Bazilio Joannategiren lanak
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1999-4-23
Pettan Joannategi Isturizko Xelaitoan sortu zen 1837.eko martxoaren 17an; 1862.ean apeztu eta Sarako bikario edo apez laguntzaile arizan zen lau urtez, harik eta 1867.ean Altzaira erretore joan zen arte, euskal idazlea ere zen Frantzisko Laphitzek utziriko arta bere gain hartzera; edozein modutan ere, fraide behar zuela iritzirik, 1878.eko azaroan La Pierre-Qui-Virera hurbildu zen orden beneditarrean fraidetzeko, orduz geroz, eta pontekoa erdeinatuz, Bazilio izanen zelarik. 1875.ean ireki berri zen Belokeko abadetxean sartu zen non fraidegaien moldatzaile ihardun zuen, baita predikalari ere 1890-1894 urte bitartean. Emile Combes Frantziako lehendakariak onarturiko lege laizistak zirela eta, 1903.era Oltzara etorri zen Belokeko fraidegai guztiekin. Iruñerrian ordea, labur igaro zuten, maiatzetik abuztura arte soilik, orduan Idiazabalera aldatu baitziren, handik hiru urtera helmuga Lazkaon betikoz finkatzeko, aurretikago karmeldarren etxea izan zen berean. Gipuzkoako herri hartan zendu zitzaigun Joannategi 1921.ean, bi urte lehenago mahatsondoak inausten ari zela erori, burua abarrikatu eta nahikoa ezindurik geratu ostean.
Garaiko euskal intelligentsiaren kideak ezagutu zituen, eta Azkuerekin batera Akademia sortzeko ahaleginetan aritu zen; hiztegigintzak kezkaturik, aldi oro aditzen zituen hitz berriak betiere soinean zeraman kaierrean apuntatzen zituen, hortaz, egun ezezaguna zaigun hiztegiaren lanabesak Azkueri igorri zizkion, Lekeitiokoak profita zitzala, alabaina, ez dirudi bizkaitarrak ezagutu egin zituenik: «Un tercer diccionario manuscrito de importancia me envió el P. Joannateguy, que desgraciadamente no llegó a mis manos». Bazilio anaia bereziki kezkatzen zuen bigarren auzia euskal liburu zaharren biltzea izan zen, eta hura zela eta, Van Eys, Dodgson, edota Urkixo liburuzaleak ezagutu zituen.
Joanategik euskaraz izkiriaturik utzi zizkigunez denez bezanbatean, desagun hagiografia izan zela landu zuen ia gai bakarra. Altzain zegoela, 1876.ean, Ehun bat sainduen bicitcea atera zuen Baionako Lasserrerenean, 439 orrialdeko lan gotorra. Lan honen bigarren aldaera zuzendua eta guztiz emendatua Beloken zegoela egin zuen, Sainduen bizitzea, betiereko Lasserre baionarrean, 1890.ean 537 orrialdeko lehen zatia, eta 1900.ean 436 orrialdeko bigarren zatia. Vinsonek zekarren araberakoa, Sainduen bizitzea honetatik atera Sienako Katerinaren bizitza italierara itzulirik 1891.eko maiatzaren 5ean agertu zen, La vergine benincasa S. Caterina da Siena, hango argitalpen erlijioso batean.
Fraide sartzeko zegoela, komentuko bizitzari buruzkoak ziren San Benoaten bicitcea, eta Ligorioko Alfontso Mariaren lanaren laburpen moldatua den Ceruraco bideric errechena atera zituen betiko tokian 1887.ean lehendabizikoa bigarrenez inprimatu berri da Inazio Mujika Iraolak apailaturik Euskal Editoreen Elkarteak ateratzen duen Klasikoak sailean 82 zenbakiarekin. Handik zazpi urtera berriz, Bihotz sacratuaren hilabetheco escu-liburua inprimarazi zuen, 335 orrialdeko lan guritsua ere dena.
Joannategik orduko hainbat aldizkako argitalpenetan idatzi zuen, bereziki Baionako Lasserrerenean ere moldakatzen zen Fedeco propagacioneco urtecaria edo fedearen propagacioneco berriac urteca ematen dituena izenekoan, «publication bimensuelle depuis septembre 1877, avec portraits, vues dessins et cartes lithographiés», eta frantsesez ateratzen zen Annales de la propagation de la foi lanaren itzulpen-egokipentzat har daitekeena; Maisonnave kalonjeak aintzinaturik eta Baionako kalonje ohorezkoa zen Larrouse abadeak jarraiturik, itzulpenak Larresoron irakasle zegoen Arnaud Abbadie apezak egin zituen, 1891.era arte bederen, bada ordutik aitzina huraxe Joanategiren ardura izan baitzen. Aipatu Bitiriñeko Arnaud Abbadiez (1843-1916) esan behar da Eskualduna aldizkarian agertzen zen «Laborarier» sailaren egilea zela, abelkuntza eta lurgintza izkiriagai zuen saila alegia; Abbadieren idazkeraz, bestalde, Villasantek honela zioskun: »...su estilo es sin brillo pero preciso, quiere realizar una revolución en el país a base de manejar los procedimientos pero sin romper con la tradición»; Abbadieren beste lanak ere 1890.eko Aphezak soldado Baionan, Lasserre etxean, eta berrikiago ere Euskaltzaindiaren Euskara-n xarrittonen eskutik, edota 1892.eko Hazparneko kalbarioa argitalpenean «Jesus Kurutzeari iltzatua» predikua.
Joannategirengana arraitzuliz, frantsesez tajutu lanak ere eman zituen argitara, esate baterako, 1877.eko urtarrilaren 31ko La semaine de Bayonne-n agertu zuen «Article sur la vie des saints», edota Akizeko L'Adour, Journal de l'Appel au peuple egunkarian 1897.eko ekainaren 12an ateratako «Lettre d'un paysan basque en traitement aux boues de Dax à ses parents en souletin avec traduction française et notes».