ez naiz oraingoan luzatuko, nahiz, geure uste apalean, Tapiaren laguna zen honi askozaz ere begirune eta ezagutza zabalagoa zor diogu Iruñeko euskaldunok, baita Nafarroa osokoek ere. Axularren abizenkidea genuena, Iruñean sortu zen 1889.ean eta bertan zendu zitzaigun 1962.ean; beste aipagarriren artean, La Voz de Navarra egunkari abertzalearen zuzendaria izan zen, baita euskaltzain oso Akademiaren sorreratik, nahiz, berehalakoan, horri muzin egin zion zeukan lanak eragotzirik.
Agerrek 1948.etik eta hil bitartean igorri zituen bere kolaborazioak Pregón-era, bertan agertarazi zituen kolaborazioak bi motatakoak izan zirela, hau da, euskaraz tajutu olerki lan guztiak alde batetik, eta erderaz eman zituen iritziak zein saio jakingarriak bestetik. Poesiak ugari izan ziren, eta guztietan erdarazko itzulpen askea eskeini zigun: Iparragirreren «Ara nun dira» bertsoen airerako «Letania de la tierra sedienta, díptico en euskera y romance» (XIX, 1949), «Maitemin xiria ala-nola ur-tantoa» (XXII, 1949), Riezuren kantutegitik harturiko «O Eguberri gaua» (XXII, 1949), «Garizuman gogartez» (XLIII, 1955), «Eskola oroit-omenai batez: txitxokundea» (XLIV, 1955, baita Euzko Gogoa-n ere), «Berriki lehen meza eman duten apez berrieri» eskeini «Beti ta betikotz apez» (XLV, 1955), «Exurkiñaren etorkundean deun Iñakiri omen» (XLVIII, 1956), «Xabierreko Jaun Doni Prantziskori aintzaldi» (LIV, 1957), «Orixeren aintza» (LV, 1958), «Sanpermiñetan gunekak: karrika oztetzuan argalune» (LVI, 1958), «Ostirale deuneko mixteriok» (LIX, 1959), «Ixio: Juan Doni Brunoren beatza» (LXI, 1959), Zigaren omenezko «Margolari prestua» (LXIII, 1960), «Su-meza Jaundonibanez» (LXIV, 1960), «Ignazio Larramendi olerkaria» (LXV, 1960), «Done Agate» (LXVII, 1961), Sanferminetako irudi laburrak diren «Erriko danzariak» (LXVIII, 1961), eta «Eguberriko kanta: ixo-gaua, oi gorena!» (LXX, 1961). Olerki hauez gainera, hitz-lauzko «Pierre Lafitte: Eskualerriko gizapikuak» agertu zuen 1950.eko XXIV. zenbakiaren barnean Baxe-Nafarroari eskeini gehigarri berezian.
Argitara eman zituen erdarazko artikuluen artean, gehienak euskararekin edota euskal gauzekin hertsiki loturik baziren: «Nuestro improvisador: el bersolari» (XVII, 1948), «Folklore vasco navideño; canciones de navidad» (XVII, 1948), «El euskara, habla nativa de Francisco de Javier» (XXXIII-XXXIV, 1952), «Libros: vocabulario navarro por José Mª Iribarren» (XXXIII-XXXIV, 1952), «Pedro de Axular», XLVIII, 1956), «Arako, escritor satírico» (XLIV, 1956), «Folklore vasco navideño: villancicos y canciones de ronda» (L, 1956), «El príncipe Bonaparte» (LII, 1957), «Alejandro Tapia Perurena: poeta euskérico de Pamplona» (53, 1957), «Relieves de la epopeya Euskaldunak de Orixe» (LV, 1958), «Folklore en San Fermín» (LVII-LVIII, 1958), «El P. Román de Vera» (LXIV, 1960), «La poesía vasca» (LXV, 1960), «Obras del P. Donostia» (LXVI, 1960), «El poeta Orixe» (LXVIII, 1961), «El bertsolari y la radio» (1962), edota «Bertsolaris y el teatro euskérico» (1963).