literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Pierre Duhour beskoiztarraren lanak Gure Herria-n

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1999-2-19

 

        Ez zen biziki idazle emankorra gertatu Pierre Duhour lapurtarra, alabaina utzi zizkigun idazkietan xarma berezia atzeman daiteke, hizkerari bagagozkiola bederen, bada, gaiak zirenen aldetik, zeharo tradizionalak suertatzen dira betiere, euskaldun-fededun formulari erabat atxekirik. Edozein modutan ere, eta tamalez, mende hasieretan igaro zitzaizkigun egile ugarien artean aisa koka dezakegun Duhour jaunak nahikoa ezezagun darraikigu.

        Beskoitzen 1890.eko ekainaren 20an sorturik, marinela ibili zitzaigun gaztaroan. Lan ezberdinetan saiatu ostean, bizitzaren azken urteetan Hazparneko giza asegurantzan ihardun zuen, bertan 1968.eko urtarrilaren 18an hil zelarik. Eskualduna-ko zuzendari aritu ostean, 1915.ean Hiriart-Urruty zendu eta Ademak aldizkariaren lemari eutsi berri zion urte t'erdiko tarte eskasean, euskaltzain urgazlea izan genuen. Bestalde, orduan Iparraldean egiten ziren argitalpen ezberdinetan kolaboratzaile finkoa genuen Duhour: Gure Herria, Almanaka, San Frantses, Etxea, Herria, ...

        Lanik gehienak Gure Herria-n eman zituen argitara, estrainekoak pilotaz ehundu zituela. 1922.eko «Hazpandar bi pilotari» eta 1926.eko «Hazpandar pilotariak» artikuluak Espantxa eta Behaxka Hazparneko pilotari haundiez, eta bereziki, lanbidez zapataria zen Behaxka plekariri buruz ondu zizkigun: «Partida ttipietan aphur bat biziegi eta idorchko balinbazen lagunentzat, partida handietan gizon ixila zen, bethi plaza gizon ederra, gorphutzez lerden, zalhua, joile azkarra eta jokolari abila, jendentzat ere lañoa, bere begitarte sanhoarekin. Behako batez beretzen zituen behariak; geroztik nehor ez da iragan hurbilik ere horren heinerat Hazparnen»; Behaxka hura Darritxon zuen izena eta Hazparneko Jella etxean sortu zen 1871.eko ekainaren 2an, Gaskoina errebotlari handia aitatxia zuelarik. Duhour kexu agertzen zen ordurako pilota maldan behera errekara zihoalako; Behaxkaren garaietan, berriz, aunitz ziren Hazparneko plekariak, 22tik gora, bereziki kostalde aldera jotzen zutenak: «Partidak bazituzten itsasoko alderat, bainan gutti Mauleko pharterat. Gaskoina zenaren erranetarik bat bada bildua, ez da batere itsusia. Lagun bati erran zuen hil aitzineko egunetan: «Ez beldur izan iguzkia jeikitzen den eskualdeko pilotariez, bainan kasu iguzkia sartzen den zokoko heer»».

        Erromako itzulia Baionako La Presse irarkolan 1931.ean agertu zuen liburu solte gisa, haatik, aurretik ere Gure Herria-n atera zen atalka 1930-1931 urte bitartean: «Nola baitugu itzuli bat egina, ez bakharrik gostukoa, bainan maithagarria, biziki usu gogoan duguna, berriz eginen dugu hemen, Gure Herria agerkari eder hunen irakurtzalekin batean, xehe-xehea emanez joan-jin hartako berri». Trenez atera zen Baionatik ekialderantza herriko Mirande erretorarekin eta beste hainbat lagunekin, hala nola, Picochet edota Barbier. Marsellan Italiatik etorritako tren batean igo ziren: «Han zen gure bilha jina Italiako train luze bat, karro guziak berri-berriak, berniza zariotela, oraino hezexkoa, galtz-ipurdietan lotzen baitzen, zonbaiten khexagarri». Kostaldeko bidea harturik, arazo haundirik ez zuen izan ikusitako hiriak ezagutzeko, marinel zeneko garaietan bisitatuak baitzituen: «Bazter horiek ezagutzen ditugu gure eskuko bost erhiak bezala, hamabost urthe mariñel egon baigira eta askotan gure untzia hiri horietako ur-hegietan baitzagon, bereziki Boué de Lapeyrère amiralaren azpiko zen untzian ginelarik». Erroman etxe partikularretan aterbetu zirela, hizkuntza ez zitzaion eragozpen: «Gure aldetik erdi aise konpreniarazten ginuen gure burua, saltsa bat egiten baiginuen español, kaskoin, frantses eta eskuararekin, saltsa horrekin zonbait kheinu, nola ez ginuen bada elgar adituko?». Egitarauan bete beharreko lehenbiziko gauza Aita Santuak frantses beilariendako eman meza entzutea, hurrengo egunetan berriz katakunbak eta elizak bisitatzea. Ez zuen, ordea, Erroma gustoko: «Erroma hiri bera ez dugu ederra kausitu; saletxe bakhar bat ez da begikorik, atxe argamasa batzu dira biziki azkarki eginak, bainan ilhunak, dena murru, buztin kolore. Ez dugu espanturik ez karrikez ez plazez. Elizetarik landa, Erromako gauzarik ederrenak kausitu ditugu ithurriak, eta bada zer nahi, hiri guzian, ur garbia dariotela nasai». Erromatik Asis aldera joan ziren beilariak: «Elhurra ari zen eta haize bat izigarria hotza, hormatuak baiginen tokiaren geinean», eta Asis hiritik Gênes hirira: «Ederra da ta handia, bestelako da Erroma hiritik eta betse harramantza karriketan. Itsas portu bat badu ederrenetarik. sakela bat iduri».

        Hazparneko Elhiarrea etxekoa zen Grachien Istilart Makeako auzapezari buruzko artikulua agertu zuen 1932.ean, eta 1934.ean «Etcheak eri» izenburuko dei mingarria Euskal Herritik ihesean etxea abandonatzen zuten emigranteen kontura: «Zonbat etxeko seme edo alaba, eskualdun garbiak, beren aitaren, aitatxoaren sor-tokia, ondorioz ukhan etxondoan saltzen dutenak atze bati edo oraino gaizkiago dena, erdaldun bati! Etxondoari ihesi badohazi hirietarat beren ustez bizi goxoagoko baten iragaiteko. Denek badakigu, nola urrikitzen zaioten gehiener ondoko egunetan, bainan berantegi». Azkentzeko, Gure Herria-n agertu zuen ondarreko lana 1968.eko «Francis Jammes Hazparnen» izenburukoa izan zen.

 

Bilaketa