Berriz ere Iztuetaz
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1999-7-23
Zipriztinduriko orrialde aunitzeko izkiriabide izan zaigu Zaldibiko Txuria, zuzenean nahiz zehiar, eta heldu den abuztuaren 18an hil zenetik 154 urte beteko badira ere, nahikoa present darraikigu, egungo ikerketa ugariren helburu, gaurkotasun osoz ezer berririk ekartzeko baliagarria bailitzaigun. Folklorearen anabasetik hurbilean igeri egiten dutenen aldetik iristen zaigu aipamen gehien, Urbeltzengandik hasita eta Sánchez Ekizarengana iritsirik, eta hortxe dugu orain dela lau urte Zaldibian sortu Zaldibia Fundazioak aitzinaratu lana, tartean ere, Iztuetaren beraren hiztegi ezezagunaren estraineko argitarapena. Bestelakoa da, berriz, filologo, literatur kritiko eta munta bereko bestelako jakintsuk Iztuetaren ekarriari eskeini arreta eskasa. Larramendirekin gertatu antzera, Iztuetak gora-behera ikusgarriak jasan egin ditu euskal letren burtsan, eta banago, denbora luzez, maldan-behera laidogarrian murgildurik dugula, euskara bereziki arrazoi nagusi. Garaikideek ez zuten Iztuetaren euskara txartzat, areago oraindik, aunitzek eredu izan baitzuen, eta horren erakusgarri garbiak baditugu, esate baterako, Zaldibikoak Lécluse hizkuntzalariarekin mantendu harreman naroa, tartean, Plauto Bascongado aferaren guztiak. Aizkibelek berak erabili bide zituen Iztuetaren hiztegi apurrak berea ontzeko, eta Lardizabalek ere dantza-maisuaren euskararen zantzuak erakusten ditu bere lanetan. Zabala da oso Iztuetaren adiskide-sarea, eta bat baino gehiago ziren hartan zeuden euskal idazleak, hala nola, Iturriaga, Astigarraga, Erro edota Abbadie; azken honek, bestalde, lapurteraz tajuturiko lanak baino gustagarriagoa zuen Iztuetaren euskara gipuzkoarra, jatorragoa eta euskaldunagoa zuena. Geurera amiñi bat gerturatuz, erdibidean kokatu behar da euskalarien juzkua, baina tartean; Donostia aitaren begikoz zaldibiarraren euskara ez da eskasa baina badu zer araztu, orobat iritzi berekoa dugu Mitxelena: «lenguaje castizo y natural, pero cuando se olvida del ornato», eta ausaz baikorrago azaldu zitzaigun Orixe, harritzekoa ez datekeena, ideologikoa denez bezanbatean hain baitzeuden biak elkarren hurbil: «Iztuetaren euskera, tankeraz beroa, goria, ele-eder edo elokuentea da; esatez jalkia, ixurbera, gozoa; itzez ugaria ta aukeratua».
Harrigarri samar daukat, halakorik inon entzun ez badut ere, egunean dugun dantza-liburuaren ediziorik berritzaileena zein berrituena klasikoak sailaren barruan Maria Jose Ezeizabarrenak 1990.ean apailatu zuena izatea, helburu guztiz filologikoen iragazitik galbahetuta dagoena; anartean, ez dago inongo folkloristak paratu edizio gaurkoturik, oharrez eta iruzkin koreografikoez josirik beharko lukeenez, eta are zailagoa dugu, artikulu eta bestelako lan itsaso zabalaren bitartez dantza-liburua artez segitzea. Aitzitik, gaitza zait osoro ulertzea zein irizpide filologikoak egon diren dantza-liburua aukeratzeko Iztuetaren beste lanen gainetik, eta Gipuzkoako Kondaira lanaren edizio berria askozaz ere beharrezkoagotzat jotzen dut duda-mudarik gabe. 1847.eko edizio princeps zenaz gainera, Lasa Apalategik 1975.ean LGEVkoen eskutik atera zuen edizio elebiduna da daukagun bakarra, Mujika Iraolak 1995.ean atera Ez direlako aketsak antologia artistiko bezain argi-gutxikoarekin batera naski. Lan honen ahanztura bidean labanarazteko arrazoia oro har egon den juzku zabarra izan da. Garmendiaren hitzotan nahikoa zabaldurik izaniko ustea laburbiltzen zaigu: «Iztueta etzala trebea ez historiagile izateko, eta ere antzinako dokumentuak aztertzeko». Alabaina, denek ez dute horren juzku ezezkorra Zaldibikoak ondu lanarekiko. Etxaide Ithartek, ezer baino lehen liburua apolojia dela aitorturik, dituen balioengatik ere azpimarratu zigun, Gipuzkoako deskribapena bezala dituen balioengatik alegia. Areago, Mitxelenak, Etxegaraik Gipuzkoako Kondaira definitzeko «insigne monumento de candor» esaldia bere egiteaz damuturik, aski argi xehatu zigun Zaldibia batxillerrarekiko zeukan menpekotasuna, goratu bezainbestekoa ez zela izan baieztatzeko, eta bestalde, agian garrantzitsuena dena, Mitxelenak aski argi utzi zigun bien egileen asmoak zeharo desberdinak izan zirela, bada, Zaldibiaren asmoa historizista zeno, egokitu zitzaion garaiaren mugak muga, Iztuetaren azken asmoa ez zen historia egitea, baizik eta bere ideario politikoaren apologia egitea, hau da, foruzaletasun gipuzkoarraren apologia, bozgoratuz interesekoa zuena eta erabat ixilduz bere interesetatik kanpo geratzen zena.
Azkenik, eskertzekoa da Garmendia Arruebarrenak eginiko lan purrusta, 1968.eko Obras inéditas de Iztueta eta 1978.eko Iztuetaren olerkiak berezi-bereziki, Gipuzkoako historiarekin agitzen den antzera, beste edizio baten beharrean daudenak. Garmendiak atondu bilduman Iztueta olerkari agertu zigun lehen eta behin, bada, Manterolak bere kantutegian jaso eta zabaldu ustearen kontra, Iztueta bertsolaria bere prestakuntza kulturalean heldutasun maila batera iritsi ahala olerkari bilakatzen joan zen, zenbaitetan, kalitatezko lanak borobildu zituela. Obras inéditas-en ere erderaz tajutu bi lantxo baditugu, hezkuntzari buruzko saiakera ttikia, eta Murueta toponomastikoari buruzko ohar laburra. Interesekoa ere bada Iztuetak igorri eta jaso gutuneria. Obras inéditas-en Zaldibikoak jaso zituenak biltzen dira, ugari eta berri iturri aberats; aldiz, Iztuetak berak igorririkoak Elosegik eskeini zizkigun, baita Berriotxoak ere, zaldibiarrak Abandoko Ulibarri perratzailearekin izaniko hartu-emanari dagokionean.