literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Jose Elizondo antzerkigile tolosarra

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1998-9-11

 

        Heldu den asteazkenean, hilak 14an, Jose Elizondo Lopez jaio zeneko 133. urteurrena ospatzeko aukera izanen dugu, areago ordea tolosarrek, bada, bertan jaio eta baita bertan ere 1943.eko apirilaren 18an zendu egin baizitzaigu; ez dakiguna, berriz, zera da, eia amaren aldetiko sendia Lopez-Mendizabal inprimatzaile-liburugilerenaren berbera ote zenentz, baina halaxe izan balitz, ezin aproposago otu litzaigukeen. Nahikoa idatzi zuen garaiko paper aldizkari gutxiz gehienetan, baina antzerkia izan zen kirioak bereziki kilikatu zizkion idatz generoa.

        Bere burua 1907.ean eman zuen ezagutzera estrainekoz, Elgoibarren buruturiko euskal festetan, literatur lehiaketan irabazle suertatu zen Idartzako jauna akto bakarreko antzezlanarekin, eta handik bi urtetara, akto bakarreko ere Ametz gozuak aurkeztu zuen Hernaniko ospakizunetan. Hirugarren lan ezaguna 1911.ean Bilboko gazteriak antolatu sariketan irabazle gertatu Txomin Arraio komeria izan zen; lan honek bizkaierazko aldaera ere bazuen, Ebaristo Bustintzak egina, eta Alkate ona izenburuarekin.

        1813.eko Donostiako sarraskiaren mendeurrena zela eta antolatu ekitaldien barruan Atsegea drama sariztatu zioten. Aldiz, 1915.ean, Molièreren L'Avare antzerki famatutik Dollorra moldakizuna egin zuen; drama hiru ekitaldidun honek Donostiako saria jaso zuen, eta Toribio Altzagak oholtza gainerako moldaketa egina, 8 aldiz antzeztu zuten osotara, Donostian, Tolosan, Bergaran, Irunen eta Bilbon. Antzerti aldizkarian argitara emaniko Atzetorkia, berriz, ekitaldi bakarreko jolas-txolartea lau aldiz antzeztu zen, Donostian eta Bergaran, 1916.ez geroztik, orobat Ill nai ta ill ezin ekitaldi bakarreko irri-jostailua bezala. Azkenez, eta Donostian sariturik ere, Omena hiru ekitaldiko komeria estreinatu zuen 1917.ean: «—Gezurra dirudi. —Ez da baña; jakintsu guziak orretan daude; atzetorkia gauz miragarria da. —Nola izan diteke baña? —Adi zazu: makatza txertatzen degu. —Txertatzen degu. —Gero zer dator? —Txertatzen zayon igaliaren edo frutuaren antzerako emakia. —Atzetorkia ori da. Gure eskola-maixuak dionez, gizonaren txertu jatorra plasma da. —Kataplasma esan naiko dezu? —Ez kata, ta ez katu, plasma uts-utsa baizik. Plasman txertatzen gera, ta txertua nolako dan, frutua, alako izaten da. Aita ta ama nolako, seme ta alabak, alako. —Ori, len ere bageñiakian. Aita arra, semea ere arra; ta alaba, ama bezela, emea!».

        Antzerkiaren ostean narrazio laburra izan zen Elizondoren genero hauta. Euskal Esnalea-n (1911-1929), Vida vasca-n (1911-1917) edota Euskal Erria-n idatzi zuen; lantzean behin ere, sariketetara aurkeztu lanak solte karrikaratu ziren, 1911.ean Segurako euskal jaietan, Euskalerriaren Alde-koek deitu batzaldian, lehenbiziko saria eskuratu zuen Endo irakurkizuna lana kasurako, Donostiako Martin, Mena eta besteren etxean moldaturik atera zena: «Gau erdi aldia zan. Neguko aro ekaizgarriak, mendi ta ibarrak estalita zeuzkan, ta basobideak zingiraturik. Etzan aditzen aizearen chistu mintzua ta gabontzaren noizean beingo ulua baizik, baserriko chakurren zaunkadak chandari zituztela. Orri berdiak erantzita elur zuriyez zugaitzak jantzi ziran, sortitzaren gaizgena ziruditela. Bildotzak amari bezela, maitasun samurrakin illargiyak lurrari zerrayoan orei lañukorrak aldiyan bein bitartetzen zitzaiztelarik, gaubaren bakaldunen musu zillartsua ezkutatuaz. Lo zeuden baserritarrak eguneango nekea atsedentzen; basatiak aitz zuloetan atziketakin ametsetan ta chorichuak dardaraz kabiyetan. Isiltasunaren errayak estanda eginta turmoi izugarriak bere ots dranbatsuakin zerutzuneak igitu zituan ta chimist-argi sutsuak illunpe urruña gorritu zuan. Chimistargitik sortu balitz bezela, gizakume edo ekantz galbilla ote zan antzik eman ezin zikiola, bide zidor batetik zijoan gizon bat agertu zan».

        Euskal Esnalea-n ere «Larrosa ta lauziri» ipuina agertarazi zuen 1913.ean, Zarauzko euskal festetan saritua izan zena. Olerkia ere idatzi zuen, kasurako ber aldizkarian agertu «Jesus kurutzekoari» edota «Usoa», 1912.ean argitaratuak.

 

Bilaketa