Oar-Arteta idazle bizkaitarraz
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1999-8-6
Berri maratza iritsi zaigu Oar-Artetaz, idazle honen Segundo ilobak jaso zigunari esker bereziki, bai Littera aldizkarian behiala argitara emaniko artikulu batean, bai Zaar-barri liburuaren edizio berantiarrerako ondu sarrera biografikoan. Alta, eta Bizkaiko beste egile ugari bezala, nahikoa urruti geratzen zaigu ekialdeagoko euskaldunoi
Jose Antonio Oar-Arteta Undabeitia Ajangizen jaio zen, Kanpantxu auzoko Uriarte-Aurreko baserrian 1900.eko otsailaren 18an. Etxeko giroaren itzalean, ez zuen arazo haundiegirik apezgaitegian sartzeko, bada, lehendabizi karlista eta geroago jeltzale sutsua zen sendi batekoa baitzen; humanitateak ikasteari Lekeition lotu zitzaion lehenengoz, irakasleen artean, Juan Bautista Eguzkitza euskal idazlea bera izan zuelarik; geroago Gasteiza abiatu zen, baita Burgosera ere teolojia ikasketak burutzera, eta azkenik, 1923.eko maiatzaren 26an apeztu zen Gasteizen. Apez lanetan ihardun baino lehen, soldadutza egin behar izan zuen Gasteizko «Guipúzcoa» batailonean, Alhucemasko itsaslehorreratzea zela eta, Algecirasen egotea egokitu zitzaiolarik. Denbora laburra eman zuen hartan, ordea, eta urte hartan berean Euskal Herriratu zen abade lanei atxekitzeko; 1923.eko urriaren lehenetik Letonako erretorea genuen; 1924.eko martxoaren batetik Larraurin izan zen apez-laguntzaile moduan; zeregin berbera betetzeko bidali zuten Ibarrangelura 1927.ean, Mallabiara 1930.ean eta Markinara 1931.ean. Markinan izan zen 36.eko gerratea iritsi artean, eta orduan, erbesterako bidea harturik, Santoñatik Frantzia aldera egin zigun hanka 1937.eko uztailean: Bordele, Nantes, Belgikako Duffel eta Grimberg, Amiens, Roye; alemaniarrak iritsi zirenean, gure Iparraldera mugitu zen, eta Ziburun bizi izan zen apez lanak eginez 1947.ean hegoaldera itzuli zen arte; 1949.eko apirilaren 20an Lemoizko apez-laguntzaile egin zuten, eta hantxe izan zen 1975.eko apirila arte Gernikako abade-jubilatuen egoitzara joan zen arte, hots. Ziburun emaniko bulta oroitzearren, lehengusuarekin atera zen bidaian 1978.eko abenduaren 28an, eta Markinatik pasatu ostean, Urberuaga parean, auto istripua izan zuten, errekara eroriz bertan ziplo hilda geratu zirela.
Oar-Artetaren lehenbiziko lanak Jaungoki-zale elkartearen barruan burutu zituen. Apezen elkarte hau Amorebietan sortu zen 1912.ean, Zirilo Arzubiagaren ardurei esker bereziki; urte hartaz geroz eta 1932.era arte izen bereko aldizkaria argitara eman zuten, urte hartan ere Ekin izenpean astekari berri bihurtzeko. Aldizkariaz aparte, elkarteak liburu-argitaratzaile lana ere bete egiten zuen Zornotzatik, eta hartan arizan ziren izen hantuko idazleak Oar-Artetarekin batera, esaterako Eguzkitza, Gabriel Manterola, Gurutz Ibargutxi, Zamarripa, Izurrategi, Igorreko Julen, Bedita Larrakoetxea, Etxaniz..., etabar luzea.
Oar-Artetak Jaungoiko-zale elkartearen barruan argitara eman zuen lehenbiziko lana Sardá i Salvany idazle kataluniarraren liburuxka baten itzulpena dugu, hau da, Aratuzteko iru-urrena: Jesus sakramentukuai egun onetan egiten yakozan iraiñen ordainketa, 1930.ean ageri zena. Aztertzailea Santa Teresako Jose Domingo fraide karmeldarra izan zuen, Frantzisko Ugartetxea musikalari trebea alegia. Baimen emaileak ezer arbuiagarririk ez bazuen ere, ez zen guztiz fido egilea bera eginiko lanaz, eta badaezpadazko oharra azaleratu zigun sarreran irakurleak mamiari atxeki zekion, euskararen inguruan orduan zirakien aferaren gainetik: «Ez elerti arauz begiratu, asmo zintzoai bakarrik jaramon egin. Obarik ez dagon bitartean erabili, ta obarik agertzen dan ereaz batera, berialaxe, erruki barik baztertu».
Zornotzan argitara eman zuen bigarren lana 1931.eko Jesusen biotzaren illa dugu. Onaindiak zioskunez, Azkuek gai berari buruzko lana bazuen egina, alabaina egokiago zeritzon Oar-Artetak ondurikoa, neurriz eta gaiez, eta alde makalen bat nabarmentzekotan, Jaungoiko-zaleko sasi-jakintsuek berek aldatu zizkioten adizkiak ziratekeen. Manuel Lekuonak egin zion zentsuran, aldiz, ez da laudoriozko hitzik baizik: «Sermoilaria degu orren egilea. Ezagun du. Itza errex dario nun naitik. Errex eta ugari. Izketarako errextasunak ordea, ez dio bat ere kalterik egin bear zan argitasunari. Argi darabil, oso, bere esagaia. Eta egoki, oso egoki. Ez du idaztiak bear ez dan gogorkeririk. Biziro gozoa ta atsegiña du irakurtzea. Idaztia errex egiña, irakurri ere, errex egiten da». Ez ziren honakook hitz hutsak, eta Lekuonak latinez tajutu zuen Manuale sacramentorum liburuaren euskal aldaera prestatzeko Oar-Artetari eskatu zion, aurrekoak bezala ere, Zornotzan ageri zena, 1934.ean baina. Jaungoiko-zalekoekin batera ondu zuen azken lana Baltzeoa pekatu ete da? 13 orrialdeko liburu eskasa dugu, 1936.ekoa.
Urte honetan ere, Mirenen senargeya idazlana eman zuen argitara Bermeoko Gaubeka etxean, egiazko jazoera batean oinarriturik, berauk asmatu elaberri antzekoa. Markina izkutatzen duen Basaibar izeneko herria da jazoeraren eskenatoki hauta Mogelen eragina, hortaz, ezin arraro gertatu. Elaberrian azaleratu zigun gaia ez zen berria, eta jada 1934.eko Euzkadi-n argitara eman zuen «Sasi-ezkontza» antzerkilanean oretu zigun, geroxeago ere, 1949.ean, erderaz egin bezala bere Misterio del matrimonio liburuan.
Gerrateak eten egin zuen Oar-Artetaren idaz-abiada; egia da azken urteetan berriz ere idazlari jarri zela, honen lekuko 1963.ean Bilbon argitaratu zuen Begoñako ama birgiñari bederatzi-urrena, zein argitaragabe dirauten hainbat idazki, jatorrizkoak nahiz itzuliak. Gorago aipatu bezala, Segundo ilobak Zaar-barri laburren bilduma ederra atera zuen Bilbon 1991.ean Labairukoen eskutik lan hau Gernikako apez jubilatuen etxean zegoela ondu zuen, 1977.eko Azkue sarira aurkeztu zuelarik, alabaina, Manuel Estonba gertatu zen edizio haren irabazlea. Edozein modutan ere, eta beste egile ugarirekin gertatu zen bezala, ezin da ukatu gerrateak txipitu eta neurri batean ere galduarazi zigun beste euskal idazle baten aurrean bagaudela.