Alexander Tapia Perurenaren mendeurrenean
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1999-8-13
Herenegun Iruñeko olerkaria jaio zeneko mendeurren eguna genuen, alabaina, komunikabide gehienetan bestelakoa izan da egun horrek utzitako arrastoa: interes zientifiko urriko eguzki-eklipsearen ingurukoak alegia.
«Gau ilunaren ixiltasunan
Maiz ta sarritan gogaltzen
Nere erriaren etorkizuna
Begi zorrotzez aztertzen...».
Uda partekoa ez omen da kazetarien berebiziko garai aukeratua, eta politika zein futbol ezean, berri emanaldien minutu luzeak betetzeko zer dute kezka iturri nagusi. Aurtengo abuztuan, ordea, afera zertxobait artaztu bide da, eta zerutik beretik iritsi zaie mintzabide hauta, hots, eguraldiaren nahasmenta edota eguzki-eklipsearen zioa. Honetan ere, makurregia izan da gure Tapia Perurenaren egoala, eta abuztuan jaiotzeaz ezezik, bere mendeurrenaren egun berean eguzki-eklipse berezia egokitu zaio, mendearen azkena eta Europa zibilizatuan hots, eta seguruenik ere, efemeridea nahikoa oharkabean berdin-berdin igaroko bazitzaigun arren, ez da dudarik ospakizun egunari aitzi zimaur moltsoka aritu izan dela, Nostradamusen izenean neurri haundi batean, beharrekoaren arreta goriki galarazteko.
«Olerkari gaxoa, ziñez errukarria
Esango al didazu zein dan zure miña?
Zure gogo samurra horrela bizitzeko
Atsekabez betea ote da egiña?...».
Ez litzateke bidezkoa Tapiaren olerkiak argitara emateko Iruñeko Udalak hartu zuen ardura ez txalotzea, baina honetan ere, zoritxarrez, bigarren asmoak lehenbizikoa sobera apaldu zuelakoan banago, hau da, Tapiaren mendeurrena bera nahiko ahantzirik geratu zaigu, bere olerki batzuk jaso dituen bildumari liburu azokaren bezperan eman zitzaion garrantziak janda neurri haundi batean. Bestelakoa zatekeen kontua, ausaz, ekaineko hauteskundeak oraingo abuzturako edo irailerako atzeratu izan balira, alta honek ez du atzera bueltarik, damuz, eta jadanik urriegi geratu zaigun olerki-bilduma da asteazkeneko ospakizunerako izan dugun bakarra, eguzkirik gabeko goiz ilun batean irakurtzeko gainera.
«Oñaze ontan, ni naiz neguko zuaitz biluzi
Ta izoztuai idurikoa.
Aize gogorrak astintzen ditu, ta aien azalez
Euria doa ta doa...».
Iruñeak izan duen euskal poetarik haundienaren mendeurrenak, ordea, bestelako ospakizunak behar zituen. Ez litzatekeen soberaegi Barzina alkatesak Euskaltzaindiko ordezkariak udalean eta ekitaldi ofizial batean hartu izan balitu honen karietara; bestalde ere, akademiak toki egin behar izan zion Tapiaren oroitzapenari Irigarairen urtea den honetan eta ezin da ahaztu bi idazleak lagun hurkoak izan zirela; karrika zein plaza bati Alexander Tapia Perurena (1899-1957) errotulua ezartzen ez zaion bitartean on litzateke Iruñeko Udalak urtero antolatzen duen idazle berrien literatur sariketa gure poetaren izenez bataiatzea, betiere lehiaketa berri bat sortzen ez badu, orobat, izenbereko beka deialdia edo halakoren bat, agian ere, Tapiaren izena harro eramango lukeen Kultur Fundazio batek emanda.
«Ordun, olerkaria, zure maite-kutuna,
Biotz orren jabea, sumatu det nor dan.
Aberriarendako maitetasun bizkorrak
Surik ipiñi ditzu biotz-ezpainetan...».
Edozein modutan ere, balizkoetan dihardudan bitartean, baikor izateko arrazoia bazait pozgarri, hau da, neurri batean bederik ere, geure poeta ahanztura beltzetik atera dugula, eta kaleko iruñar arruntengana poxi bat bedere iritsi dela; ziur naiz Tapia bereziki poztuko litzatekeela oraingo erkideek bere lana irakurtzen ikusiz, eta horixe da hain zuzen, Iruñeko euskaldunok egin diezaiokegun omenaldirik egiazkoena, nahiz egia esan, topikoegia dirudien.
«Agur, Olerti eder-ederra,
Nere ortzeko argia!
Bitxi aratza, lili mardula
Goi txukunetik jautsia!».