literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.360 kritika / 1.828 aipamen / 5.570 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Izarbeibarreko lekukoak

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1998-9-25

 

        Gure txoko honetan, ia lau urtetan barrena, ez dira gutxi izan ekarri egile bizkaieradunak, eta beste horrenbestetan, ia-ia derrigorrezkoa izan zaigu Altzibarren lana aipatzea, atsegin haundiz gainera. Gipuzkeradunei dagokienez, ostera, ez dugu horrelakorik, oraino, Ordiziako filologo batek bere tesia bukatuko duen arte bederen. Arabako euskarak izkiria-tresna izan dutenen gainekoa murritza beharko, eta hortik, agian, nahikoa zaiguke berrikian Knörrek eta abarrek ondu liburua. Nekezago, eta luzarorako baina, nafarroako euskarak mintzabide izan dutenen gaineko tajuzko lanik; ez naiz ari bildumaz ez eta antologiaz, Nafarroako euskal literaturaren historia sakon eta zehatza ekarriko digun lanaz baizik.

        Ez da zalantzarik Juan Beriain Erreniagaz bestaldetiko euskaldunen lekukorik apartena dela, aspalditik ezaguna, jada Larramendik eman zigun bere lanen berri euskal bibliografiaz bere hiztegi hirukoitzean plazaratu zuen saio goiztiar hartan. Jose Maria Jimeno Juriok argi utzi zuenez, Juan Beriain Utergan jaio zen, ez Beriainen bertan Oroz Arizkurenek proposatu bezala, 1566. inguruan. Eliz karrera egina, Juan Beriainek bi lan izkiriatu zituen XVII. mendeko bigarren hamarkadan argira elki zirenak. Atera zen lehenbizikoa arras ezaguna zaigun Tratado de cómo se ha de oir misa dugu, 1621.ean Iruñeko Karlos Labaienean moldakatu zena Nafarroako erret kontseiluaren baimenarekin. Bigarrena, aldiz, 1926.ean eman zuen argitara, eta Doctrina chirstiana bat da.

        Lehenengo lana da gutxiz gehien ezagutzen duguna, areago Hordagokoek euskal klasikoen bilduma beltz, agortu eta aintzindari horren barruan azken zenbakiarekin, 30arekin alegia, plazaratu zutenetik.

        Aipatu Berianen bigarren lanaz denez bezanbatean, Vinsonek haren berri eman zigun bere katalogoaren lehenbiziko alekian, Larramendik bai hiztegi hirukoitzaren sarreran bai Gipuzkoako Corografia-n jasotakoari orpoz-orpo jarraikiz. Frantzisko Mendoza apezpikuaren oneritziaz horniturik datorren 12 neurriko liburuki hau, laurogei orrialde inguru dakarzkigu gazteleraz zipriztindurik, bai beste horrenbeste ere euskaraz tajuturik, finean, apezpikutegiko bi mintzairak, Berianek berak esan bezala. Larramendiren gustukoa zatekeen, bada, Berianen testutik «Sinisten dut» esleitu baitzuen, Elizalde ordenkidearen testuarenarekin segituan erkatzeko. Bereizketarik nabarmena, bistan da, lehenaldiko aditz formen bukaerako sudurkariari dagokiona genuke, hau da, Berianek —n erabiltzen zuen eskuarki: «Cein concebitu baitzen Espiritu Santuaren obraz, Jaio cen virgina Mariaren baitatic, pasatu zuen pasio dolorezcoa Poncio Pilatoren juezaren azpian, crucificatu izandu zen, ill cen ta orci zuten, jausi cen...»; aitzitik, Gesalazko Muzkiko Elizaldek sudurkaririk gabeko aldaera zerabilen nagusiki, hegoaldeko nafarrera garaiaren ezaugarririk sonatuena ausaz Bonapartek bere datu bilketa egin zuenean, eta Elkanoko Lizarragaren lanean ezin hobe egiazta daitekeena: «Cein concebitu baice Espiritu Sanduaren obraz, jaio ce andre Maria virginarenganic, padecitu zue Poncio Pilatoren manuaren azpian, gurutceficatu zute, il zute, orci zute, jautsi ce...».

 

Bilaketa