Lehoiak bi gurean
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1999-5-14
1. Albert Leon jaiotzez ez zen euskalduna; Bordelen 1883.ean sendi judutar baten altzoan sorturik, begietako gaitz batek jota, sei urte zituenerako zeharo itsuturik geratu zitzaigun, haatik, amak lehenbiziz eta emazteak geroxeago lagunduta, ikasketetan aitzina egin zuen, eta letretan lizentziatu ostean, Vendée aldeko La-Roche-sur-Yon hiriko ikastetxean filosofia irakasle arizan zen 1909.ez geroz, non doktorego tesi bi apailatu baitzituen, bata Les éléments cartésiens de la doctrine spinosiste sur les rapports de la pensée et de son objet izenburupean, eta bestea, bereziki gure interesekoa den Hélène de Constantinople pastoralaren edizio kritikoa, Parisen 1909.ean argitara eman zuen 500 orrialdetik gorako liburuki mardula, Zuberoako herri antzerkiaren ikerketarako, Hérelleren lanekin batera, ezin utzizkoa dena. Azken honek Baionako lizeoan zuen ardura largatu zuenean, Leoni berari eskeini zioten katedra, eta ordutik genuen Adurreko hirian, langile nekaezin; hango Cercle d'Etudes Euskariennes izeneko lagunartean partaide ahaidea zuen Hiriart-Urrutiren eskutik sarturik, orduko beste euskaltzaleekin batera arizan zen Urkixo, Lacombe, Broussain, Gavel, Landerretxe..., euskarari buruz eta euskal herriari buruz ainitz kolaborazio ondu zituela, Gure Herria zein RIEV aldizkarian bereziki agertu zirenak. Albert Leon, Bordelen zendu zen 1953.ean, alaba baten etxean.
2. Leon Leon Hazparnen sortu zen 1896. urtean; Europako gerratean gudari parte hartu ondorean, Baionako apezgaitegian sartu zitzaigun, 1923.erako apaiz genuelarik; eliz bidaztiari sorterriko semenario txipian eman zion hasiera, irakasle urtebetez egonda; geroantzean ere, eta zeregin berean, Baionan izan zen bost urtez, ondoren erretore gisa iharduteko hainbat tokitan: Donibane-Lohitzunen 1929.etik, Arrangoitzen 1932.etik, Arnegin 1939.etik eta, azkenik, Ustaritzen 1941.etik; 1959.ean Baionako eliz-nagusiko ohorezko kalonje izendatu zuten, eta handik hiru urtera, 1962.ean, Uztaritzen zendu zitzaigun otsailaren 12an.
Berriz Arte izan zen Leon Leonek idazteko erabili zuen ezizena. Mendiguren&Izagirre tandem emankorrak Ikastolen Elkarterako berriki ondu eskola-antologiarako ez du gure lapurtarra salbuetsi, eta «Ahate basak» narrazioarekin batera, haren gaineko berri eli bat ekarri ere: «Belaunaldiko azken ordezkaritzat jo dezakegu: apaiza, euskaltzalea, Hazparneko harrobi aberatsekoa, erlijio gaiak eta istorio errazak idatzi zituen euskara gozo, malgu eta aberats batean». Hiru dira Leonen lanetan bilbatzen diren hari nagusiak: kristautasun katolikoa, Frantzia nazione-ama, eta Euskal Herri idiliko garbia, funtsean, euskal fundamentalismoetako beste bat.
Hortaz, Leonen lehenbiziko lanak itzulpen elizkoiak izan ziren; 1929.ean Jesu-Kristoren imitazionea agertu zuen Belgikako Turnhout hiriko Brepols etxean, Larrekok berak 1930.eko Euskal Esnalea-an oparo baikor iruzkindurik: «Lan eder-eder bat egin digu Leon jaunak, neretzat, aspalditik irakurri dutan ederrena. Buruen-buru, euskar usain ederrean dago, ez du iduri erdaratik artua dela, eta ori da, alako lanetan bearrena, mami andiko gutunak ezerez ez du galdu euskararat itzulikaturik». Bigarren itzulpen pottoloa Jesu-Kristoren gure Jaunaren Ebanjelio Saindua izan zen, Ustarizko Aubin baitan 1947.ean argitaraturik. Oraino hainbat meza-liburu agertarazi zituen Leonek Vienako Ligugé-Aubin etxean: Haurren meza 1936.ean, eta Meza Saindua-ren emanaldi hirukoitza 1947., 1949. eta 1953. urteetan. Erlijioa gaitzat hartuta, hainbat olerki ere ondu zizkigun, «Apezgaiaren bizia» epigrafearen azpian Gure Herria-n atera zirenak.
Antzerkia ere Leonek jorratu arloa dugu: Gure xokoan (1926), Marturianaren gaphoinak (1933), Tomas ezkongei (1934), Herriko besta biharamunean (1937), Mehetegiko nausia (1938) edota Haurrak azken hitza bere! (1939); alabaina bereziki ezagun gerta dakigukeena La Fontaineren Fables alegien itzulpenak ditugu, Gure Herria-n lehenbizi eta aparteko liburu bezala geroago agertu zirenak Alegiak, Baiona, 1960; Orpustani jarraikiz, «Leur publication s'étend de 1928 à 1960, avec un premier lot d'une dizaine de textes rassemblés dans Gure Herria en 1951 sous le titre Alegia deus ez qui correspond exactement pour le sens à l'expression française Mine de rien!».