literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Andima Ibinagabeitiaz asimasiak

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1998-10-2 eta 1998-10-9

 

        Bizkaitar peto-petoa genuen Andima-Sabin xaloa; aita, Galo Ibiñagabeitia Beobide, elantxobetarra zuen, eta ama ere, Eufemia Idoiaga Aldamiz-Etxebarria, Ibarrangelukoa. Horrela beraz, Andima Elantxoben jaio zen 1906.eko urtarrilaren 26an, eta izenak berauk aski argi salatzen digunez, Galoren pentsamoldea lagun hurkoa zuen Arana-Goirirengandik arras gertu zegoen; Elantxobeko maisua izanik, gartzela ezagutu beharra izan zuen Iberoko Ebangelistaren Ami Vasco banatzeagatik.

        Andimari harzara atxekituz, oraino haurra zela, eta lehen ikasketak, ausaz aitaren akuilatzepean, sorterrian eginik, Tuterako josulagunen etxera joan zen batxilergoa egitera, non bulta laburrez (1918-1919) Orixe bera maisu egokitu baitzitzaion. Handik, Josulaguna izan nahi zuela, Loiolara jo zuen 1921.ean, josulagunen ikas-bidaztian zegozkion historia eta giza ikasketak burutzera. Hantxe zin eginen zituen boto txikiak 1923.ean, eta hantxe ere grinatuko zitzaion osoki euskal gauzekiko gogoa beste hainbat josulagungai euskaldunekin batera, oroz gain Zaitegi, urte batzuk lehentxeago aita urtebetez gartzelara eraman zuen Ami Vasco liburua bera irakurtzeko aukera Apalategi aitak eskeini zienetik batik-bat. Loiolan ere, euskarari aitzi lantzean behin arnas zitekeen giroa izanagatik, ez ziren gutxi jaso abirazai eragingarriak. Estefania aitak literaturaren berri eman zien zabal eta oparo: «Estefania-Zabala'tar Joseba Mirena aba zan gure elerti irakaslea. Ez genezakean ukan irakasle pin, zintzo, zorrotz eta iakitunagorik sail ortan (...) Ez zun iñungo literaturarik baztertzen, eta berak erakutsi zizkigun katalandar literaturaren ondasunak, baita euskal-literaturarenak ere». Loiolakoan ere, euskal akademia sortu zen, eta horri aurkezturikoa da Andimaren ezagutzen dugun lehenbiziko lana, 1923.eko Lore ederrenak olerkia alegia.

        Loiolatik jalgirik kurritu beharreko bideak Oñara eroan zuen, metafisika, filosofia eta matematika ikasle, eta handik ere, teologia nahiz zuzenbide kanoniko ikasketak burutzeko xedez, Belgikako Marneffera hurbildu zen, tartean Colombiako Bucaramangan denbora bat emanda. Alabaina, 1935/36eko ikasturte bukaera aldean utzi zuen lagundia, seguroenik ere, obedientzia botoa betetzeko zituen zailtasunengatik, eta bereziki euskara kontuak zirenez bezanbatean.

        Belgikatik Euskalerriratzean Galdakaoko lehergai entrepresa batean sartu zen bulegari, Chalbaudtarren Unión de Explosivos entrepresan alegia. 36.eko gerratea baino apur bat lehentxeago baina, nagusiek Portugalgo Trafarian ireki berri zituzten bi lantegien kudeaketaz ardura zedin borroka-tokitik aldendu zuten zuhur zazpi bat urtez, harik eta zeregin berberaz Madrila inguratu arte, nondik guztiz sordesian nazkatuta, Bilbora itzuli zitzaigun, ez oroz-bakoz ordea, egoera politikoa zela eta, Parisa joan baitzen 1947.ean.

        Parisen zazpi urte eman zituen, Mirande eta Peillenen lagun-giroan, ugari eta emankor; ordukoak dira, bada, Andimaren lehenbiziko argitarapenak, aurretiago josulagunen Jesusen Biotzaren Deya-n eginikoez gain: Alderdi, Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos, Egan, Euzko Deya, Euzko Gaztedi, Euzko Gogoa, Gernika, Irrintzi, Olerti, etabarretan, betiere euskara hutsez. Parisko egonaldia, aitzitik, eten behar, eta Zaitegi ikaskide ohi zaharrak Euzko-Gogoa aldizkarian lan egin zezan luzatu dei salbatzaileari muzin egin gabe, Guatemalara joko zigun Andimak 1954.eko hasieran. Parisen, damuz, ezer gutxi egin zezakeen, Miranderi aitortu zion gisara: «Gure atzerrialdeko egokera geroago eta okertzenago ari da. Ez da iñundik argi-xintarik ageri gure etorkizuna argitzeko. Utzi bear dut Paris puta-tzar min ematen badit ere». 1956.ean Zaitegik Euskal Herrira egin zuenean, Andimak Caracasen bilatu zuen abegia, sendikoen artean, hantxe ere euskara tartean, eta bertako euskal etxean euskara-irakasle arituta, bertan zendu zitzaigun 1967.eko azaroaren 2an. Hiru urte beranduago Caracas-ko Euskera Lagunen Elkartekoek «Andima.Ibiñagabeitia Saria» sortu zuten bere omenez.

        Euskara aldetik, ez zegoen guztiz ados Euskaltzaindiak aitzinaratu lanarekin, nahiz 1961.etik euskaltzain izendatu. Bere apostua Azkueren gipuzkera osotua zen, Lapurteraren aldeko saioaren gainetik, nahiz nabarmenak ziren Miranderengandik jasotako eraginak.

        Caracasen Eman aldizkaria sortu zuen. 1967. Euskaraz eta erderaz. Bost zenbaki atera zituen: «Euzkotar eta euskaldunek Ameriketara auetan egin dituten lan eta egintza aundiak iñarrosi eta aizetara eman, gure inguruetakoak ikasi ta aietaz jabetu ditezen».

        Ibiña ez zen kritakari normala. Iñigo Ruizek dioenez, Andimaren asmo bakarra euskara izan zen: liburu eta aldizkarien iruzkinak, literaturaren historiari buruzko saioak, itzulpenak, etab. egin baldin bazituen, ez zen gai horiek bere interesekoak zirelako, euskarari zihoazkiolako baizik. Askotan Andimari makalegia zela leporatu ziotelako, eta berak horren berri bazuen: «Bein baiño sarriagotan idatzi didate makalegia naizela kritikagintzan; obe nukela eztia baiño egurra erabilli nere idaz-lanetan, baña ez diet kasurik egin (...) Naiago dut luma au milla zati egin eta surtara jaurti, euskal idazle bat, den delakoa, betiko ondatu baiño. Ain oparoa da gure soroa ernemin xamurrenak ere ostikopean zapaltzeko?». Errezensioak EG-an egiten zuen Idazti berriak sailean.

        Lanak:

        Andima Ibiñagabeitiaren idazgintza oparoa Parisen zegoela hasi zitzaigun gauzatzen, hala zenbait euskal aldizkarietan nola irrati programetan ere, alabaina, argitalpenen bat aipatu beharrean bageunde, horixe Euzko Gogoa litzateke, 1954.ean Guatemalara buruz joko zuenean berauk lematuko zuen ber alegia, duda-mudarik ez. Ia euskal literaturaren esku-liburu guztietan J. Benaventeren La fuerza bruta idazkiari egin zion «Abere-indarra» itzulpena agertzen zaigu, 1951.ean agertua, eta Zaitegirekin batera egina nonbait. Santi Onaindiak «Euskal idazti baten eunkiaren inguruan zenbait gogoeta», G. Garrigak erderaz egindakoaren euskarapenaren berri eman zigun, hau ere 1951.eko Euzko Gogoa-n, baina urte hartan agertu lanik interesgarrienetako bat agian bere «Landareetaz atsapenak: botanika asimasiak» zatekeen, hamairu ataletan, gazte garaian eginiko lana zena, eta bere momentuan argitara eman gabe geraturik, geroago Zaitegik eskatuta ber-aurkiturik; lehen-ikastola-mailako neska-mutikoentzako egina: «Lau euskaltzale gazte elkartu giñan, ikastoletarako, euskeraz, gauzen-ikaskizunetaz ornitutako liburu bat egin bear genuela-ta. Botanika, zoologi ta geologiazko egitekoa eni egotzi zidaten».

        Ovidioren Ars amandi ere EG, 1952, itzulpen honen inguruan bere burua zuritu zuen, betiko aitzakipean: «Norbaitek lan garbiago bati ekin bear niola erasoko dit. Erasoleak berak egin beza. Errex esaten da: au egin bear zenuen, beste au obeto izango zan. Buru ederra asmo ederragoz gainezka duzutenok, zergatik ez zerate zeuok lanera yartzen? Ez neri esan beste zerbait egin bear nuenik, zeorrek egin ezazu». Pako Sudupek esanaren arabera, Andima, Miranderen bidetik zertxobait, erotikaren alorra ere jorratu zuen lan honen bidez. Azken edizioa Aintzane Arrieta, klasikoak 74, Bilbo, 1994

        — Euskera irudi bidez, Nuevo método de euskera básico, Paris, 1953, Norbait sinatua; Parisen zegoela Mirande eta Peillenen euskara 9rakaslea izan zen . Garai honetako da Euskal elertiaren edestia, 300 orrialdeko lan argitaragaea.

        — «Euskal literaturaren amaseigarren mendea», EG, 1954, Londresko BBC irratian bi alditan esana

        — «Euskal mitologiaren ikaspiderako», EG, 1954, Barandarianen itrzulpena

        — Euskal ikasbide erreza: Aprenda el vasco en 60 horas, Zarauz, 1960; honi buruz K. Mitxelenak rezensio baikorra agertu zuen 1961.eko Egan-en, alabaina zalantzan zuen bidearen laburra: «Uts gutxi aurki lekioke ikasbide oni (...) Ori orrela izanik, aitor dezagun maiz gelditu izan direla besteren gidari dabiltzan euskaltzaleak eta euskalariak bide ertzeko loreei edo sasiei begira, eduki bear luketen jo-mugaz gogoratzeke. Gramatikazaleen geiegikeriak aski ote dira, ordea, gramatikaren laguntzaq gutxiesteko eta arbuiatzeko?».

        — Bergiliren idazlan osorik, Bilbo, 1966, Onaindiarekin batera; karmeldarrak Eneida itzuli zuen eta Andimak gainontzeko guztia, hau da, Unai kantak (EGan agertu zen 1954.ean, Itsasoan idatzia) eta Alor-kantak (Bilbo, 1966). Andimak eta Santik ez zuten elkar ezagutzen, postaz baizik; Santik eskatu zion Alor-kantak euskaratzeko, eta horrela agertu zen Bergiliren liburu osoa Bilbon. Azken edizioa Iñigo Ruiz Arzalluzek agertu zuen klasikoak saila 55, SS, a992,

        — «Mundu berriko euskal idazleak», Revista conmemorativa del centro vasco de Caracas, 1967, Egan 1963 eta 1964, Erbeste-aldiko euskal literatura-ren zatia

        Caracasen zegoela Irrintzi aldizkariko zuzendaria eta euskarazko testu gehienen egilea izan zen; hemen azaldu zuen bere testamentu politikoa, une mingotsak bizi zitueno. Alabaina 10. alerako utzi zuen aldizkaria beste Matxari zuzendariarekin izaniko tira-birengatik, Agirre hil berria zela eta agertu artikuluari eginiko zentsura zela eta,

        Argitara eman gabeko lanak Lazkaoko beneditarren etxean utzi zituen, eta hantxe dautza Euskal iztegi berria, eta

 

Bilaketa