literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Gaizka Barandiaranen ekarpenaren gainean

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1999-9-3

 

        Iazkoan eta Arrasateko Udalak aitzinaturik, Josemari Velez de Mendizabal idazle aramaioarrak Gaizka Barandiaran, bere bizitza eta lanak 80 orrialdeko idazlan laburra bezain trinkoa argitara eman zuen; ezin esan lan hark atzeman ohiartzuna ozena izan ez zenik, alta lan honen irispidea ez da horren zabala gertatu, eta alferrikakoa da Nafarroa aldeko apalategietan topatzea, salgai zein kontsultagai, ausaz, lanak izan zuen jaulkipen laburraren ispilu. Bestalde, ordea, Barandiaran ez zaigu batere arrotz, eta gurean berebiziko interesa dauka josulagunaren ekarpena, bertako aldizkingietan ateratako lan ugariz gainera, Xabierren eta Tuteran eman zituen urte luzeetan utzitakoarengatik.

        Gaizka Barandiaran Balantzategi Oñatiko San Pedro auzunean jaio zen 1916.eko martxoaren 3an. Gurasoak Ezkoriatzakoak zituen, aita Bolibarkoa eta ama Apotzagakoa. Gazterik gazte, bi urterekin edo, Arrasateko Mentu baserrira aldatu ziren, eta geroxeago ere, aitak berak altxatu Marko-Etxeberrira. Sei urterekin udal eskolan sartu, eta 1928.ez geroz Durangon izan zen batxilergoa burutzeko xedez. Durangon ere josulaguna izateko erabakia hartu, eta hortaz, Belgikako Tournai hirira aldatu zen; txanda hartan joan ziren 16ren artean Estefania aita irakasle moduan eta Zaitegi ikaskide bazituen. Hauekin batera, Lizardiren eta Orixeren hainbat olerkiren frantses aldaerak itzulikatu zituen Parisko Études aldizkarirako. Zinitzak egin ostean, 1937.ean Marneffera joan zen filosofiaren ikastera, baina handik gutxira Espainiaratu behar izan zuen soldadutza egitera beharturik, azkenez, filosofiako ikasketei amaiera Oñan eman ziela 1941.ean. Xabierrera bidali zuten orduan; hantxe, magisteritza ikasteaz aparte, txistua jotzen ongi trebatu eta dantza taldea sortu zuen, bertan nafar folklorea biltzeko aukera aparta profitatu zuelarik, tartean Uztrotzeko Ttun-ttuna, «Roncal riñón de Vasconia» artikuluan azaleratu zuena. Xabierren labur izan zen, bada, 1944.ean Oñara itzuli baitzen teologia ikasle. Apezteari 1947.eko uztailaren 30an heldu zion, Txina aldean Wuhuko gotzaia zen Zenon Aranbururen eskutik, eta urtebete Gandian eman ostean, Tuterara iritsi zen 1949.ean. Erriberan hamasei urte igarota, Insbrucken izan zen labur, handik 1967.ean arraitzuli zenean, Donostian irakasle aritzeko 1992.ean jubilatu zen arte. Egun ere, Donostiako San Ignazio ikastetxean bizi da.

        Durangon piztu zitzaion euskal dantzarako grina, eta hantxe, Iurretakoa zen Aldekoa eta Elgoibarkoa zen Azpiazu dantza-maisuek Dantzari-dantza eta Soka-dantza erakutsi zizkioten. Gorago esan bezala, Xabierren dantza taldea sortu zuen, eta Oñan dantza ikertzaile moduan trebatu zen. Iruñeko Udalak 1953.ean antolatu Iruña-Miarritze dantza jairako kapelaua Gaizka aukeratu zuen —ordurako Maxi Aranbururen laguna bagenuen—, eta 1956.ean International Folk Music Council izeneko elkartean sartu zuten, euskal folkloreaz mintzalari Stuttgarten aritu zela —hortaz, ez da harritzekoa Grove's Dictionary musika entziklopedia ezagunean berean euskal musikaz eta dantzaz izkiriatu izana—. Ugariak dira, bestalde, euskal dantzaz ondurik dituen hamaika artikulu jasotzen duten argitalpenak.

        Tuteran zegoela jada Tournain itzultzen hasitako Iliada bukatu zuen osoz, argitaratzeko, ordea, arazo ugari izan zituen. Antonio Tovarrengana jo zuen lehenbizi, giro falangistan ongi mugitzen baitzen, baina hark ez zion baimenik erdietsi; gero, Barne Ministeritzako Liburuen Sailera jo zuen Madrilen, alta, eta espero zuenez, pentsaezina; azkenik, Nafar Aldundian zeuden Gortari Errea eta Caballero politikariek eman 8000 pezetekin inprimaketaren gastuei aurre egin zien eta 1956.ean agertu zen Gasteizen bere lanik ezagunen bezain diskutituen dena, Iliasena alegia. Aski agerian utzi zuen Velez de Mendizabalek bere liburuaren atarikoan nahiko gauza ixildurik geratu zirela biografiatuak hala eskaturik, bada, trapu zaharrak hobe etxean garbitzen badira inora atera gabe, alabaina Mitxelenarekin izaniko tira-biren berri emateari ez zeritzon oker, bere begikoz Errenteriakoak ezin baitzuen eraman Barandiaranek euskal kontuetan aurrea hartu izana. Ilias'ena 1956.ean atera zenean Mitxelenak erreseina luzea eskeini zion ber urteko Egan aldizkarian, berak ohi zituenak baino luzangagoa, eta guztiz zuzena ez bada ere, hau da, mamiari zehiarka baizik heldu ez bazion ere, azkenerako aski argi utzi zuen kitzikatzen zuena: «Irakurle euskaldunak ez du liburu hau ireki besterik nahi duen lekuan. Zenbat eta euskaldunago, eramangaitzago eta gogaikarriago izango zaio irakurtzen duena. Itzulpen honetako hizkerak leku malkarretan barrena, katazka bizian, dabilen gurdi zahar negartiak baino kurrinka eta karranka gehiago dario (...) Geldi bedi behintzat argi, ez naizela honela ari itzulpen honen hizkera, egileak dioenez, garbia delako. Garbia delako, ez; behar den bezain garbia ez delako, bai»; eta honenbestez, kategorikoki, Mitxelenak ahoan bilorik gabe arazki zion ausart: «Iliada oraindik itzultzeko daukagu». Gaizkak ez bide zuen Mitxelenaren irakaspenik onartu nahi izan, eta bere euskara artaztu ezean, egungo idazleena euskara ez dela diosku soraio, Atxagarena kasurako, hizkuntza indogermanikoen ereduari gehiegizko atxikimendua zaiolakoan; bere burua garbizaletzat daukan heinean ezin onartu hiztegia zabaltzeko beste hizkuntzetatik hartzeko grina, eta bere ustez, egungo joskera bera ere nahikoa makur dabil egile modernoen idazkietan.

 

Bilaketa