literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Madrilgo Bizkaitar bat gurean: Jose Basterretxea Oskillaso

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1999-10-1

 

        Iruñean jada bizi zela eman zituen argitara Oskillasok Kurloiak eta El libro negro del euskara bere lanik ezagunen bezain polemikoenak; eta, Madrilen jaio zen gernikarra ingeles irakasle izan dute hainbat eta hainbat iruñarrek, seguroenik ere jakin gabe, euskara batutik arras hurran dagoen euskara osotuaren sortzailea izan zela. Jose Eliseo Basterretxea Matoni Madrilen jaio zen 1911.eko abenduaren 9an, Gernikako Saraspe auzoan zen baina urtebetea egin aitzin engoitik; bertako agustindarren ikastetxean ikasi ostean, Valladolidera lehenbizi eta Madrilera gero joan zitzaigun matematikako eta fisikako karrerak burutzera (1928-1933); bestalde, Madrilen familia osoarekin izan zen, bada, Oskillasoren aita zen Juan Pedro Basterretxea Iraurgi Marinako Minesterioan enplegatua baitzegoen itsasontziko kapitaina izateari behin laga ostean. Gerra baino lehen, Eusko Ikasle Batzako buru izendatu zuten, eta hortaz, gudualdiak iraun bitartean Parisen izan zen, baina hantxe bizimodua aurrera ateratzeko zeuzkan zailtasunek eraginda, Bartzelonan zuen familiarengana joan zitzaigun. Gerra ostean Iruñera etorri zen estrainekoz Agerreren sendiak deituta, Gurbindoren partez Vínculoko plazan zegoen institutuan ingelesezko eskolak eman zitzan. Geroago, 1943.ean hain zuzen, Madrilera itzuli zen hartzara, hango unibertsitateko matematika irakasle; 1946.ean Madrildik Lleidara ingeles irakasle, 1952.ean berriz ere Madrilera, eta 1955.ean, azkenik, Iruñera etorri zitzaigun betiko, Príncipe de Vianako instituan ingeles eskolak emateko artaz, bai eta 1957.ez geroz, Nafarroako Unibertsitate pribatuan, fisika irakasle hasieran, eta euskara eta euskal kultura irakasteko 1971-1986 urte bitartean, Joxemiel Barandiaranen ondotik. Jubilatu ostean, Iruñean geratu zen, eta bertan hil zitzaigun 1996.eko apirilaren 25ean.

        Bi dira, oroz gain, Basterretxeak utzi zizkigun lan guztien artean egun bereziki ezagunak gertatzen direnak: Kurloiak eta El libro negro del euskera. Lehenbizikoa, hau da, Kurloiak: kaletarren haur-zaroa Bizkaian, 1962.ean argitara atera zen Zarauzko Itxaropena argitaldariaren eskutik; Patxi Urrutikoaraunabeitia mutikoak bizitakoak jasotzen dituzten hogeita bat kontaera, gehi Azkueren gipuzkera osotua gaindituko lukeen euskara osotuaren proposamena luzatzekoa den hitzaurre luzanga dira liburu honen mamia. Hala edo nola, Oskillasoren haurtzaroan berean oinarriturik dagoen testua berauk proposatzen zuen euskara literario berriaren eredua genuke, horregatik ere, ez zuen kritikalariengandik arras epai samurra jaso; Villasantek balio literarioa onartu bazion ere, hasierako proposamenarekin akortegi ez baitzen, honela idatzi zuen Arantzazu aldizkarian: «liburu guztia ere bizkaitar jatorrez egin izan balu, askoz atsegiñago, gozoago ta gustagarriago irtengo zan euskaldun guztientzat»; ber moduan ere, Mitxelenak Kurloiak liburuari darion umore ingelesa goraki txalotuagatik ere, Oskillasok zerabilen euskalki nahasketari ez zeritzon onargarri: «ez baitago ozpin minagorik elkarrekin ezin ezkon daitezkeen goxokiz nahasia baino». Biei ihardetsi zien Basterretxeak Egan-en, Villasanteri 1962.ean eta Mitxelenari 1963.ean. Kurloiak liburuaren zorioneko hitzaurrean berean, berriz, berak asmatu euskara osotuaren proposamena azalduko lukeen liburua iragartzen zigun Oskillasok, eta berandu bada ere, horixe litzateke gorago aipatu bigarren lan entzutetsua, hau da, El libro negro del euskara —Bilbo, La Gran Enciclopedia Vasca, 1984—, Akademiatik proposatutako euskara batuaren arrakastaren eta onarpenaren ikuspegi ezezkorra eta, bere unean bederen, errealista.

        Hala eta guztiz ere, eta iduri dezakenari aitzi, Basterretxea ez zen bazterturik izan, eta 1963.eko urriaz geroztik euskaltzain urgazle genuen, eta goraipatuak izan diren bestelako lanak egin zizkigun, esaterako, fonologia arloan; honetaz, Fontes Lingua Vasconum gurean bi lan eman zituen argitara, «Estudios sobre entonación vasca según el habla de Guernica» 1974-1975. urteetako zenbakietan, eta «Hizkera soinua dala ta» 1976.ekoan, lehenbizikoaz Txillardegik mendebaldeko azentuaz egin den deskribapenik zehatzenetakotzat jotzen zigularik. Hauez aparte «Gernikako hizkeraren arabera, euskal entonazioari buruz ikerketak» eta «Euskal azentua» eman zituen argitara Euskera-n 1982.ean eta 1986.ean hurrenez hurren.

        Literaturan ere, ipuin egile naroa izan genuen, eta Egan-en atera zuen lanik gehien: «Mikel eta erdaldunak» —1962.ean, baita San Martinek eta Basaurik apailatu Hegatsez 1971.eko itz-lauzko bilduman zaharrean—; «Nylonezko euritakoa» eta «Zerura joan eta etxera etorri» —1964.ean biak, lehenbizikoa Donostiako euskal jaietako lehen ipuin sarian irabazle suertatu zelarik—; «Hizkuntzalari handi bat» eta «Jostailuak, semeak eta gurasoak» —biak 1965.ean, eta lehenbizikoa baita liburu beltzean ere—; eta «Akatsbako gizonaren heriotza» —1967.ean—. Itzulketa ugari ere egin zituen Madrilgo bizkaitarrak: Edgar Allan Poeren Upel bete amontillado, Mark Twainen Erregaia eta eskekoa, edota Charles Dickensen David Copperfield. Argitara eman gabe hainbat idazki ere utzi zizkigun Osakillasok: 38. paraleloa, Gabeko atorra, Euskalerriko baserrietan baño abadezaletasun gehiago Madrilen —1967.eko Kirikiño sariketan saritua Juan Antonio Letamendiaren lanaren ondotik—, edota Los gemelos de Iturriondo erdarazko elaberria.

 

Bilaketa