Paulin Solozabal olerkariaz
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1998-11-20
«Udabarriz lore-pitxiak txairo. Orrela ditugu Solozabalen kantagaiak ere, lau, arrunt eta errezak. Artezi ta lanketa geiegi bakoak, arin-errezak. Olerkari aspergatxa dogu iñondik-iñora».
Lehengo batean Tutera karrikako liburudenda ezagun batean nintzela, Iruñean, euskal liburuak akuilatzen dituen abaroan begiak pasiarazten nituela, Erri arnasa izenburuko liburuxka zaharxea jo nuen begiz: Solozabal'tar Paulin, autoedizioa, «bear diran baimenakaz» baina zer gerta ere, poesia liburua. Nor ote nuen, baina, olerkari bizkaitar hura?
Paulin Solozabal eta Solozabal Markina ondoko Etxebarrian sortu zitzaigun 1912.eko maiatzaren 4an. Apezbidean, Durangoko josulagunen ikastetxean sartu zen 1925.ean. Handik bi urtetara Arratiko Gaztelu-Elexabeitiara joan zen, eta 1929.ean, jada, Gasteizko apezgaitegian sartu zen teologia ikasketak burutzeko xedez. Hantxe, apez txikiek ateratzen zuten euskal aldizkarian hasi zen gure Paulin bere lehenbiziko olerkiak azalerazten, baita estrainekoz bere ezizen literarioa erabiltzen, Egieder alegia. Haatik, ikas bidaztia amaitzeke, 36.eko gerratea heldu zitzaion Paulini, gogoz kontra soldadu eroan zuen berbera: «Ondamendi bakarra / Etsai gogorrak egin zun / Gernika barruan / Arririk ez egoan / Lengo arri gañean / Gernika osuan».
1939.eko uztailaren 2an apeztu zen Bergaran, eta meza berria sorterrian bertan emanik, Arabako zenbait herritan aritu zen erretore Basaben, Azebedon, Mioman eta Pinedon hain zuzen harik eta 1942.ean Mungiako Laukarizera buruz jo zuen arte: «Euskalerriko aritz artean / Zakusdaz ernai Laukariz / Bizkaiko lurrean erroturik / Mendi ur garden ugariz».
Olerkari ihardun zuen gutxiz gehien, atera sei liburuek aski argi adierazi bezala. Poemategi guztiak Bilbon argitaratu zituen, eta guztietan ezarri zituen Santi Onaindiaren hitzak aitaponteko. 1961.ean agertu zen lehenbiziko lana, Uskeriak izenburupean; lau sailetan banaturik, «Begien dardar», «Barrua miñez», «Jainko kezkaz», eta «Inguru minguru», 168 orriotan barrena 146 olerki lan biltzen dira: «Olerkari txit bizkor / Gau odeitsu ilunean / Oñestarri diztikor / Erriak lo ameskor / Olerkari kantari / Goizeko urretxindor / Gogor motel garaian / Olerkiaren gatzak / Min erri biotzean / Oi olerkari sutsu / Zure urre gogoan / Maitasunak loratsu».
Bigarren olerkitegia 1962.ekoa dugu, Urre-bitsa. Hirugarrena, berriz, 1969.ekoa, Gizonetan. Azken honetan, gizarte gaietan kezkatu xamar dabilen Solozabal bat atzeman daiteke, Onaindiaren hitzetan, «gaurko gizarte arazoetan sarturik, gizon bila ibilia dogu; gizona ordea, jausia ta porrot egiña ikusten dau, duintasun barik; ezta goi-zale, lur-zale baño, biotza maitasun-abi barik, gorroto-abi dau, eta olerkariak ezin dau ori ikusi».
Gizadian 1972.ean karrikaratu zen, erdia prosaz eta beste erdia olerki moduan tajuturik. 1974.ean 204 poema biltzen dituen Deika eskeini zigun, eta, ahitzeko, 1977.ean aipatu Erri arnasa. Artezak dira Solozabalen kezka-iturriak, lauak; olerki soziala deituriko ildoan barrena abiaturik, eta apez zamak ertsiki estekatu zion hegaldia, eta olerkari gisa kamustu: «Oldoztu ta oldoztu ari naz / Artega daukat bizitza / Barruko kezka negargarriak / Lertu nai dauste biotza». Baina oroz gainera, euskera zitzaion mingarri, kezka-iturri nagusi, nahiz borroka horretan bakarrik ez dagoela sobera jakin: «Izkuntzak ditun erpin oianak / Arkaitzak eta maminak / Ibaiak eta itxaso zabalak / Ezagutzen Onaindiak».