literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.115 idazlan
7.826 esteka / 6.314 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Zuberoako bedatse loraduna

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1999-3-19; 1999-3-26; 1999-4-2

 

        Gauza jakina da ttipiena dela Xiberua, eta guztiarekin ere, zeinen ugariak euskal letren unibertsoan zuberotarrek aizatu loreak! Udaberriko koloreak eta usaianak gustagarri jada hasiak diren honetan, udan ez neguan lilia galtzen ez duten loreak bilduz hona hemen sorta pollita.

        Behialakoan Txomin Peillenek eskeini zigun Zuberoako itzal-argiak lanean XVIII. mende bitarteko hango euskal idazleen izendegi llaburra badatorkigu : Oihenarte, Tartas, Maitie, Belatarren aikokoak, Maister, ...; eta geroagokoen artean, nork ez du ezagutzen Xaho, Abadia, Etxahun-Barkoxe, Intxauspe, Lhande, Jauregiberritarrak, Mirande, Peillen bera edota Davant? Zutabe honetan orain arte ageri zuberotarrak ez dira gutxi izan: aipatuez gainera izkiriabide ere Villéhélio, Althabe, Urruthi edota Constantindarrak izan baitira, alabaina, gaurkoan izen apalagoz osaturiko zerrenda ekarri nahi dugu honetara, zelaian loreak bezain usu, zeruan izarrak bezain goren...

 

        Alexis MERCY «praticienna»-k Andere Dona Maria Scapularicouaren Confrariaco bulla decreta statutac eta maniac edo chediac Esquiulaco Parropia Eliçan haren Conceptionnecouan eçaria izenburuko liburua eman zuen argitara Paben J.P. Vignancour baitan 1780.ean, «franceseti uscarala utçuliac Jaun Directorraren eta beste Officieren manuz». Honako Mercy hau ere, dirudienez, «Benoît hamalaurden goure Ayta Saïntiaren Bullareky eta Oleronco Jaun Aphezcupiaren manu eta baymentieki» atera Sacramentu Saintiaren Aurhidegouaco Maniac eta Chediac Esquiulaco Parropia Eliçan Andre Donamariaren Conceptionecouan eçaria lanaren itzultzailea zatekeen.

        XVIII. mende bukaeran ere Uscara libria, confessioniaz, comunioniaz eta meçaco sacrificio saintiaz izenburuko liburua eman zen argitara, hurrengo urteetan ere behin baino gehiagotan berrargitaratu zena: 1814.ean, 1824.ean, 1828.ean, ... 1834.ean egin zen edizio berria Mauleko erretore zegoen ETXEGOIENek orraztu zuen, zubereragotzeaz ezezik, zenbait zati berri ezarri zuen, «bicitceco erreglamentu bat, çougni juntaturic beita Jesu-Kristen passionia uscaralat utçulia». Vinsonek lan honetaz honela zioskun: «Le basque de ces derniers a été revu et corrigé; la table des fètes mobiles est en souletin, et les prières du matin et du soir sont tirées, non plus de l'ancien catéchisme d'Oloron, mais du nouveau catéchisme d'Astros. Les en-têtes des prières latines sont en basque. On a ajouté les vêpres de Sainte Lucie, Sta. Lucia Atarratseco patronaren egunin. On y remarque en outre sous la rubrique Othoitciac, un bon nombre de prières variées aux saints patrons, etc; Guiçonaren laur urhenburiac; Concentziaren examena; Exemplu eder bat; Jesu-Krist goure Salvaçaliaren passionia sen Mathiuren arauera, suivie du texte latin; enfin, une table détaillée complète le volume. Le basque des parties nouvelles est de M. Etchegoyen, il est en général assez soigné».

 

        Jean Baptista ARXU Altzürükün sortu zitzaigun 1811.eko irailaren 11an, sendi ez oso aberats baten altzoan —aita zurgina baitzuen—; 1834.ean Bordeleko ikastetxe batean iharduten zuen irakasle, baina 1836.erako, ordea, La Réoleko Arrondizamentuko eskola ikuskatzaile izendatu zuten. Giza mailan goraki, 1851-1870 urte bitartean hango zinegotzia izan zen, errepublikazalea eta erradikala; La Réolen bertan hil zen 1881.eko ekainaren 9an. Arxuk euskalgintzan burutu lehenbiziko lanak Francisque Michelek eta Gustave Brunetek apailatu Oihenarteren eta Etxepareren, hurrenez hurren, bi edizio berrietan ageri ziren. Lehenbizikorako beharreko zuzenketak nahiz oharrak ondu zituen, alabaina, Arxuren lanari Van Eysek kritika latza egin zion bere 1873.eko Dictionnaire Basque Français-ean. Etxepareren testuari berariazko frantseserako itzulpena egin zion. Itzultzaile moduan ere, 1848.ean La Fontaineren aleghia-berheziak neurthitzez franzesetik uskarara atera zuen La Réoleko Pasquierren etxean. Ber urtean, Baionako Foré eta Lasserrerenean baina, Kantu patriotikak karrikaratu zuen bi sosetan: «Phartitzeko kantua», «Marseillaise», «Uskaldun kantua» eta «Kantu republikanoa». Edozein modutan ere, Arxuri ospe gehien ekarri zion lana Euskal Herrietako haurrentzat ondu zuen Uskara eta franzes gramatika dugu; urte gutxitan hiru edizio atera ziren, Baionako Foré eta Lasserrerenean 1852. eta 1853. urteetan izenburu beraren azpian, eta 1868.ean zertxobait aldatuxea, Bi mihiren gramatika uskara eta franzesa. Lan guzti hauek famatuko zuketen Arxu, eta hortik iritsi zitzaion, nonbait, Bonaparteren laguntzaile izateko eskeintza, printzeak Intxausperen ezetza jaso ostean; Arxuk printzearentzako egin zituen itzulpenak honako hauek izan ziren: daviden gorantzak edo psalmiak —1862.ean argitaratua—, Moisasen lehen libria Jenesa deithia —Nafarroako artxiboan oraino argitaragabe datzana—, eta Ruthen libria Salomounen kantiken kantika eta Jonasen libria —Baionan 1888.ean Londresko Elkarte Biblikoak agertarazia—.

 

        Arront ezaguna ere Jean Dominique Julien SALABERRI abokatu eta euskaltzale mauletarra (1837-1903). Kantu biltzailea, Chants populaires du Pays Basque, paroles et musique originales atera zuen Baionako Lamaignéreren alargunarenean 1870.ean. Folklorearen arloan ere, 1899.eko La tradition du Pays Basque horretarako maskaraden gaineko ikerketa ondu zuen. Euskaraz, Mauleko Arrondizamentuko Kontseiluaren lehendakaria zela, Berdoly hautagai errepublikarraren aldeko Uskalduner! Bethi aitzina, chuchen-chuchena dabila uskalduna 23 orrialdeko kaierra atera zuen Pabeko Garet etxean 1889.ean.

 

         Paris aldeko Montfort-l'Amauryn sendagile aritu zen Felix LARRIEU (1863-1941) zuberotarrak abondo lan idatzi zituen euskal gaiez zein euskaraz, tartean Mauleon et le Pays de Soule pendant la révolution —Parisen 1899.ean—, edota «Un essai de calendrier républicain en basque» —Vinsonen Revue de linguiistique et de philologie comparée aldizkarian, 1891.ean—. Jean de Soule ezizenaren azpian ere itzulpen ugari egin zuen Revue des Basses-Pyrénées et des Landes aldizkarian. Orobat ezagunak dira Charles Bordesen kantutegietan tajutu zituen itzulpenak.

 

        Klement ANDURAIN Maitia «Zibero» 1878.ean jaio eta 1916.ean zendu zen Verdunen. Justin MENDITTE apezarekin batera Ziberoko uskaldunak Ibañetan pastorala idatzi zuen, estrainekoz 1906.ean Atharratzen jokatu zena. Olerki zenbait ere utzi zizkigun: «Euzkaride», «Maritxo» edota «Poèmes de guerra». Aipatu Menditte hura Mendikotan jaio zen 1867.ean eta Atharratzen zendu 1922.ean. Eskualtzaleen Biltzarrekoa, euskaltzain urgazlea ere izan zen. Andurainekin egin zuen pastoralaz gain, Atharratzeko apeza ere zen Uhartekin batera zubererazko katexima tajutu zuen.

 

        Basabürükoa zen IRIBARNE Zalgizeko erretoreak utzi zizkigun Almanak uskara edo Ziberuko Egunaria dietarioez gainera —Pariseko L. Soullerenean 1887.ez geroz eta 1891.era bitartean gutxienez—, hiru liburu eman zituen argitara: Ziberuko guthuna edo libria —Pabeko E. Vignancourrenean 1852.ean—; bi edizio izan zituen Mysterio eta egia gehienak —Baionako Desplan baitan 1856.ean, eta Pabeko Vignancourren etxean 1862.ean—; eta San Grat Oloroueco aphezcupia —Pabeko Vignancourren moldetegian ere 1879.ean—. Lehenbizikoa «Jaun aphezcupiari oberendaturic» atera zuen: «Çoure ganat ene bihotz beharriac eraikiric nuntian aldi batez, entçun çuntudan erraiten: damu da, Ciberouan estelakoz libru guti baicic, eta direnac khario. Coure elhe hori guerouan arra igaran niçun Jaun Archipretra martir hil denareki, eta harec erran, behar cela eguin isseiu bat çoure elhiaren eta gogouaren arabera. Hau duçula arren, ene Jauna, çoure handitarçunari ouhourescatcen dudan lan bat, escaz çoumbat nahi, ez ouste dudanaz çoure arrancura handia bardinturen diala; bena bai, nahiz eguin houngoua cerbait ene Ciberoutar laguner; çoure handitarçunac houn hartcen badu bere baimentiaren emaitia: hari berari eskentcen tudalaric, aphalmentureki, ouhoure barnenac». Hirugarrena, berriz, Lexantzükoa zen —Sarrikota-piakotzat agertu da non-edo-non— San Grat VI. mendean Oloruen apezpiku arizan zenaz «Mous de Lassalle Catradaleco eretorac erran dutianac» üskaraz ezarririkoa dugu: «Uscal Herrian Ciberoua, Ciberou zolan Lichoseco herria. Zubian igaran eta, erreca oundouan batcen da Camintchale edo Sengratenia. Han sorthu da, diala hamahirour ehun ourthe igaranic, Sen Grat Olorouco Aphezcupu izan dena».

 

        Julien LAPLACE olerki biltzaile arizan zitzaigun Póesis suletins izeneko lanean, Oloroen, Marque etxean, 1908.ean. Horrezaz gain, hiru ekitaldiko komedia agertu zigun ber tokian 1909.ean, Xikito-Xikitokan. Pilotarien zeruan idazkia ere Oloroen atera zuen 1911.ean. Aldiz, 1915.eko Europa sutan eta 1916.eko O zu ama Frantzia idazkiak Eskiulan agertu zituen.

 

        XORHO apeza Zalgizeko Espil etxean 1884.ean sortu zen; Hendaian eta Maulen ihardun zuen apez-laguntzaile lehenbizi, Garindaineko erretore luzaro aritzeko gero. Urte luzetan Eskualduna zein Herria astekarietan idatzi zuen, Onaindiak jaso legez, «Zuberoko berri atsegingarriak bialtzen zituen, ango euskera goxo bigunean gatzatua». Maulen zendu zen 1968.eko azaroan

 

        Pierre EIHERAMENDI Maulen jaio zen 1891.eko abenduaren 20an. Behin apeztuz gero, Alduden, Bidarrain, Donazaharren eta Mugerren izan zen erretore. Euskaltzain urgazlea 1953.etik, Kanbon zendu zen 1975.ean. Gure Herria aldizkarian idazteaz gainera, euskara ikasteko metodoa izkiriatu zuen hiru emaldietan: Méthode practique pour apprendre le Basque —Parise, Maison Neuve, 1929—, Cours Moyen —ber tokian 1930.ean—, eta Cours Superieur —ber tokian ere 1938.ean—.

 

        «Zibero» eta «Pette Xibero» sinatzen zuen Pierre LANUGERREk Baionako Eskualdun Onaren eskutik atera zuen Uskaldunak Ibañetan hirur pharteko trajeria ateratzeaz aparte lan ugari agertu zituen Gure Herria-n 1924-1935 bitartean, gehienak olerkiak: «Argi azkorria», «Bi ürzuak», «Gai aiñhera eta bi andere ejerrak», «Biesadün», «Kritxa eta üñhürria», edota «Urthatsez», baina baita hitz laukoak ere: «Mustraka», «Degro Parot degria», «Arima herrariak» edota «Atharratzeko predikua».

 

        PIKOXET apez barkoxtarrak Gure Herria-n abondo kolaborazio agertu zuen 1927-1932 urte bitartean. 1930.eko dugu «Ziberuan dantza», «Jinkuak daki zer lanak tügün ihautiari buruz! Zonbait gizun gaztek lo güti egiten die, eta amets hanitx kaskuan erabilten (...) Gaiaz dantzari zahar baten etxen, edo borda zonbaitetan khandera xar baten argian ikhus beze zaharrek eman dien dantza, eztadin gal».

 

        Jean Baptiste MAZERIS Barkoxeko apezak hainbat lan Gure Herria-n: «Bi arrañ», 1927.ean, «Tzintzarrosak» 1931.ean, «Kaloka eta Pupuñi» 1932.ean eta «Maskadak» 1933.ean; azken honekin Eskualtzaleen Biltzarreko lehen saria irabazi zuen: «Aiui uhuhu! Mendi baten maxelatik igorri zinkha beste mendiak âânatzen dü basa bazterra gaintik odeiek dünda erabilten dien bezala. Laster âânak nahi zian txoria iratzareazirik beste zinkha mingar batek ihardesten deio lehenari oihan zokho batetarik, haren ondotik beste txotx erdi batek, batak xahü bestiak phardallo, asto bakhotxak bere marraka».

 

        Liginagako erretorea zen Dominique BEHETIk 1927-1933 urte bitartean honako lanak eskeini zizkigun Gure Herria-n: «Pello españula» 1927.ean, «Agosti eta Pethi» 1929.ean, «Arthaldiak Eskual Herrian» eta «Xemarti» 1931.ean, «Allan Ordokidoi» 1932.ean, eta luzeagoa den «Eskual Herriko oihanak» 1933.ean: «Nah'izan deiot erakatsi lau mentez Eskual Herriko oihanen itxüra nula den khanbiatü (...) Lehenagoko oihan eder batzü, egün alhor, soho, baratze, mendi edo larre bilañ dirade. Aipha nintzazke gogotik leheneko oihan lekhü batzü, egün jaunkilloten txostakagia lekhü direnak, bena jaber ahalkiaren ez emaitekoz, eta beste batzüen ogenaren horien gañ ez ezartekoz, aitzina mia ixil-ixila, funtsian ezpeita hor ene egitekorik».

 

        Jean ETXEGOREN hauztarra Mauleko erretorea izan zen. Hiru lan argitara eman zuen Gure Herria-n: «Jondane Phetiri eta Pette Txañkhu» 1934.ean, «Artzainak bortian» 1935.ean, eta «Musde küküllero depütatiaren huntarzuna», 1950.ean: «Sortzez gisala, Xiberutarrak bürü ahin dira, txoriak beno sordei eztie funtsirik batere, ezin hetan khunta büria zankhuak bezain ahin dutielakoz. Manex delako batek ezdutia deitzen «Hamahiru untzatako tximinuak». Gaizo pastetx, jeloskor, thipiña handia, ageri duzu ezdututzula untsa ezagützen».

 

        Fabien HASTOI zenak Gure Herria-n kolaboratu zuen 1935-1937 bitartean. R. OXIBAR apezak Gure Herria-n «Aziatik Uska Herrilat» lanarekin estreina 1937.ean hartuta, Mixel Garikoitz Saintia liburua agertu zuen Baionako Darracq baitan 1948.ean.

 

        Jean Louis LIGUEIX Larrañeko Ligetsian jaio zen 1901.eko abenduaren 3an eta Baxe-Nafarroako Akamarren zendu zen 1935.ean. Ligueixen hainbat olerki Gure Herria, Aitzina eta Eskualduna aldizkarien orriotan atera ziren: «Petiri eta Pierre», «Presonerak: gerla ondoko amets bat», «Hokiko eliza», «Buneta eta Txapela», «Espus-espusen khantoria», «Lau sasu», etabar: «Gure sor-lekhü maite Esküal-Herrikuan / Bethi nahi egon boneya kaskuan / Ihurek jakin gabe zer düdan goguan / Koblak joratzen dütüt süpazter-xokuan». Onaindiak Mila Euskal Olerki Eder bilduma potolean ekarri zigun honen berri, halaz ere, Gilen Eppherreri zor diogu Ligueixen berririk zehatzena, «Luis Ligueix koblakaria», Gure Heria-n 1968.ean.

 

        Thomas UTHURRI Atharratzen sortu zen 1920.eko abenduaren 28an; Maulen batxilergoa ikasi ostean, teologia ikasketak Okzitaniako Tolosan eta magisteritzakoak Akizen burutu zituen; euskaltzain urgazlea, Gazte, Etchea zein Herria aldizkarietan argitaratu zuen hainbat kolaborazio; Gure Herria-n agertu ostean, liburu gisa atera zuen Baionan eta 1950.ean Un grand souletine, le chanoine Inchauspe lan ezaguna.

 

        Jean LARRASKET Eskiulan jaio zitzaigun 1885.ean; apeza; euskaltzain urgazlea 1928.ez geroz; 1953.ean hila. Lhanderekin batera ondu Le poète Pierre Topet dit Etchahun et ses oeuvres lan klasikoa Baionan 1946.ean agertzeaz aparte, are klasikoagoak dirateke RIEV-en 1927-1939 bitartean agertu zituen zubereraren fonetikazko ikerketak. Ildo honetatik ere baditugu 1928.eko Action de l'accent dans l'évolution des consonnes étudiée dans le Basque souletin, 1934.eko Le basque souletin Nord-Oriental, eta 1939.eko Le basque de la Basse-Soule Orientale, hirurak Parisen agertuak. Asmo literario haundirik gabe izan bazen ere, gure gozagarrirako oso «Beñat Larrajako belhagilii» testua agertu zuen 1931.eko eta 1935.eko RIEV-n.

 

        GILEN EPPHERRE Altzürüküko Etxeberrin jaio zen 1911.eko urriaren 19an eta Baionan zendu zen 1974.eko urriaren 17an. Lehengo ikasketak Maulen eta Ustaritzen burutu ondorean, Baionako apezgaitegian sartu zen, teologia Okzitaniako Tolosan ikasi zuela; 1936.ean apeztu zen. Baionako Diozesiko idazkaria, 1949.ean ohorezko kalonje eta 1967.ean titulozko kalonje izendatu zuten. Euskaltzain oso, Lhandek libratu kaderan eseri zen 1958.etik. Utzi zizkigun lanen artean, Katexima —1941.ean—, Elizako libria —1943.ean—, Botzez eta biotzez —1949.ean— edota Haurren lehen katexima —1955.ean— aipa ditzakegu; Gure Herria-ko zuzendaria izan zen Saint-Pierre hil zenetik; aldizkari honetan, Etxahun, Lhande eta Ligueix zuberotarren gainean idatzi zituenak nabarmentzekoak dira. GREGOIRE EPPHERRE Altzürükün ere sortua genuen, 1929.eko urriaren 22an, hortaz, Gilen baino gazteago. Anaia bezala apeza ere, hainbat tokietatik pasea zen jada Mauleko ikastegian irakasle ihardun zuenerako. Maulen zendu zen 1974.eko urriaren bostean, anaia baino egun batzuk lehenago, beraz. Bi anaien ohar nekrologikoa Lafittek ondu zuen Euskera aldizkarirako, eta Gregoirez honela zioen: «Gizon argitsua zen bai matematiketan bai filosofian bai musikan; alemanez ederki mintzatzen zen; astero biltzen zituen Xuberoko berriak eta Herria astekarian üskaraz emaiten. Mauleko ikastolan laguntzale herriz-herri üskal kantore xahar biltzale eta erakusle, euskara batuaren sustatzale».

 

Bilaketa