literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Biktoriano Iraolaz aipu labur

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1999-1-15 eta 1999-1-22

 

        1. «Muchos nombres de esta generación —la que siguió a la terminación de la última guerra carlista y que es anterior a la nueva ola que se abre paso en el primer cuarto del siglo XX— han sido preteridos al imponerse las nuevas corrientes, y sin embargo son bien dignos de ser rescatados del olvido: R. Artola, R. Azkarate, B. Iraola, E. Elicechea, etc». Ez dakit zein neurritan Villasanteren hitzok artatzen ari diren egun, baina arras pozgarria zait DBH-n erabiltzeko Mendiguren-Eizagirre tandem gotorrak berriki ateratako testu-liburua —Euskal literaturaren antologia, Donostia, Elkarlanean, 1998— txirikordatzeko erabili irizpidea, eta horra hor, non Iraola dagerkigun haundien —baita apalagoen ere— artean —argazki eta guzti, alaintso!—.

        Pasai Donibanen 1841.ean sortu zen Biktoriano Iraola Aristigieta, Donostian bizi bazen ere. Katalina Albarez-Azpeitiarekin ezkondurik, Azpeitia karrikako 5. zenbakian zeukan inprimategian egiten zuen lana —Pio Baroja aterbetu zuen eraikin berean—, irarkola asto batek mugitzeak makina esan-mesan sortarazten zuela. Errepublikazale eta foruzale, Donostiako zinegotzia ere urte luzetan arizan zen, Kontxako tamarindoak ekartzearen alde bozkatu zutenetakoa izanki. 1919.eko irailaren 19an hil zen Donostian.

        Langile porrokatua, abondo paper zipriztindu zituen, solte edo garaiko aldizkarietan ageri zirenak, bere izenez, edota Churi nahiz Sei ezizenenpean. Genero guztiak landu zituen. Lehenbiziko lanak bertsolaritza-poesiaren barruan burutu zituen, esate baterako, Iruñeko Euskara aldizkarian 1880. eta 1881. urteetan agerturikoak: «Abenduaren 7a 1688garren urtean» —hau ere Bertsolariya aldizkarian agertu zen 1932.ean—, «Guda, gudariak eta beren itz-bideak» eta «Lore igartua», baita Bertsolariya aldizkarian ere 1932.eko agorrilan argitara emaniko «Pilotariyak» izenburupeko bertsoak, bertan argitu zuenez, 48 urte lehenago eginak zirenak.

        Ezagunagoa igaro zitzaigun, ordea, antzerkigintzan garatu zuen lanarengatik. Iraolaren antzerkilanak oro alaiak eta umoretsuak ditugu, far eragile bezain arin, Soroa maisuak hasitako ildotik, eta zerrenda luze baten osatzaile. Kronologikoki emanda, 1884.ean Bi itsubak zartzuela jokatu zuen estrainekoz Donostian F. Asenjo Barbieriren musikarekin, eta Iruñean burutu lehiaketa literarioan Pelayo Castilloren El que nace para ochavo lanaren itzulpena den Ardita beti arditesanguia eguintze batian eta bersuan— saritu zioten, urte bertsuan argitara emanik Donostiako Peña eta Pozoren etxean —nahiz 1889.eko abenduaren 26ra arte ez zen oholtzaratuko—; 1886.ean, berriz, Petra xardin saltzallia jostaketa komiko-lirikoa aurkeztu zuen Raimundo Sarriegiren musikarekin, tankera honetakoa ere Karmen gaztain saltzallea eta zeladore baten estuasunak; 1888.ean Sarriegik musikatu Pasayan zartzuela saritu zioten lore jokoetan; 1889.ean Xordo bakarrizketa taularatu zuen estrainekoz Donostian, 1890.eko Euskal Esnalea-n argitara emanen zuena; 1891.ean Emiliano Sánchez Pastorren zortzikotik eginiko Leokadia esangia edo zarzuelachua egintza batian egokitzapena eman zuen argitara Barojatarren etxean N. Luzuriagaren musikarekin; 1892.ean Txomin Donostiyan errebista Luzuriagak musikatua eta Pulpuba bakarrizketa; 1894.ean Navarreteren Percances de un apellido lanean oinarria zuen Onentzaro gaba egintza bakarreko komedia aurkeztu zuen, baita Bilboko Euskaltzalekoek sariturik gai beretsuko Gabonetan zartzuela; 1900.ean Ulijakuak agertu zuen Donostian; 1902.ean Ergobiyan akto bakarreko komedia Donostian estrainekoz jokatu zen; 1909.ean Ixkina Mutrikun bakarrizketa eman zuen argitara Donostian; bakarrizketak ere Joxemaritarrak, Xardiñak, Zinean eta Txokolo lanak izan ziren, gehienetan ere, Pepe Artolarentzat idatzi zituenak.

        Alta, eta gorago aipatu Mendigure-Eizagirrerenean ziurtatzen den eran, Iraolaren antzerkien gainetik ipuinak jar litezke, garaian ekarri modernitatearengatik bereziki. Honen lagina ekartzen digute bada beren antologian «Tranbian» testuaren bitartez. Auñamendikoek ere 1907.eko Baserritarra aldizkarian agerturiko «Beti bezala» ipuina eskeini ziguten literatur entziklopediaren bigarren alekian. Edozein modutan ere, Iraolaren narratiba zuzen-zuzenean dastatu nahi duenak 1887.ean Donostiako Pozoren etxetik elkiriko Kontuchoak ipuin bildumara jo beza, halaber, 1962.ean Zabalak lematu Auspoa bildumaren 9. zenbakiarekin atera zen Oroitzak eta beste ipui asko lana badu irakurgai. Bestaldetik ere, Iraolak landu pasadizo-xelebrekeria-txantxen generoa ezin aipatzeke laga, horra hor Euskal esnalea aldizkariaren orrialdei gatz eta piper demasa eman zien Izkirimiriak, G. Mujikari Iraola Bilintxen izpirituaren jarraileatzat jotzeko arrazoi beste eman ziona.

 

        2. Ez dira luzeegiak txoriek euskal literaturan egin ahal izan dituzten hegaldiak; Richard Bach bezalakorik gurean ez dela egon oroitaraztea soberan dateke, Txoriak sugeari begiratzen dionean badugula onartu arren. Egia esan, txoriek oroz gain bereganatu ahal izan duten arreta bakarra izendegiari dohakiona izan da, eta gisa horretan, ugariak izan dira txorien izenekin tajutu izan diren hainbat eta hainbat zerrenda. Adibide batzuk ematearren, hor dugu Pedro Sansinea Lekunberrik 1908.ean egin Catálogo descriptivo de la colección de aves e insectos legada a la Exma. Diputación de Guipúzcoa por el finado Don Angel de Larrinua. Garai beretsukoa da Telesforo Aranzadiren «Nombres vascos de las aves» 1909.eko RIEV-en agertu zena. Jean Elissalde eta Louis Dassance Euskal Herriko txoriei buruzko berriak 1923.ean hasi ziren ematen Gure Herria aldizkarian, «Euskal Herriko hegaztiak eta tchoriak». Iparraldetik atera gabe, Pedro Garmendia saratarrak, «Nombres de aves en euskera» izenburuko artikulua argitzera eman zuen RIEV aldizkarian, 1934. urtean. Martin Itziar Agirrek, berriz, Gure txoriak izenburuko liburua eskeini zigun 1966.ean —Kuliska sorta 62. zenbakia—, bertan, eta elkarrizketa moduan tajuturik, Euskal Herrian ikus daitezkeen 240 inguruko txoriren zerrenda luzea agertzen zuelarik. Azkenik, aipa dezagun Juan San Martinek 1978.eko Euskara aldizkarian agertu «Txori izenak Eibarren» artikuluxka, ehun pasatxoko txori izen zerrenda, hots.

        Gure Iraolarengana arraitzul gaitezen. Honek, 1913. eta 1914. urtetako Euskal Esnalea aldizkarian dozena pare bat txoriri eskeini bertsoak agertarazi zituen, alabaina, bertsoak ondu zituenean hagitzez gazteago zela pentsa liteke, izan ere, honela baitzioten editoreek estrainekoan: «Choriz betetako idazti polit-polit bat bidaldu digu gure adiskide Biktoriano Iraola jaunak. Gaur dakargu Euskal esnalea-ra lendabiziko choria, apurka-apurka guztiak azalduko ditugu. Irakurri bada, batere utzi gabe!». Argitara emaniko lehenbiziko bertsoak, bost ahapaldi osotara, Txiuari eskeini zizkion (Phylloscopus collybita): «Berde azeitun kolorekua / Argisiago pechu aldera / Begi biziya moko chusena / Lar chori eta chepech antzera».

        Agertu bigarren txoria «Pinchana» izan zen (Saxicola): «Lepondua ta kaskua belchak / Bizkarren gaña urdin argiya / Guztizko gorri politekua / Pechuba eta lepo azpiya». Orok ezaguna dugun txantxangorriak (Erithacus rubecula) zortzi ahapaldi erdietsi zizkion Iraolari: «Nork ezagutzen eztu lur ontan / Nork, gure chanchangorriya / Jostallu eziñ egona eta / Bide chokoko choriya?». Txantxangorriaren bertsook bigarrenez agertu zituen Iraolak 1932.eko Bertsolariya aldizkarian.

        Martin arrantzaliaz (Alcedo atthis) sei bertso ondu zituen Pasaikoak: «Itsas egazti begi zorrotza / Kolorez guztizko fiña / Kasko berdia moko lusia / Bizkarra berde urdiña». Mikari buruz (Pica-pica), aldiz, zortzi ahapaldi idatzi zizkigun Iraolak: «Guztiz da chori eder pozduna / Egokiya ta liraña / Dama gazte bat beziñ airosa / Bera dan beziñ apaña». Zerrendan hurrengoa irrairra izan zen (Apus-apus): «Jazkeren luma eder guziyak / Belch dizdizari brontziatuak / Moko azpiyan mancha churiya / Begiyak belchak eta eguak».

        «Nork eztu emen ezagututzen / Begi zorrotzdun chori alaya / Soso jantzi belch moko oriya / Urase bera bezin galaya» lerroekin hasiera eman zion errexinolaren omenezko bertsoei (Luscinia megarhynchos). Eta 1913.eko segidari amaiera emateko txepetxari eginikoak ditugu gustagarri (Troglodytes): «Chori jakintsu begi ernaya / Moko chusena kasko sanpala / Lur gorristatu kolorekua / Gorputz mocha ta egala sabala».

        Bigarren urtean agerturiko txorien zerrenda luzexkagoa izan zen. Enada edo bragada (Hirundo rustica) izan zen lehenbizikoa: «Arrazoi aundiz chori noblia / Antziñatik da izentatua / Ezta bakarrik elkargarriya / Baizik jostallu ta jakintsua». Ondoan txirita, zozua (Turdus merula), txoka (Acanthis), tximiska, gurita (Anthus), bordoya, iskiñosua (Garrulus glandarius), tariña (Carduelis spinus), pirripiyua (Lullula arborea), lartxoriya (Calandra), pareta txoriya, ontza (Otus), kukuba (Cuculus canorus), belia (Corvus) eta karnaba (Karduelis) datoz: «Ezta izango pachandioso / Aundiyagorik gure mendiyan / Dirudiyela eziñ kabitu / Dala askotan leku chikiyan». Zein baino zein bitxiago eta harrigarriago. Txori hauen gainean Iraolak idatzi bertsoak hartuta eta hegazti bakoitzaren irudiarekin zein ezaugarriekin edizio berezia egitea ez litzateke lan txarregirik gertatuko, eta bati baino gehiagori berebiziko laketa emanen liokeela segur bagaude.

 

Bilaketa