literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Rafael Mikoleta Zamudio «Amuko»-z gomuta

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1998-9-18

 

        Rafael Mikoleta eta Zamudio sendi leinargitsu baten altzoan sortu zen 1611.eko azaroaren 19an Bilbon, San Antongo elizan berean Martin Arrieta batxilerrak bataiatu zuelarik. Mikoletarrak —edo Nikoletarrak, bada, bietara dugu artxibategietako paperetan Rafelen abizena— Begoña aldeko merkatarien aikoa genuen, XVII. menderako bederen. Letretako gizona, lizentziadun bihurtzearekin ber Bilboko elizetako benefizio laurdenen jabe egin zen 1653.erako gutxienez, bere lana ondu zuenerako, hots. Honetan, sendi tradizioari ez zion muzin egiten, osaba batek, Martin Mikoletak alegia, 1632.eko matxinadari buruzko agiria sinatu zuena. Ez zitzaion matxinatuek sortarazi anabasa oharkabean igaroko, areago, osaba gertakizunen idazkaria izanik, halarik ere ez zen berea historia orekatuagirik izanen, geure Rafael beraren amapontea zen Maria Fernandez-Anguloren senarra baitzen, izan, altxatutakoen guztizko itu gehien, Pedro Fernandez-Kanpo hain zuzen, bestalde ere, Mejoradako lehenbiziko markisaren gurasoa izanen zena. Rafel Mikoletaren biografiaz bereziki kezkatu zen Villabasok zioskunez, gure idazlea ere hiriko kabildoaren fiskal txiki, fiskal gehien eta priorea izan zen, nahiz Altzibarrek, honakoa ziurtatzen duen oinarri dokumentalaren eza ere nabarmendu zigun; aitzitik, Altzibarrek dokumentuz bai ziurtatu ziguna zera izan zen, gure Mikoleta nahikoa odolberoa zela, eta ezizenez ezaguna zen «Amuko» deitu zion emakume bati egurtzeagatik espetxean izan zela. Edozein modutan, argi gera bedi Mikoleta, barrokoaren garaiko Bilbo hartan, gerriko hezurra agerian zuen abade lander, txiro eta arlote horietakoa ez zela, eta gradu horretatik euskarazko esku-liburua agertu izana ez zela txori-kaka, euskararentzako behinik-behin.

        Rafaelen gramatika laburra jada aipatua dugula, desagun edozein bizkaitarrek, neurri apalagoan nahi bada baina baita edozein euskaldunak ere, ezagutu beharreko berri-zerrenda apala. Modo breve de aprender la lengua vizcaína 1653.ean ondu zuen Rafelek. Argitara gabe geratu zen horratik, harik eta Fidel Fita josulagunak —berriz ere berau— 1880.ean Gironako V. Dorcarenean agertu zuen arte. Hurrengo urtean Salvador Sampere i Miquelek Bartzelonako Revista de ciencias históricas-en kaleratuko zuen harzara. Hirugarren edizioa ere berehalakoxean etorriko zen, 1897.ean hain zuzen, Edward Spencer Dogsonen eskutik eta Sevillan. Azken bi edizioak Angel Zelaietak paratuak dira, Eusko Ikaskuntzaren babesean bata, 1988.ean eta Hizkuntza eta Literatura sailaren 8. kaierrean, eta Abandoko Mikoleta euskaltegiak aintzinaratua bestea, 1995.ean agertua, biden artean aldaketa gutxirekin ordea. Bost edizio hauei, gainera, Azkuek Sempererenari eginiko ikutuak, nahiz Mitxelenaren eta Sarasolaren ekarpenak aipatu beharrekoak dira, haatik, eta Altzibarrekin batera, «oraindino edizio kritiko on baten zain gaude».

        Liburuaren eskuizkribuaren bidaztia ere zur eta lur uzteko modukoa agi dakiguke, bada, idaz-mendean berean Ingalaterrari buruz eraman baitzuen bertako merkatariren batek, bizkai kaietako euskaldunekin hala edo nola hobekiro moldatzeko helburu. Eskuizkribuaren bukaeran Owen Brigstocke izena eta bere armarria agertzen da grekerazko hitzokin: «ôs ophis kai peristera», hau da, «sugea eta usoa legea», alabaina, badirudi Mikoletak Samuel Sainthill izeneko baten eskariari erantzunez idatzi zuela bere lana. Eskuizkribuaren azken jabea, XVII. mendean oraino, Norwich-eko Thomas Browne sir-a izan zen, harik eta beronen senidea zen Robert Harley-ek britaniar museoari eman zion arte.

        Lanaren edukinaz denez bezanbatean, hasmenta du lanak deklinabide kontuekin, «Modo breve de sauer declinar los nombres vascongados»; jarraian aditzaren txanda datorkigu, «Conjugación de los verbos vascongados»; baita hiztegi gaiak ere, «Ditionario breve de vocablos los mas usados en vasquense propio puestos por orden alphabetico»; gramatika kontuak alde batera utzirik, on Rafael «Modo de la vizcayna poesia y sus versos» izenburuko atala gaineratu zion idazkiari: «Dexando las coplas de lelo-lelori que suelen cantar las moças los días festivos, que no entran en la mas graue poesia vazcongada ordinariamente ay en nuestra lenguá dos modos de versos y entrambos se componen de assonantes como los romançes de la lengua castellaná, y a este simil los llamamos nosotros vasquenses (...): Amoren contentuac / Estaude yrauten / Campoan lorac leguez / Dira galsayten». Azkenik, Mikoletak elkarrizketa zenbait txertatu zituen lanaren bukaeran, nonbait, Londresen 1623.ean John Minsheuk argitaratu zuen A dictionary in spanish and english lanean oinarri bide zutenak, Dogson berak aski argi utzi legez.

 

Bilaketa